}

Jupiterreko ekaitzak Cassiniren eskutik

2001/01/02 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Cassini espazio ontziak ikusezina ikusgai egin du. Jupiterreko ekaitzek egunez egun izaten dituzten aldaketak ezagutzeko bidea eman du eta planetaren ingurune magnetikoak igorritako hotsak jaso ditu.

NASAk Jupiter planeta aztertzeko bidali zituen espaziora Cassini eta Galileo zundak. Galileo 1995az gero dabil orbitan Jupiterren inguruan. Cassinik urtarrilaren 1ean lortu zuen planeta hurbiletik aztertzea.

Aztergaiak asko dira baina esanguratsuenak ekaitzak eta eremu magnetikoari dagozkionak. Jupiterreko ekaitzak Lurra baino handiagoak izan daitezke eta ehunka urte iraun ditzakete. Cassinik jasotako irudiek aditzera eman dute ekaitz handiek ekaitz txikiagoak irentsiz irabazten dutela energia. Kaliforniako Teknologia Institutuko Igersoll doktorearen arabera "behaketa horiek oso baliagarriak izan daitezke Lurraren atmosfera hobeto ulertzeko". Bestalde, Jupiterren eguraldia zergatik den hain egonkorra jakin nahi dute ikerlariek.

Cassinik eta Galileok Jupiterren magnetosferaren aldakortasunaren zantzuak ere igorri dituzte Lurrera. Alde batetik, Eguzki-haizeak eta Jupiterren magnetosferak talka egiten duten eskualdean sortutako irrati emisioak detektatzea lortu da. Bestetik, Cassiniren instrumentu berezi bati esker, magnetosfera osoaren irudiak eraiki ahal izan dira, orain arte ezinezkoa zena.

Jupiterren egiteko zituenak egin ditu Cassinik. Informazioa Lurrean da ikerlariek azter dezaten eta zunda, berriz, Saturnorako bidean. 2004an iritsiko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia