Elhuyar zientziaren komunikazioa

Kirola egin? jakina! Baina txikiek neurri txikian

1999/05/09 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Haurrek eta gaztetxoek berezkoa dute euren indarra, trebetasuna, abiadura, erresistentzia eta abar beste batzuekin alderatu beharra. Jolasak —eta kirola batez ere—haurrak eta gaztetxoak egoera fisiko egokira hel daitezen bide naturala dira. Hala ere, gazteenengan gero eta maizago, lehia-kirola bultzatzen da. Horrek baditu bere alde onak, baina baita txarrak ere. Gakoa neurrian dago.

Kirola jolasa da

Kirolaren helburua lehian jartzen denean, eta lehiaren helburua garaipenean jartzen denean, kirolaren bidez gara zitezkeen jolas naturalak ez-natural bihurtzen dira. Izan ere, erabateko errendimendua lortu nahi bada, entrenamendu-saioei denbora eskaini behar zaie, sarritan gehiegizko denbora. Kirolean aurrera egiteko, gaur egun gaztetxoek entrenamendu luzeak eta gogorrak egiten dituzte. Hala ere, bereiztu beharra dago. Badira —bere izaeragatik— jarduera ugari eta desberdinak lantzera behartzen duten kirol batzuk, hau da, berariazko entrenamendurik behar ez dutenak. Beste kirol-mota batzuek, ordea, entrenamendu egokituak eta zehatzak behar izaten dituzte, txiki-txikitatik trebetasun bat edo bestea lantzea beharrezkoa izaten baita. Horrela egin ezean, ez da emaitza onik lortzen. Segidanaipatuko dugun hainbat arrazoi medio, entrenamendu zehatz horiek nekez izan dezakete justifikaziorik, ez garapen fisikoaren aldetik eta ez hezkuntzaren ikuspegitik begiratuta.

Adin txikietan lehia-kirolak, entrenamendu-saioetan zein lehia-garaian, sarritan tentsiko fisiko eta psikikoak eragiten ditu. Adin txiki horietan, lehia-kirolak ez ditu errendimendu muga fisikoak bakarrik; elkarbizitza-arazoak eta ondorio psikikoak ere izan ditzake. Izan ere, kontuan hartzekoa da horrelako kirol-lehiaketak helduek antolatzen dituztela, eta horrelakoetan jeneralean ez da harremanetarako eta aisialdirako tarterik uzten.

Entrenamenduaren edukiek eta metodoek haurrari egokitutakoak izan behar dute, eta prestakuntza fisikoak orokorra izan behar du, espezializazioari lehentasunik eman gabe. Espezializazioa etortzekotan gero etorriko da, haurra edo gaztetxoa gazte bihurtu eta horrela erabakitzen duenean.

Hainbat kalte

Gero eta nabariagoa da lehia-kirolean aritutako haurrek gero eta lesio gehiago izaten dituztela. Izan ere, haurren ehunetan —garatu gabe egoten direnez eta hazkuntza-prozesuaren beraren ondorioz— mikrotraumatismo ugari sortzen dira. Gehienetan lesio horien errua gehiegizko entrenamenduak izaten du. Entrenatzaile profesional eta trebatuek badakite hazkunde-garaian entrenamenduaren intentsitatea moteldu egin behar izaten dela eta konpentsazio-ariketak ere beharrezkoak direla.

Lesioez gain, gehiegizko entrenamenduak baditu beste ondorio batzuk ere, behar bada larriagoak izan daitezkeenak. Kirola egoki eginez gero, jakinekoa da hazkuntza fisiko normalarentzat lagungarria dela. Karga fisikoa gehiegizkoa denean, berriz, eskeletoarentzat kaltegarri izan daiteke eta hazkuntza normala anormal bihur daiteke. Hala ere, horri buruzko segurtasunik ez dago, dauden datuak oso gutxi direlako, bakarren bat badagoen arren. Esate baterako, ezaguna da pisu-altxaketan aritutako haurrek edo gaztetxoek arterietako presio izugarri altua izaten dutela. Kontuan izan beharko lukete haurrak harri-jasotzeko lanetan dauzkatenek, adibidez.

Heldutasun-urratsetarako, haurren tentsio psikologikoarentzat, haurren aisialdi-beharrentzat tokirik ez duten entrenamendu-saioen eta lehia-kirolen ondorioz sor daitezkeen kalteei buruz gehiago hitz egitea badago, baina gaia bere onetik ateratzea ere ez da komeni. Neurrian, gustura, gogoz eta jolas moduan egiten bada, kirola ez da txarra umeentzat. Lagun egiten, ondo pasatzen, eta hazkuntza egokia izaten lagun dezake.

Aholkuak

Beraz, kirola baztertzerik ez dagoelako, hona hemen Nazioarteko Kirol Medikuntzako Federazioak umeen eta gaztetxoen kirol-asmoekiko eman dituen aholkuak:

  1. Lehia-kirolean hasi aurretik, haur guztiei medikuaren azterketa sakona egin behar zaie. Horrela, alde batetik lehia-kirolean hasten diren haurrek ez dutela osasun-arazorik jakin ahal izango da; bestetik, medikuak haur bakoitzarentzat kirol egokiari buruzko eta entrenamendu-saio egokiei buruzko aholkuak eman ahal izango ditu. Hasierako azterketaz gain, noizbehinka egin beharreko azterketei epeak jartzea komeni da, gehiegizko entrenamenduaren ondoriorik ba ote dagoen ikusteko.
  2. Kirol-lanaz gain, entrenatzaileak erantzukizun pedagogikoa ere badu. Horregatik umeen garapenarekin zerikusia duten arazo biologiko, fisiko eta sozialak ezagutu behar ditu.
  3. Entrenatzaileak ume bakoitzaren gorabeherak ezagutu behar ditu, bakoitzaren gaitasunak kontuan hartu eta bakoitzari aukera egokienak eskaini. Umearen garapen orokorra entrenamenduaren eta lehiaren gainetik dago.
  4. Entrenamenduari izaera pedagogikoa ematen bazaio, umearen garapenarentzat ona izango da. Entrenamendua errendimenduan oinarritzen bada, osasun- eta garapen-arrazoiak medio, ez du balio. Gazteentzat ere balio du azken aholku honek.
  5. Umeek kirol askotan hartu behar dute parte, horrela gustukoena, euren izaera, interes eta ezaugarrietara ondoen egokitzen dena aukeratu ahal izango dute. Horrela egiten denean, arrakasta handiagoa izaten da eta porrot-sentsaziorik ez da izaten.
  6. Kontaktu fisikoa dagoen kiroletan umeak ez dira adinka sailaktu behar; heldutasunari, gorputzaren tamainari, trebetasunari eta sexuari egin behar zaiei jaramon.
  7. Lehia-saioen arauek eta iraupenek umeen adinerako egokiak izan behar dute; entrenamendu-saioek, berriz, laburrak eta ondo antolatuak. Ondo planifikatutako entrenamenduak, jardueraren optimizazioa lortzeaz gain, lesio-arriskua murrizten du.
  8. Pisu-altxaketa eta halterofilia —gurean harri-jasotzea— ez dira gomendagarriak eskeletoa hazi arte.
  9. Iraupen luzeko lasterketak umeentzat txarrak dira.

7Kn argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia