}

Linux-ek 10 urte bete ditu

2001/10/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Linus Torvalds-en eskutik jaio zen Linux sistema eragilea, eta 10 urte bete ditu aurten. Microsoft-i buruhauste bat baino gehiago sortu dizkion sistema libre hau gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari da. Azken lorpena, Linux euskaratzea, Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

“386 eta 486etarako sistema eragile aske bat prestatzen ari naiz, baina ez da GNU bezain handi eta profesionala izango”. Mezu horren bidez zabaldu zuen Linus Torvalds ek Linux-en jaiotza 1991.eko abuztuaren 25ean. Orduan Helsinki-ko unibertsitateko ikasle zenak proiektu moduan landu zuen sistema eragile berri honen hasiera.

Handik hilabetera argitaratu zuen Linux-en hun edo nukleoaren 0.01 bertsioa. Sistema eragile hau boluntarioen laguntzari esker garatzen joan da urteetan Internet bidez, eta informatikaren kontzeptu berria sortu du: software librea.

Software libre honetan oinarrituta, hainbat banaketa aurki daitezke merkatuan. Sortzen lehenak sistema eragilean espezializatutako enpresak izan ziren: Red Hat, Caldera, SuSE eta Turbolinux. Pixka bat geroago, softwarearen merkatuko enpresa erraldoiek ere interesa azaldu zuten sistema eragile honekiko, eta, horrela, Oracle eta beste enpresa batzuk ere Linux munduan sartu ziren. Gaur egun, IBM eta HP ere hasi dira merkatu honen inguruan interesa azaltzen. HPk, esaterako, bere banaketa kaleratuko duela adierazi berri du.

Kultura propioa

Baina zein da Linux-en arrakastaren sekretua? Batetik, sistema eragilearen eraginkortasuna. Linux-en egonkortasuna askotan aipatu izan da, eta urteekin hobetzen joan den kontua da. Bestetik, hardware desberdinetan lan egiteko ahalmena du, beste sistema eragile batzuek ez bezala. BeOS, Mac OS, OS/2 eta Unix-en hainbat bertsiok hardware-plataforma zehatz batzuetan bakarrik egiten dute lan, baina ez Linux-ek.

Linus Torvalds.

Askoren ustez, ordea, ez da hau Linux-en arrakastaren oinarri bakarra. Linux munduak filosofia eta kultura propioa ditu. Rob Enderle analistak duela gutxi esan zuen bezala, “Linux Windows-en aurrez aurreko eskaintza kontrakulturala izan zen. Apple-ek zeregin hori betetzeari utzi zionean, norbaitek bete behar zuen hutsunea”. Esate baterako, aurten ospatu berri dira informatika-munduko bi urtemuga garrantzitsu: batetik, Linux-en hamargarren urteurren hau eta, bestetik, IBM PCaren 20. urteurrena. Lehenengoa ospatzeko, barbakoa egin zuten Linux-zaleek. Bigarrena ospatzeko, berriz, gala-afaria egin zen. Horretan ere ikus daiteke informatikaren munduko bi filosofien arteko desberdintasuna.

Linux euskaraz

Sistema eragile hau geroz eta zabalduago dagoela eta, euskaratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, lehen Windows-ekin egin zuen bezala. Lehendik ere hainbat boluntario Linux euskaratzen hasiak ziren, baina Jaurlaritzaren helburua itzulpen horiek bateratu eta oinarrizko sistema eragilearen zati garrantzitsuenak euskaraz izatea da. Horregatik, Elhuyar eta UZEI ari dira orain sistema eragile honen Gnome idazmahaia euskaratzen, eta datorren urterako kalean izango da, euskaldunon eskura, Linux-en banaketa bat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia