}

Nazio batuak arrain-gerran

1993/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nazio Batuetako (NB) indar bakezale batek nazioarteko uretan, arrantza-tokiak direla eta, estatuen artean sortzen diren liskarrak baretu nahi ditu. Jadanik, eta erabaki gogor baten ondorioz, EEE eta Kanadak Ipar Atlantiarrean zituzten liskarrak baretu egin dira eta Norvegiari sardinzarren arrantzan kopurua bikoizteko dituen asmoak bertan behera uzteko aholkatu zaio.

Joan den urteko udan ospatutako mundu-gailurrean, estatuetako buruzagiek nazioarteko uretako arrantza-tokiei buruzko batzorde bat antolatzea eskatu zuten. Horren ondorioz, NBetako Batzar Orokorrak datorren uztailerako dei egin die interesatu guztiei.

Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeko zientzilariek diotenez, nazioarteko uretan dauden arrantza-tokiak gehiegi ustiatzen ari dira eta zenbait stock agortzear dago.

Ipar Atlantiarreko Arrantza Tokien Erakundeak (NAFOK izenekoak) bere eremutik at dauden arrantza-tokiak ditu. EEE NAFOko partaideetako bat da, baina 1989. urteaz geroztik, Europako arrantzuntziei emandako arrantza-kuotak NAFOko beste kideei emandakoak baino handiagoak izan dira.

Honek Kanada haserrarazi egin zuen. Gainera, Kanadako Atlantiar Ozeanoko arrantza tokiek, Lurreko aberatsenetakoek, beherantz jo dute, eta ondorioz, bakailaoa harrapatzea aurten debekaturik dago.

1991. urtean NAFOk perka-arrantza debekatu zuen, baina hala eta guztiz ere, EEEk 6.000 tonako kuota onartu zuen. Gerora jakin izan dugu 10.000 tona baino gehiago harrapatu zirela.

Arazo hauek Lurreko beste arrantza-toki batzuetan ere badirenez, arestian esan bezala Nazio Batuek esku hartzea erabaki dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia