Elhuyar zientziaren komunikazioa

Irati Markuerkiaga Olabe Erresonantzia magnetiko bidezko irudigintzan ikertzaile

“Lanean, ikasitakoa erabiltzeko aukera izatea gustatuko litzaidake”

2017/04/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lanean-ikasitakoa-erabiltzeko-aukera-izatea-gustat
Arg. Irati Markuerkiaga Olabe

Herbeheretara deitu behar izan dugu Irati Markuerkiaga Olaberekin hitz egiteko. Izan ere, hango unibertsitate batean, Radboud Unibertsitatean, dabil tesia egiten. Ikerketan buru-belarri murgilduta badago ere, gaztetan ez omen zuen uste ikertzaile izango zenik: "Nire inguruko eredua ingeniariek eta kooperatibistek osatzen zuten, eta horretan ikusten nuen nire burua", aitortu du Markuerkiagak. Edonola ere, pozik dago egindako aukerarengatik.

Berez, ingeniari izateko ikasten hasi zen. "Goi Ingeniaritza ikasten ari nintzela, ikusi nuen hautazko ikasgaietako bat Teknika Biomedikoak zirela, eta hura aukeratu nuen. Orduan ikasi nuen pixka bat zer zen erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza (MRI, ingelesez). Gero udako praktikak egin zituen CIC Biomagunen, erresonantziako teknikari lanetan, eta han jarraitu zuen lanean, zirt edo zart egitea iritsi zitzaion unera arte: "Edo doktoretza egiten nuen eta arloan jarraitzen nuen; edo arloz aldatzen nuen. Bestela ikusten nuen nire ibilbide profesionala mugatuta geratuko zela". Eta doktoretza egitea erabaki zuen.

Orain, neuroirudigintzaren arloan dabil tesia egiten, Radboud Unibertsitateko Donders Zentroan. Dioenez, benetan gustura joaten da lanera, bai zentroaren kalitateagatik (oso da ona arlo horretan) bai giroagatik, zeharo atsegina baita.

Alde horretatik, Markuerkiagak uste du zuzendaritzak hartutako erabakiek asko laguntzen dutela horretan. "Adibidez, zentruan hamar ikerketa talde daude, baina bulegoetan, taldeka egon beharrean, nahastuta gaude; eta taldeburu guztien bulegoak ere korridore berean daude". Neurri horiek guztiek elkarlana bultzatzea eta taldeek jarrera territorialak izatea ekiditea dute helburu. Neurrien  alde txar bat ere aipatu du, hala ere: "Hasieran bereziki, zure arloko zalantza bat baduzu, ezin diozu ondokoari galdetu".  

Garunak informazioa nola prozesatzen duen ulertzea helburu

Markuerkiagak asko eskertzen du giro on hori, bestela, garatzen ari den proiektua oso pertsonala baita. Zehaztu duenez, zentruko talde gehienak neurozientzialarienak dira, eta bakoitzak lantzen du gai bat: arreta, afektibotasuna, memoria, hizkuntza… Talde horien aldamenean, neurozientzietan erabiltzeko metodo berriak garatzen dituzten bi talde daude: bat, irudigintza estatitistikoan dabilena, eta, bestea, irudi bidezko erresenontzia magnetikoan. Bera bigarren horretan dago.

Horrela laburtu du euren egitekoa: “MRI-a aplikazio anitzetarako erabil daitekeen teknika bat da, eta ehunen arteko kontraste oso ona lortzen da. Baina nahiko teknika geldoa da eta lortzen diren emaitzak, orokorrean, ez dira kuantitatiboak. Hau kontuan izanik, gure taldeak hiru helburu nagusi ditu:  irudiak azkarrago edo bereizmen handiagoarekin lortzeko metodoak garatzea, burmuineko ehunen ezaugarri magnetikoen irudi kuantitatiboak lortzea, eta bereizmen handiko erresonantzia magnetiko funtzionala egiteko metodoak garatzea“.

Markuerkiagak kortexarekin egiten du lana, garunaren azalarekin: “Batazbeste, hiru milimetroko zabalera  du, eta sei azpigeruzetan banatuta dago”. Dioenez, neurozientzialariek egun darabiltzaten bereizmen estandarrekin, zerbaite egitean kortexeko zer atal aktibatzen diren neur dezakete, baina ez zer azpigeruza den gehien aktibatzen dena atal bakoitzean. Informazio gehigarri hori izateak atalen arteko elkarrekintza hobeto ulertzeko aukera emango luke. Horrek, berriz, garunean informazioa nola prozesatzen den hobeto ezagutzea ekarriko luke.

Hori lortu nahian dabil, beraz, Markuerkiaga: “Nire helburua da bereizmen handiko erresontzaia magnetiko funtzionalaren seinalearen ezaugarriak aztertu eta metodo bat garatzea, neurotzientzialariak gai izan daitezen jakiteko zer elkarrekintza dauden atalen artean”.

Tesia amaitutakoan Euskal Herrira bueltatu nahi du, eta han ikasitakoa, neurri batean behintzat, erabiliko duen lan batean aritzea gustatuko litzaioke.

 

Irati Markuerkiaga Olabe

Irati Markuerkiaga Olabe Markina-Xemeinen jaio zen, 1983an. Mondragon Unibertsitatean telekomunikazioetan ingeniaritza teknikoa ikasi zuen (2005), eta Stuttgarteko Unibertsitatean goi ingenniaritza elektroteknikan, seinaleen prozesamenduan (2008. Europar Batzordean urtebete lanean eman eta gero, Euskal Herrira itzuli zen, CICbiomagunen lan egin eta ingeniaritza biomedikoan Nafarroako Unibertsitate Publikoan master bat egitera (2013). 2013tik bereizmen handiko erresonantzia funtzionalean tesia egiten ari da Donders Zentruan, Herbeheretan.

0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia