}

Kablerik gabe Internetera konektatuta

2002/06/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordenagailu eramangarrien merkatua zabaltzen ari da. Baina zertarako erosi ordenagailu eramangarria Internetera konektatzeko etxeko edo lantokiko bulegoan jarrita egon behar badugu? Wireless area sistemari esker arazo hori gaindituta dago, eta Euskal Herrian gainditzen lehena EHUko Donostiako Informatika Fakultatea izan da.

Donostiako Informatika Fakultateko ikasleek, jada ez dute liburutegian edo laborategian sartu eta ordenagailu eramangarria entxufatu beharrik Interneten nabigatu ahal izateko. Nahikoa dute fakultatean bertan txartel bat eskuratzea konektatu ahal izateko. Horrela, eguraldi onak baliatuz, fakultateko belardian bertan lan egin dezakete lasai-lasai. Eta hori guztia fakultateak eta fakultateko Informatika Zerbitzuak (CIDIR) abian jarritako proiektuari esker. Proiektu pilotua da.

Wireless area sistema

J. Mendiburu Garaiar

Proiektuaren zuzendari Pello Sanchez-en hitzetan, “telefono mugikorren sistemaren oso antzekoa da. Hainbat tokitan atzipen-puntuak instalatzen dira eta, oztoporik ez dagoen lekuan, 150 metroko erradiorako balio dute. Oztopoen arabera, eremu hori murriztu egiten da”.

Ordenagailutik atzipen-puntura doan informazioa irrati-frekuentzia bidez transmititzen da, eta atzipen-puntu bakoitza datu-sarera kable bidez konektatuta dago, ordenagailu bat gehiago bailitzan. Oraingoz, Informatika Fakultatean hiru atzipen-puntu daude; fakultateko sarrera, liburutegia eta ikasgelak dauden Barriola eraikuntza. Horrela, fakultateko sarreran, kafetegian, liburutegian, 24 ordutan zabalik dagoen ikasgelan eta fakultate kanpoko zenbait puntutan dago sistemaz baliatzeko aukera.

Atzipen-puntu bakoitzak 68.000 pezeta balio du, eta segundoko 11 Mb transmiti ditzake. 11 megabit horiek konektatuta dauden erabiltzaileen artean banatzen dira eta, beraz, atzipen-puntura zenbat eta erabiltzaile gehiago konektatu, orduan eta geldoago ibiliko da. Atzipen-puntu bakoitzera hamar erabiltzaile konektatzea gomendatzen da, baina atzipen-puntuak gehituta gaindi daitezke muga horiek.

Ordenagailu eramangarria atzipen-puntura konektatzeko, esan bezala, ordenagailuan txartel bat sartzen da. Txartel bakoitzak 28.000 pezeta balio du. Pello Sanchez-ek zehaztu duenez, “lehen aldiz erabiltzean, bakarrik instalatzen den CD-Rom-a prestatzen diegu”. Hortik aurrera nahikoa da txartela sartzea.

Teknologiaren izena 802.11 b da, eta 802.3 Ethernet motako sare lokalen komunikazio estandarraren bariazio bat da. Bariazio horrek sare lokal batean haririk gabe lan egitea ahalbidetzen du.

802.11 a teknologia ere jadanik garatuta dago, baina oraindik ez da erabiltzen, lizentzien banaketa ez baitago egina. Sistema hori askoz azkarrago ibiliko da: 11 Mbs ko abiaduratik 50 Mbs-kora pasatuko da, hain zuzen ere.

Erabilera bat baino gehiagoko sistema

Pello Sanchez ordenagailu eramangarri batean Internetera konektatzeko txartela sartzen.
J. Mendiburu Garaiar

Proiektu pilotua ikasleei zuzenduta dago oraingoz, baina beste erabilera batzuk ere izan ditzakeela dio Pello Sanchez-ek. “Adibidez, ia eraikuntza guztietan dago Internetera kable bidez konektatzeko aukera, baina ez guztietan. Gainera, ordenagailua jarri nahi den lekutik gertu hartunerik ez badago, sistema erosoa izan daiteke.

Bestalde, lanak direla medio denbora batez Interneterako kable bidezko konexioa moztuz gero ere, eragozpenak gutxitzen lagunduko du. Azkenik, hitzaldiak ematera etortzen diren kanpoko irakasleentzat ere zerbitzu bat gehiago izango da. Beren ordenagailutik, txartela sartu eta inongo oztoporik gabe erabili ahal izango dute beren posta, adibidez”.

Pello Sanchez-en arabera, oraindik goiz da zein erantzun izango duen esateko, eta zerbitzuaren berri ahoz aho zabaldu arte itxaron behar da. Dena dela, badaki ikasle guztiek ez dutela ordenagailu eramangarri bat eta, beraz, zerbitzu horren beharra neurtu egin behar dela. Zerbitzua hedatu behar dela ikusiz gero, fakultateko beste eraikuntzetara zabalduko da eta fakultateko lorategiak ere estalduraren barruan egongo dira. Oraingoz sei txartel daude fakultatean, eta bi edo hiru egon ohi dira okupatuta.

Europa-mailan, berriz, arrakasta lortzen ari den sistema da. Azken zenbaketan, Europan 40.000 atzipen-puntu kontatu ziren eta 2005erako 90.000 puntu egotea espero da. Gehienbat liburutegietan, museoetan, kultur-geletan, aireportuetan, ostatu, etab.-etan zabaltzen ari da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia