}

Kaspasak zirrosia sendatzeko

2001/10/31 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Aurkikuntza berri batek gibeleko zirrosia osatzeko tratamendua diseinatzen lagunduko du. Toxina ugari hartuta ere, zirrosia garatzen ez duten sagu transgenikoak lortu dituzte, eta, oraingoan, gizakion gibel gaixotuak sendatzeko balioko duen esperantzaz dihardute lanean.

Gehiegizko alkoholak eta beste hainbat toxinak gibelean zirrosia eragiten dute epe ez oso luzean. Infekzio batek edo toxinek gibela gaixotzen dutenean, eragindako kaltea konpontzearren muskulu-zelulen hazkuntza aktibatzen da. Gibelean eragindako kaltea kronikoa bada, gehiegizko hazkuntza eragiten da, eta, denboraz, odol-hodia blokeatzen duen orbaina sortzen da. Egoera horretan, gibelak ez du behar adina elikagai jasotzen, eta horrek zelulen heriotza ekar lezake.

Hala ere, Kaliforniako Unibertsitateko ikerlariek proteina mezulari batek prozesu horretan zeresan handia izan zezakeela susmatu zuten, eta horren funtzioa ezagutzeko lanean jarri ziren. Antza, C/EBPB izeneko proteinak, fosforo-taldea batzen zaionean, kaspasak aktibatzeko gaitasuna eskuratzen du. Kaspasek gibeleko zelulen sorrera kontrolatzen dute, eta C/EBPBak aktibatzen dituztenean, zelulak bikoizteari utziko dio gibelak. C/EBPBari fosforoa batzen zaionean, ordea, zelulak sortzeari ekingo dio berriz, kaspasak aktibatzeko ahalmena galduko baitu.

Hori jakitean, ikertzaileek saguei C/EBPB proteina arruntaren genearen ordez fosforo-taldea batu ezin duen C/EBPB jarri diete. Sagu transgeniko horiek toxina arriskutsuak hartuta ere ez dute zirrosia garatu; bai, ordea, sagu arruntek. Oraingoan, eraldatutako proteina hori gizakiokin erabiltzerik ba ote dagoen ikertzen ari dira, zirrosia sendatzeko baliogarri izan daitekeelakoan.

Dena den, biologoak gehien harritu dituena C/EBPB proteinak duen funtzio-aniztasuna izan da, orain arte ADNaren transkripzioaren erregulazioan parte hartzen zuen proteina gisa ezagutzen baitzen. Ez da arrunta izaten proteina bakar batek horren zeregin desberdinak bete behar izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia