}

Itsas azpian lanean

1993/10/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Presio handiak, tenperatura baxuak, gazitasuna, ur-korronte bortitzak eta iluntasuna dira itsas hondoan aritzeko zailtasunik nabarienak. Arazo hauei aurre egiteko teknologi garapena da dagoen bide bakarrenetakoa. Gai honi buruz jendearen interesa areagotu egin zen 1985. urteaz gero; Titanic itsasuntzia aurkitu zenez gero, hain zuzen. Titanic itsas mailatik 4.000 metroko sakoneran aurkitu zuten frantziar eta estatubatuarren arteko elkarlanaren bidez. Bereizmen handiko SAR sonar frantziarraz baliatuz, Atlantiar ozeanoan Paris baino hiru aldiz handiagoa den zona bat arakatu zen. Argo atoiuntzi estatubatuarrak urrutiko kontroleko telebistaren bidez aurkitu zuen untzia eta Angus itsasuntziak argazkiak atera zituen.

Itsas hondorako makineria

Geologoak itsas hondoko zolu eta mineral-meatokiez oso interesaturik daude; batez ere, metal anitzezko guneez eta duela gutxi aurkitutako korronte hidrotermalekin zerikusia duten mineral-multzoez. Demagun 6.000 metroko sakoneran dagoen itsas hondoa geologikoki arakatu nahi dela. Erreferentzi sakonera hau hartzearen arrazoia honakoa da: sakonera horretan lan egiteko balio duen tresneria itsas hondoko azaleraren % 97an erabil daiteke, hau da, Lurreko azalera guztiaren bi herenetan.

Ozeanoko zolu-zati bat arakatzeko egin behar den lehenengo gauza, zati horretako puntu desberdinen sakonerak ezagutzea da. Horretarako itsasuntzian bertan dagoen soinu-zunda erabiltzen da, eta ondoren, alboko arakaketarako sonarraren bidez itsas hondoaren topografia eta izaera, harritsua edo uniformea, zehazten da. Alboko arakaketarako sonarrak laborategi-itsasuntziaren txoparen azpian kokatzen dira normalean. Erresuma Batuko Zientzia Ozeanografikoetarako Institutuak GLORIA deituriko alboko arakaketarako sonarra diseinatu zuen. Itsasuntziak zortzi korapiloko abiadura duenean, aipatu sonarrak itsas hondoko 10.000 kilometro karratu araka ditzake egun batean. GLORIA-k itsas azpiko sumendiak eta ehundaka metroko altuerako mendixkak erraz detektatzen ditu.

Epaularda
1981. urtean aurkeztu zen Epaulard izeneko urpekuntzia. 6.000 metroko sakoneran 12 ordutan itsas hondoko 15 km araka ditzake. Mediterranioan, Atlantiarrean eta Barean milioika argazki atera ditu.

Detekzio zehatzagoak egiteko, metro bateko bereizmenaz adibidez, IFREMER institutu frantziarrak SAR deitu sonarra garatu zuen. Sonar honek 1,2 kilometroko zabalera duen lur-zerrenda 2 korapiloko abiaduran arakatzen du, hau da, egunean 100 kilometro karratuko azalera. Sonarra daraman untzia atoia da eta itsas hondotik oso hurbil nabigatzen du, horrela metro gutxiko objektuak detekta daitezkeelarik. Sonarretako informazioa datu-prozesatzaileen bidez mosaiko-mapa bihurtzen da.

Geologi arakaketan eman beharreko hurrengo urratsa, itsas hondotik hamar metrora, gutxi gora-behera, kokaturik dauden telebista edo argazki-kamera batez hartutako irudiak ikertzea izango litzateke, horrela lortzen den bereizmena zentimetro batekoa izan daitekeelarik. Kamerak hainbat kilometroko luzera duen kable baten amaieran kokaturik daudenez, haien erabilgarritasuna dexente mugatzen da. Horretarako, sakonera-untzi independente eta tripulaziorik gabekoak abantaila gehiago eskainiko luke. Aipatu untzi-mota badago eta Epaulard deitzen da. Ahalmen handiko argazki-kamera du, urrutiko kontrolaz higitzen da eta erabaki errazak, oztopoak saihestea adibidez, har ditzake.

Aurreko lerroetan aipatu arakaketa-sistemak motelak badira ere (egunean gutxi gora-behera kilometro karratu bat araka baitezakete), eguneko 24 orduetan funtzionatzeko gai dira, eta, beraz, kasu askotan ekonomikoki untzi tripulatuak baino interesgarriagoak izan daitezke. Untzi tripulatuak, itsas hondoak gora-behera handiak dituenean edo itsas azpian lan egin behar denean, dira batez ere, interesgarriak.

Alboko arakaketarako sonarra
GLORIA II, ahalmen handiko sonar britaniarra.

6.000 metroko sakoneran lan egin dezaketen untzi tripulatuetako bat IFREMER-en Nautile da. 1985. urteaz geroztik martxan ari da eta tripulazioa hiru pertsonek osatzen dute. Nautile arina da, hots, 18 tonakoa, untzi txiki batek zuzen dezake eta urrutiko kontroleko bi maneiagailu ditu. Harkaitzetarako mailu zulatzaile bat, pikotxa, ur- eta hondakin-laginhartzaile bat eta kable-moztaile bat ere baditu.

Murgilariak

80.eko hamarkadaren hasieraz geroztik munduko petrolioaren laurdena plataforma kontinentaletako eremuetatik ateratzen da. Itsasoko petrolio-industriek, itsas azpian lanean aritzeko, murgilduz zein untzi tripulatuez edo urrutiko kontrolekoez, sistema berrien eboluzioa eragin dute.

GEMONOD enpresak itsas hondotik metalak ateratzeko irudian ikusten den ibilgailu auto propultsatua erabiltzen du. Ibilgailuak 6.000 m ko sakoneran lan egin dezake eta materiala gainazalera bidaltzeko tuturietatik ponpatzen du.

Murgilariek itsasoko presioa jasan behar dutenez, batez ere bi metodo erabiltzen dituzte lan egiteko: batetik, murgilketa airearekin, horrela 50 edo 60 metroko sakonerara jaitsi daitezkeelarik; eta bestetik, murgilketa gas-nahastearekin, horrela murgilariak astebete edo bi presio-bitarte jakin batean bizi daitezkeelarik. Azken hauek 200 edo 300 metroko sakoneraraino heltzen dira. Orain arte lortutako errekorra 1977. urtekoa da. Murgilari bat 501 metroko sakoneraraino jaitsi zen.

Lortu nahi den sakonera zenbat eta handiagoa izan murgilketaren kostua hainbat eta handiagoa da. Murgilaria garrantzizko elementua da itsas lanetan, baina 150 m baino sakonera handiagoetan, arrisku desberdinak direla eta, oso nekez lan egin dezake.

Sistema atmosferiko tripulatuetan, okupatzaileek presio normalean lan egiten dute untzi barnean edo presiopeko murgilari-janzkia dutelarik. Munduan 176 sistema atmosferiko tripulatu daude. Itsas azpiko untzien alorrean Saga dugu ezagunenetarikoa. Itsas azpiko untzi honek Jacques Cousteau komandantearen Argyronete itsas azpiko untziaren elementuak erabiltzen ditu, baina teknologia modernoagoarekin. Saga 600 metroraino jaitsi daiteke eta bertan 450 metroko sakoneran eta lehorretik 500 miliara lan egin dezaketen 6 murgilari eraman ditzake. Untzi honi itsas gaineko eguraldi txarrak edo izotzak ez dio eragiten eta murgildutako egitura eta ekipamenduetan lan egiteko oso egokia da.

Ur sakoneko lekuetan lan egiteko hiru aulkiko untzia desagertzear dago. Orain dela gutxi, aulki bakarreko untziak erabiltzen hasi dira, nahiz eta egoera horretan itsas azpian lan egin behar duenak arazo psikologiko larriak izateko arriskua izan. Dena den murgilariak duen abilezia eta maniobrak egiteko ahalmena, urrutiko kontrolaz gidaturiko ibilgailuetan ez dira lortu.

Urrutiko kontroleko urpekuntziak

Urpekuntzirik arruntena, eta oso erabilia gainera, bere sorgailuez baliatuz higitzen den robot baten itxurako ibilgailu txiki bat da. Ibilgailu hau itsasuntzi bati kablez lotzen zaio, kableetatik energia eta aginduak iristen zaizkiolarik.

Nautile
Bere pisua 18 tonakoa besterik ez bada ere, urpekuntzi hau ia itsas hondo guztietara jaitsi daiteke.

70.eko hamarkadaren inguruan, lehen urpekuntziak oinarrizko teknologiak probatzeko plataforma besterik ez ziren. Orduz geroztik urrutiko kontroleko 600 baino urpekuntzi gehiago eraiki da munduan. Europan azken urteotan 200 urpekuntzi baino gehiago eraiki da, batez ere, Erresuma Batuan, Alemanian, Herbehereetan, Italian, Norvegian, Suedian eta Frantzian.

Hasieran urpekuntziak murgilarien lagungarri gisa hartzen baziren ere, gaur egun zenbait lanetarako elementu independente gisa gero eta gehiago onartzen dira. Burutzen duten lanik garrantzitsuena itsas azpiko egiturak (plataformak, olioduktuak, etab.) ikuskatzea izaten da.

Zenbait proiektutan, ELIT frantziarrean adibidez, zil-kablea kendu egin nahi dute eta horren ordez, komunikazio eta kontrolerako sistema akustikoak erabili. ECA enpresaren PAP 104 mina-detektagailuak arrakasta handia izan du eta horregatik ehundaka unitate eraiki dira.

Saga-1
29 m-ko eslora duen urpekuntzi hau 1987. urtean bukatu zen Frantzian. Itsas barrenean petrolio-industriak dituen beharrei aurre egiteko diseinatu zen eta 600 m-ko sakonerara hel daiteke. Tripulazioko sei kide presio atmosferiko normalean bizi diren bitartean, sei murgilari presiopeko kabina batean instalatzen dira. Honela zenbait egunetan lan egin dezakete 450 m-ko sakonerarainoko hondoetan.

Itsas azpiko lan astunetarako urrutiko kontroleko oso ibilgailu gutxi dago prestaturik. Ibilgailu txiki batzuk tanke-itxurakoen gainean garraiatzen dira kableak eta tutueriak ikuskatzeko. Frantzia eta Erresuma Batuaren artean energia garraiatzeko Mantxako kanalean jarritako kableen eraginez lubakitzeko makina eta kable-jargailu handien garapena bultzatu zen.

Murgilariek, urpekuntziek eta robotek etorkizunean izango duten zeregina zein izango den zehatz-mehatz aurreratzea zaila bada ere, murgilariek urrutiko kontroleko sistemak gero eta gehiago erabiliko dituztela aurrikusten da. Lan garesti, erraz eta errepikakorretan urrutiko kontroleko robotek pixkanaka murgilariak ordezkatu egingo dituzte. Ur sakonetan lanaren arabera sistema mistoak beharko dira, hau da, sistema tripulatuak eta sistema automatikoak. Dena den, eremu honetan egin beharreko aurrerakuntzak, gehienetan bezala, ekonomi faktoreei lotuko zaizkie.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia