}

Kirol-zapatilak eta itsas korronteak

1993/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kirol-zapatilek zerikusirik ba al dute, bada, itsas korronteekin, izenburuak adierazi nahi duen bezala? Ezezkotan baldin bazaude, irakur ezazu ondorengo berria.

1990eko maiatzean untzi batek Alaskako penintsulatik 800 km hegoekialderantz izandako istripu batean 80.000 Nike zapatila galdu ziren itsasoan. Handik sei hilabetera British Columbia, Washington eta Oregon-go hondartzetan azaltzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka. Horren berri izan zutenean, Seattle-ko (Washingtongo) “US National Oceanic and Atmospheric Administration” erakundeko Curtis Ebbesmeyer eta James Ingraham berehala konturatu ziren aukera paregabea galtzen ari zirela: itsas korronteak aztertzeko aukera, hain zuzen.

B. Martin

Adituen ustez, eta beraiek egindako ordenadore bidezko eredu baten arabera, zapatilek ekialderantz egin eta Vancouver-en agertu beharko zuketen, baina ez omen da horrela gertatu. Zapatilek beheragoko bidaia egin ondoren hasi dira gorago Vancouver inguruetan agertzen.

Gertakari honek bertako itsas korronteen berri eman die eta horrela, ereduaren eta errealitatean gertatu denaren arteko diferentzia non dagoen ikusi ahal izan dute. Dirudienez, ditxosozko zapatilak Hawaiin agertzen hasi omen dira eta, beraz, ikertzen segitzeko asmoa dute. Beste urte-pare bat flotatzen jarraituz gero, Japonia eta Asiako beste lurralde batzuetara ere heltzea espero dute; Ozeano Barea alderik alde zeharkatzea, alajaina! Ikerketa osatu ahal izateko, horrelako zapatilarik aurkitzen duen edonork berri eman dezaten eskatu dute ikerlariek.

Badakizu, irakurle estimatu horrek: gure kostaldean paseatzen ari zarela eta zapatilaren bat topatuz gero, ez geratu bigarrena heldu eta parea osatu zain. Utzi ideia zeurekoi horiek alde batera eta jar zaitez lehenbailehen aipatu ditugun ikerlariekin harremanetan. Dudarik gabe, Elkanoren bidaia errepikatu nahi izan duen zapatila ausarta izango da!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia