}

Mokodun balea

2002/12/27 Elhuyar Zientzia

Argazkiko balea joan den uztailean agertu zen Japoniako hondartza batean. Bizirik atzeman zuten, baina ikertzaileak iristerako hilik zegoen. Hala ere, kontent daude, oso zaila baita horrelako baleak ikustea. Bizirik bizpahiru bider bakarrik ikusi dira.

Moko-balea indiarra da argazkiko hau, Indopacetus pacificus espeziekoa. Ikertzaile japoniarrek animaliaren hezurdura, urdaileko edukia eta DNA aztertu dituzte eta, hainbat aukera baztertu ondoren, Indopacetus pacificus espeziekoa dela ondorioztatu dute.

Moko-itxurako aho luzea duelako eta H.A. Longman-ek identifikatu zuelako 'Longman's beaked whale' ere esaten zaio. 1926an identifikatu zuen, hezurdura batetik abiatuta. Geroztik, beste hezurdura oso bat baino ez da aurkitu, 1968an, eta zati batzuk Hego Afrikan, Kenian eta Maldibetan.

Japoniako aleak 6,5 metro neurtzen ditu eta emea da, zaharra ziur asko. Ikertzaileek "ziur asko" esaten dute, oso gutxi baitakite balea horri buruz. Ez dakite zenbat neur dezaketen eta ez dakite zenbat bizi daitezkeen gehienez, ez non jaten duten eta ez zer jaten duten. Kostatik urrun bizi direla pentsatzen da, Ozeano Barean eta Indiakoan, eta, hortzen tamaina eta formagatik, txipiroiak jaten dituztela uste da.

Ez dakite hain gutxitan ikusteko arrazoia zein den ere, alegia, balea desagertzeko arriskuan dagoelako ala gizakiengandik urrun bizi delako. Argazkiko alea Kagoshima hiriko akuarioan gordeko dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia