}

Izotz Aroko sukaldariak

2004/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 22.000 urte gizon-emakumeek garagarra eta garia ehotzen zituztela ondorioztatu dute zientzialariek.

Duela 22.000 urte gizon-emakumeek garagarra eta garia ehotzen zituztela ondorioztatu dute zientzialariek, Israelen aurkitutako harri baten almidoi-aztarnak aztertuta.

Zerealen laborantzaren orain arteko aztarna zaharrenak duela 12.000 urtekoak dira, eta Ekialde Hurbilean aurkitu zituzten. Alabaina, ez zuten arrastorik aurkitzen zereal-aleak noiz eta nola erabiltzen zituzten jakiteko.

Israelgo harri hori Galileako itsasbazterrean zegoen, Goi Paleolitoko jalkinen azpian, eta argi ikusten da garia eta garagarra eho zituztela elikagaia hobeto aprobetxatzeko. Zereal horien laborantza ez zen hasi 10.000 urte geroagora arte; bitartean, ordea, gai ziren naturak ematen zienari etekina ateratzeko. Zientzialarien ustez, gainera, litekeena da zerealen irina egosi izana.

Antza denez, ikerketa oso baliagarria izan da garai hartako gizakien portaera eta ohiturak ulertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia