}

Maratoriak muskuluen egitura aldatzen du

1988/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela lau urte atleta batek marka polita jarri zuen: zazpi astetan 3500 km korritzea hain zuzen ere. Tarte horretan ikerlari-talde batek korrikalariaren funtzio korporalak aztertuz aritu zen. Azterketa horri esker, esfortzu fisiko luzeak eragiten dituen aldaketa muskularrei buruz datu-mordo bat bildu zen.

Atletak 46 urte zituen eta bere gazte-denboraz gero 30 km korritzen ditu egunero. Kirugilariek bere izterreko muskulu-laginak erauzi zituzten froga hasi eta bukatu ondoren. Ikerlariek laginak mikroskopio elektroniko eta optikoaren bidez aztertu dituzte: zelula-kopurua, tamaina, itxura, aktibitate kimikoa eta odol-hornikuntza.

Lasterketaren ondoren, muskuluen kalte handiegiaren arrastoak zeuden; zirkulazio lokalean izandako huts errepikatuen ondorioz sortuak hain zuzen. Ehun muskularra hil egin zen eta ehun konektiboaz ordezkatu zen. Baina ehun muskular berria birsortu egiten zen, berriztatze-prozesuaren atal bezala.

Gauzarik harrigarriena zera izan zen: lasterketa guztia bukatu zenean muskuluaren egitura nabarmenki aldatua egotea. Zuntzak txikiagoak ziren eta berauetako asko 1 motakoak ziren. Mota honetako zuntzek energia gutxiago erabiltzen dute eta astiroago uzkurtzen dira. Gainera, 2 motako zuntzetako asko (hauek oxigeno eta energia gehiago behar dute) 1 motako bihurtu edo hil egin ziren.

Fenomeno hau laborategi-baldintzen pean dauden animalietan bakarrik ikusi izan da. 2 motako zuntzek muskulutan mina sortzen duen azido laktikoa metatzen dutenez, beren ezabapenak gorputzak duen alarmaren desaktibatzea dakar.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia