}

Mugarik gabeko gaixotasunak

2000/11/26 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Behi eroez asko hitz egin da azkenaldian. Eta normala da, behi eroena gizakientzat oso gaitz arriskutsua izan baitaiteke. Beraz, izan duen oihartzuna bidezkotzat jo behar. Ea ondoko gaixotasunak hain ezagunak egiten zaizkizun: Rift Valley-ko sukarra, Sukar aftosoa… ez ezta?

Animalien bidez transmititutako gaixotasunak munduko osasun-adituak kezkatzen hasi dira. Ez da harritzekoa, horrelako infekzioen berriak gero eta ugariagoak baitira. Gaixotasunak ez dira berriak, baina ohiko mugak gainditzen ari dira dagoeneko. Horren arrazoia hitz batera ekarri beharko balitz, globalizazioa aipatu beharko litzateke. Mundu gero eta txiki eta hurbilago honetan, animalien eta animalietatik ateratako produktuen salerosketa ez da dagoeneko estatu bakarretara mugatzen, nazioarteko mugimendua gero eta handiagoa da. Jakina, mugak gainditze horretan gizakien joan-etorria turismoa eta emigrazioa ere lagungarri gertatzen da gaixotasunen transmisiorako.

FAO erakundeko ordezkarien arabera "Animalien mugaz gaindiko gaixotasunak mehatxu bizia dira. Munduan ez dago gaixotasun horien aurrean arriskurik ez duen herrialderik. Gero eta globalagoa den mundu honetan gaixotasun horiek detektatzeko albaitarien ikuskaritza-sistemak behar-beharrezkoak dira". Arrisku horren inguruko adibideak ugariak dira, esate batera lehen aipatutako Yemen-eko kasua. Herrialde hartan 30 lagun hil ziren Rift Valley-ko sukarraren ondorioz, eta Yemen-ekin muga egiten duen Saudi Arabian hildakoak 33 izan ziren. Horrela lehenengoz, Rift Valley-ko gaixotasunak Afrikako muga gainditu zuen. Irailean ere, Hego Afrikan sukar aftosoa agertu zen. 700 zerritik gora hil egin behar izan zituzten eta gaixotasuna agertutako tokitik 10 kilometrora sartzeko eta irteteko debekua ezarri zuten. Orain arte, Afrika erditik behera ez zegoen gaixotasun horren berririk. Europa bera ez dago arriskutik libre, urte hasieran Bulgarian eta Italian mihi urdin kasuak agertu baitziren. Ordura arte, inguru hartan ez zen horrelakorik ezagutu.

Beraz, beldurtzeko arrazoirik ez dago, baina arriskua egon badago, beste barik. Munduan bada gai horien inguruko ardura duen mundu mailako erandundea: Animalien Osasunerako Mundu Erakundea. Erakunde horrek bi talde handitan banatzen ditu animalien gaixotasunak. Talde batean, hedatzeko gaitasun handia eta, aldi berean, larriak diren gaixotasunak sartzen ditu. Gaixotasun horiek, osasunaren eta sozioekonomiaren ikuspegitik, garrantzizkoak dira. Beste taldean, hedatzeko gaitasun txikiago duten gaixotasunak sartzen ditu. Talde bietako gaizxotasunak asko diren arren(100dik gora), batzuk azpimarragarriak dira:

  • Sukar aftosoa: oso erraz transmititzen denez, galera ekonomiko handiak eragiten ditu. Animalia helduei ez die oso gogor eragiten, baina gazteen artean heriotza tasa oso handia izan ohi da. Behiak, ardiak, txerriak... kutsa ditzake. Birusak transmisio bide ugari ditu, eta Asiako, Afrikako, Ekialde Hurbileko eta Hego Amerikako hainbat eskualdetan endemikoa da.
  • Behi-izurritea: Gaixotasun honek heriotza ugari sortzen ditu eta eragin handia du elikagaietan.
    Behiez gain, txerriek, ardiek eta hainbat animalia basatik harrapa dezakete gaitza. Gaixotasuna sendatzeko tratamendurik ez dago, baina txertoa badagoenez, behi-izurritea erauzreko mundu mailako programaren arabera, 2010.urterako desagertu egingo da.
  • Dermatosi nodularra: Afrikako mendebaldean eta Egipton agertzen da gehienbat. Sortzen denean heriotza ugari sorrarazten ditu eta esne-ekoizpenean oso eragin larria izaten du. Eulien eta eltxoen bidez transititzen da, baina ez dago gaixotasun hau transmitizen duen intsektu jakinik. 1989. urtean Israelen ere antzeman zen gaixotasuna. Infektatutako animalia guztiak hil zituzten.
  • Rift Valley-ko sukarra: Era guztietako animaliak (gizakia barne) kaltetu ditzake. Animalia gazte ugari hiltzen ditu eta animalia hausnarkarien artean abortu asko bere erruz gertatzen dira. Intsektuen bidez edo kontaktu zuzenagatik transmiti daiteke, batez ere infektatuta dauden animaliak manipulatzen dituzten gizakien kasuan. Lehen esan bezala Saharaz azpiko Afrikako gaitza da, baina handik kanpora ere antzeman izan da.
  • Mihi urdina:Ardiek izaten dute gehienbat, baina behiek eta beste animalia basati batzuek ere izan dezakete. Tratamendu egokirik ez dago, baina txertoa bai.
  • Afrikako txerri-izurritea: Berez, Afrikako hegoaldeko gaixotasuna da. Dena den, XX. mendean Europan eta Amerikan behin baino gehiagotan agertu izan da, Espainian ere bai. Azken agerpen garrantzitsua 1996 urtekoa da, Bolikostako txerrien laurdenak hil zituen. Hego Amerikan eta Kariben egon bazegoen, baina dagoeneko ez dago. Ez dago ez tratamendurik eta ez txertorik.
  • Txerrien ohiko izurrite edo izurrite klasikoa: Txerriei eta basurdeei baino ez die eragiten, baina gizakiak berak ere transmiti dezake. Asian, Hego Amerikan, Afrikan eta Europan aurkitu izan da. Tratamendu egokirik ez dagoenez, ifektatutako txerriak hil behar izaten da.

Konturatuko zinenez, aurreko lerroetan aipatutako gaixotasunetariko batzuk lehendik ere ezagunak dira, ez dira berriak eta, kasu batzuetan, aurre egiteko txertoa ere badago. Hala ere Animalien Osasunerako Mundu Erakundeak arriskutsuenen artean ditu. Izan ere, toki askotan eraginik izan ez dutenez, ez dgo horien gaineko kezkarik. Dena den , gauzak asko aldatzen ari dira, etra luxuzko artikuluekin batera, ezustean, beste hainbat gauza ere inportatzen dira-tartean gaixotasunak-.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia