Elhuyar zientziaren komunikazioa

Mintz biodegradagarri bat garatu dute, elikagaien bilgarri gisa erabiltzeko

EHUko Donostiako Eskola Politeknikoko BIOMAT taldeak nekazaritza eta industriako azpiproduktuetatik abiatuta garatu du

2013/09/18 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

mintz-biodegradagarri-berri-bat-garatu-dute-elikag
Biomintza hutsean termikoki zigilatua

Nekazaritza eta industria arloetako azpiproduktuetatik abiatuz, EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko BIOMAT ikerketa taldeak mintz bat garatu du, guztiz bideogradagarria eta konpostagarria, eta termozigilatzeko balio duena. Ikerketaren emaitzak Journal of Cleaner Production aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte.

Landare proteinak lehengai berriztagarriak eta oparoak dira, erraz lor daitezke nekazaritza eta industriako azpiproduktuetatik eta propietate egokiak dituzte ontzien eta bilgarrien eremuan aplikatzeko. Horrez gain, biodegradagarriak direnez, abantaila garrantzitsuak eskaintzen dituzte ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntuetatik. Ezaugarri horiek aintzat hartuta, BIOMAT ikerketa taldeak mintz berri bat ekoitzi du elikagaien bilgarri gisa erabiltzeko. Biodegradagarria eta konpostagarria izateaz gain, mintz berriak gaur egungo mintz komertzialek baino propietate hobeak ditu oxigenotik  eta argi ultramoretik babesteko.  Bestalde, ikertzaileek azpimarratzen dute mintza ezin hobeto itsasten dela azalera desberdinetan, eta termikoki zigilatu daitekeela, baita ontziratze industrian zailtzat hartzen diren azaleretan ere, esaterako, polietilentereftalatoaren kasuan (PET). Gainera, ekoitzitako biomintzaren propietate mekanikoak eta zigilatzeko aukera tenperatura baxuetan ere mantentzen dira (-20 ºC), eta ez da mintz gogor eta hauskor bihurtzen, ohiko mintz batzuekin gertatzen den bezala.

BIOMAT taldeko irakasle eta ikertzaile Pedro Guerrerok azaldu duenez, “ekoizteko prozesuan, nahiz bizitza erabilgarria bukatu ondoren, ingurumena errespetatuko duten material alternatiboen bilaketa honetan, gure ikerketen muina izan da industriaren azpiproduktuak balioztatuz material biodegradagarriak eta konpostagarriak garatzea eta produktuaren bizitza zikloari lotutako ingurumen kargak aztertzea, lehengaiak lortzen diren unetik hasi, eta, erabili ondoren, materialak desegin arte.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia