}

Musikaren hizkuntza

2001/04/23 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Giza kulturaren parte nabarmena izan arren, musikaren pertzepzioa misterio handia da oraindik. Gizakia gai da musika eta bata bestearen ondoan zoriz bildutako notak bereizteko, esaldiak nola eraiki behar diren jakiteko erabiltzen ditugun antzeko arauez baliatuz. Musikaren arauak kultura batetik bestera aldatu egiten dira eta ez dago argi zein neurritan diren ikasiak eta zein neurritan diren berezkoak, hau da, genetikoki programatuak. Kultura desberdinetako jendea bat etortzen da zerbait musika dela esateko orduan eta, horregatik, uste da lege horiek jaiotzatik daudela garunean nonbait integratuta. Ildo horretatik, Nature Neuroscience aldizkariko maiatzeko zenbakian argitaratuko den ikerketa batek hizkuntzaren lege sintaktikoak gobernatzen dituen garuneko eskualde berean kokatzen ditu musikaren legeak.

Leipzig-en dagoen Neurozientzia Kognitiboen Max Planck Institutuko ikertzaileek magnetoenzelografia (MEG) deritzon teknikaz baliatu dira.Boluntario bakoitzari musika-akorde sinpleak entzunarazten zizkioten eta tarte horretan garunaren jarduera elektrikoa neurtzen zuten. Akordeek mendebaldeko musikaren arauei jarraitzen zieten, baina batzuetan azken nota okerrekoa izaten zen. Orduan, Broca-ren arean ohiz kanpoko jarduera neurtzen zuten. Akordeak musikaren arauei jarraitzen zionean Broca-aren arean ez zen erantzunik antzematen, baina arauak apurtzean bai.

Broca-ren areak hizkuntzarekin lotutako jarduerak gobernatzen ditu, zehazki, sintaxia. Area hori erabiltzen dugu esaldi batean hitzak ordena egokian dauden identifikatzeko. Orain arte hizkuntzan oso espezializatutako areatzat hartu izan da Broca-ren area, baina funtzio gehiago bete ditzake. Max Planck Institutuko ikertzaileen arabera, Broca-ren areak eginbehar orokorrago bat du: arauei jarraitzen dieten soinuei loturiko informazio konplexua gobernatzea. Soinuok musika-notak izan daitezke edo hitzak, edo beste zerbait. Jakina da musikan aritzeak hizkuntzarako gaitasuna areagotzen duela eta, Max Planck-eko ikertzaileek ustez, mekanismo neuronal bera lantzen dutelako gertatzen da hori.

Ikerketak orain arte hizkuntzarena soilik zela uste zen area bat hain espezializatua ez dela erakutsi du. Azken helburua hizkuntzarekin erlazionatutako garuneko eskualdeek nola lan egiten duten jakitea da, hizkuntz arazoak dituztenentzat tratamenduak prestatu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia