Elhuyar zientziaren komunikazioa

Mukosetako birusak, infekzioetatik babesteko harresiaren lehen lerroan

2013/05/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

mukosetako-birusak-infekzioetatik-babesteko-harres
Fagoak, bakterio koliforme bati eraso egiten. Arg. Graham Beards/Domeinu publikoa.

Mukosetan bizi diren birusek infekzioetatik babesteko zer rol jokatzen duten ikertu dute San Diego Unibertsitateko ikertzaileek (Estatu Batuak), eta ikusi dute birusen eta bakterioen arteko elkarrekintza funtsezkoa dela immunitate-sistemarako.

Ikertzaileek PNAS aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren xehetasunak. Lan horren arabera, zenbait mukosa ikertu dituzte (anemonak, arrainak, pertsonen hortzoiak...), eta konturatu dira mukosak ingurune egokia direla fagoak hazteko, inguruan baino lau aldiz fago gehiago aurkitu baitituzte mukosetan.

Dena dela, garrantzitsuena ez da hori, baizik eta mukosarekin duten harremana. Izan ere, mukosaren jabe den organismoarekin harreman sinbiotikoa dutela frogatu dute: mukosan bizitzeko eta ugaltzeko aukera dute, eta, aldi berean, organismoa infekzioetatik babesten dute, bakterioekin duten elkarrekintzaren bitartez.

Ikertzaileek azaldu dutenez, elkarrekintza hori bi eratakoa da: batetik, infekzioak eragiten dituzten bakterioak hiltzen dituzte, eta, bestetik, bakterio onuragarrietara sartzen dira, eta beste fago batzuekiko erresistente egiten dituzte. Horrenbestez, funtzio bikoitza jokatzen dute organismoaren osasunaren zaintzan.

Ikerketa “iraultzailetzat” jo du Pennsylvaniako Unibertsitateko Frederic Bushman mikrobiologoak. “Fagoak immunologia-sistemaren zati gisa ikus daitezkeelako ideia berria eta kitzikagarria da”, esan du Nature aldizkariaren webgunean egindako adierazpenetan.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia