}

Irudia ate digitalean joka

2002/03/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Telebista eta zinema irudiaren erakusleiho nagusiak izanagatik ere, harrigarria da orain arte oinarrizko zein aldaketa gutxiren lekuko izan diren ikustea. Baina badirudi arlo horretan inoiz izan den aldaketarik garrantzitsuenaren garaia heldu dela; digitalizazioarena, alegia.
Irudi digitalek analogikoek baino askoz leku gutxiago hartzen dute beraz, sateliteen kapazitatea areagotu egingo da, eta gaur egungo saturazioa gainditu.

“Zinema etorkizunik gabeko asmakizuna da” esan zuen Louis Lumièrek 1895ean zinematografoa asmatu zuenean. Baina zinemak krisi ekonomiko guztiak gainditu ditu eta, aldaketa teknologikoez baliatuz, espresio artistiko garrantzitsua izatera heldu da.

Ikuspegi teknikotik begiratuta, Lumière anaiek beren lehen filmak egin zituztenetik, soinua eta kolorea dira duela gutxi arte zinemak izan dituen iraultza nagusiak. 1928. urtea izan zen soinuaren urtea eta, 1950 inguruan, telebistaren eraginez zinema aretoetara jende gutxiago hurbiltzen zela eta, kolorearen txanda izan zen. Oraingoa digitalizazioaren eta efektu berezien garaia da.

Irudi digitalaren definizioa

Irudi digitala sortzeko lehen eginbeharra modelizazioa da. Modelizazioa irudia osatzen duten elementuak, koloreak eta mugimenduak zenbaki bidez adieraztea da.

Irudi digitala deskonposatzeko errazena zeluletan zatitzea da. Zelula horiek pixel deituriko kolore bakarreko laukitxoak dira. Zenbat eta pixel txikiagoak izan, orduan eta zehatzago irudikatzen da modeloa pantailan. Irudiaren bereizmena luzera unitateari dagokion pixel-kopuruaren araberakoa da. Ondorioz, irudia puntu-kopuru jakin bat dela kontsideratzen da. Mugimendua modelizatzeko, hori osatzen duten gertaerak elementu sinpleagoez ordezkatzen dira. Errealitatea aurkezten duen mugimendua, adibidez, irudi egonkorretan zatitzen da.

Irudi naturala digitalizatzeko tresna erabiliena eskanerra da. Eskanerrak era jarraian aztertzen dituen lerroetan zatitzen du irudia. Lerro bakoitza puntuetan deskonposatzen da, hau da, pixeletan. Ondoren, pixel bakoitza “0” eta “1” ikurren segida bihurtzen da.

Zinema-aretoak, oraindik ere, amets eginarazteko gaitasuna duela erakutsi du, eta digitalizazioari esker lortutako efektu bereziek garrantzi handia izan dute horretan.

Baina eskanerra erabili beharrean, zuzenean irudi digitalak eskaintzen dituzten argazki kamerak edo bideo-kamerak ere badaude gaur egun. Aparatu horiek irudiak mementoan ikusteko, akatsak zuzentzeko eta gaizki ateratakoak ezabatzeko aukera ematen dutenez, ez da harritzekoa salmenta handiko produktuak izatea. Europan saltzen diren argazki-kameren % 8 digitalak dira.

DVD (Digital Versatile Disc) bideoek ere eskanerra bezala lan egiten dute; lehenik lerro bakoitza pixeletan zatitzen dute eta, jarraian, irudi bakoitza zenbakitan itzultzen dute. Bideo horiek ere uste baino harrera hobea izan dute merkatuan. Izan ere, kalitate hobea eta filmak jatorrizko bertsioan edo angelu desberdinetatik ikusteko aukera direla medio, nahiz eta garestiak izan, jende asko erori da erosteko tentazioan.

Moztu, gehitu, zuzendu... kopiatu eta kolatu

Erabiltzaile arruntarentzat aparatu digitalek eskaintzen dituzten aukerak erabakigarriak izan badaitezke, zer esanik ez milioika euroko aurrekontuak dituzten proiektu zinematografikoetan. Pelikularen gastua kenduta eta argiarekiko exijentzia txikiagoari esker lan-taldea nabarmen murriztuta, proiektu handiak aurrekontu txikiekin egiteko aukera ematen du kamera-digitalak. Gainera, lehen esan bezala, nahi adina aldiz graba daiteke eszena bakoitza. Ondorioz, gero eta zinemagile gehiagok egiten du kamera digitalaren aldeko apustua.

Louis Lumièrek, 1895ean zinematografoa asmatu zuenean, zera esan zuen: "Zinema etorkizun txikiko asmakizuna da".

Dena dela, aparatu digitalen abantailak grabatzeko garaian baino askoz gehiago erabiltzen dira pelikula ekoizteko faseetan, hau da, efektu bereziak sortzeko eta muntatzeko orduan. Steven Spielberg-ek 1993an Jurassic Park ekoiztu zuenetik, informatika ohiko bihurtu da zinemagintzan, besteak beste, pertsonaiak biderkatuz jendetzaren irudiak sortzeko, akatsak zuzentzeko, nahi ez diren elementuak ezabatzeko... Gainera, aizturrak eta kola albo batera utzi eta nahi bezala eta inoiz baino lasterrago egiten dira muntaiak. Testuetan egiten den bezala, pelikuletan ere irudiak kopiatu eta kolatu egiten dira eta, horrek parada ematen du muntaia desberdinak parekatu eta gustukoena aukeratzeko.

Ikuspuntu artistikotik, manipulatzeko aukerak liluratu eta, aldi berean, beldurtu egiten du, alde batetik, arte digitalaren sorrera aurreikusten delako eta, bestetik, irudiak neurri gabe manipulatuta errealitatea erraz ezkutatzeko aukera ere eskura geratzen delako.

Zinema-aretoak ez daude prest oraindik

Abantaila horiei guztiei esker, digitalizazioa begi onez ikusten da zinemagintzan, baina ez da gauza bera gertatzen zinema-aretoetan. Aretoen jabeak ez daude prest digitalizazioak eskatzen dituen ekipamenduetan inbertitzeko, nahiz eta beraientzat ere abantaila asko ekarriko lituzkeen.

Telebista digitala ikusteko ez da telebista aparatua aldatu beharrik izango.

Gaur egun, pelikula proiektatu baino lehen, kopia almazen batean atxiki behar izaten da, ondoren, zinema-aretora bertara eraman eta, azkenik, proiektagailuaren bobinetan instalatu. Gainera, proiekzio-kabinak akustikoki aislatuta egon behar du eta bi lagunek zaindu behar izaten dute proiekzioa. Ikuspuntu komertzialetik so eginda, zabaltze-lana azkar egin behar da, publikoak ez baitu gustuko denbora luzeegian zain egotea. Proiekzio-sistema horrek badu beste desabantaila bat ere: denborarekin filmak hondatu egiten dira.

Zinema digitalerako aretoak, aldiz, proiektore digital automatikoa dute. Proiektore horrek gorria, berdea eta urdina konbinatuz osatzen ditu irudiak eta proiekzio-seinale digitalei segundoen milarenekin erantzuten die. Seinaleak kable bidez, zuntz optikoen bidez, uhin hertzianoen bidez edo satelite bidez iristen dira.

Kalitateari dagokionez ere abantaila asko ditu zinema digitalak. Alde batetik, kalitate hobea eskaintzen duelako eta, bestetik, denborarekin filmak ez direlako galtzen. Kalitatea zehazteko, bereizmena, dirdira, tonalitatea eta zaratarik eza (denborarekin filmean sortzen diren marrak) hartzen dira aintzat. Bereizmen handiko proiekzio digitalak 4 milioi pixeleko fotograma, 10.000 ANSI lumeneko dizdira, mila milioi kolore eta lehen eguneko garbitasun bera bermatzen ditu egin eta sei hilabetera ere. Gainera, hasierako soinua deskodetuta helduko da zinema-aretoetara, hau da, bozgorailu bakoitzak era independentean jasoko du soinu-informazioa eta, beraz, soinuaren kalitatea ere hobetu egiten da.

Zertan da telebista digitala?

Telebistaren etorkizunari dagokionez, 1996az geroztik hainbat txosten eta ikerketa argitaratu da. Guztien ondorioa: digitalizaziorako pausoa saihestezina da. Abantailak asko izango dira: programa gehiago, zerbitzu interaktiboak, soinu- eta irudi-kalitate hobea...

Udatik aurrera eskuragarri izango dira oraingo telebista-hargailu analogikoei gehitu beharko zaizkien deskodetzaileak.

Gainera, sistema digitalak, konprimitzeko programa informatikoei esker, sistema analogikoak baino askoz espazio hertziar gutxiago hartzen du. Irudia ez da puntuka transmititzen, tonu uniformeko poligonoka baizik eta, gainera, irudi batetik bestera aldatzen den informazioa soilik transmititzen da. Ondorioz, sateliteen transmisiorako kapazitatea 8 edo 10 aldiz handitzen da.

Horrela irabazten den lekuari esker, lurreko kanal analogiko bakoitzak hartzen duen tartean 4-7 kanal digital sar daitezke, eta gaur egun dagoen saturazioa gainditu. Dena dela, digitalizazioan diharduen VICOMTech enpresako zuzendari Julian Florez-en esanean, “horrek ez du ezinbestean telebista-kanal gehiago sortzea eragingo. Izan ere, telebista-kanal asko dago, jadanik, eta falta zaiguna horiek guztiak ikusteko denbora da”.

Nola gauzatuko da, ordea, sistema analogikotik digitalerako urratsa? Gaur egun, etxeko telebista-hargailuak eta bideoko magnetoskopioak ez daude emisio digitalak jasotzeko prestaturik. Beraz, telebista-hargailu eta magnetoskopio berriak ipini beharko al ditugu?

Alde horretatik ez dela kezkatu behar dio Julian Florez-ek. “Udatik aurrera eskuragarri izango dira oraingo telebista-hargailu analogikoei gehitu beharko zaizkien deskodetzaileak. Deskodetzaile horiek gehienbat seinale digitala jaso, erakusteko baimena duela ziurtatu eta telebistari seinalea era analogikoan helarazteaz arduratuko dira. Prezioa 300-400 eurokoa (60.000 pezeta edo 2.500 libera) izango dela aurreikusten da”.

Deskodetzaile horien bidez, Internetera sartzeko aukera ere izango da eta, horrela, telebistak orain arte eskaintzen ez zituen zerbitzu ugari eskainiko ditu. Hori bai, web guneen diseinua egokitu egin beharko da, telebista ordenagailua baino urrunagotik ikusten baita.

Diseinuan era asko aldatzen ari da telebista.

Zerbitzu horiek guztiek telebista ikusteko ohiturak aldatuko dituzte eta telebista interaktiboagoa sortuko da. Esaterako, zuzenean parte hartu ahal izango da telebista programetan, futbol-partidetako jokaldiak nahi den angelutik ikusi ahal izango dira, filma jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukera egongo da, etab.

Antenari dagokionez ere ez da batere arazorik izango, informazio analogikoa eta digitala bide beretik bidaliko baitira. Hortaz, ez da antenaren norabidea aldatu beharrik izango, ezta orain dagoen instalazioa ere. Gainera, trantsizioaldian antena berak sare analogikoari eta sare digitalari dagozkion kateak jaso ahal izango ditu. Beraz, lehen fasean telebista-hargailua aldatu ahal izango da, lehengo magnetoskopio analogikoa utzita, edo alderantziz. Etxebizitza askoko blokeetan, berriz, batzuek digitalera pasatu nahiko dute, eta beste batzuek ez, baina horrek ez du arazorik sortuko.

Julian Florez-en esanean, “2011. urte arte, sistema analogikoa eta sistema digitala egongo dira sarean eta, ordutik aurrera, berriz, sistema digitala soilik”. Telebista-aparatu berrien prezioa 1.070-1.370 euro ingurukoa izango da.

ETBren digitalizazioari dagokionez, Lontxo Sainzek EITBko komunikazio-arduradunak esan digunez, “2007rako ETB erabat digitalizatuta egongo da; horretarako, 42,67 milioi euroko inbertsioa egin beharko da”.

Zinema digitalaren data garrantzitsuenak

  • 1980: Francis Ford Coppolak Coup de coeur komedia musikala egin zuen, efektuak eta trukuketak lortzeko bideo eta irudi elektronikoez baliatuz.
  • 1982: Steven Lisberg-en Tron atera zen; sintesirako irudi bidez lortutako lehen film luzea.
  • 1988: Efektu bereziak sortzeko Georges Lucas-en sozietateak irudiak beren artean urtzeko sistema informatikoa garatu zuen. Sistema hori, besteak beste, Ron Howard-en Willow (1988) eta James Cameron-en Abyss (1989) eta Terminator 2 (1991) filmetan erabili zen.
  • 1993: Steven Spielberg-ek ordenagailu bidez sortutako dinosauroetan oinarritutako Jurassic Park zuzendu zuen.
  • 1995: Toy Story , irudi sintetikoekin egindako lehen marrazki biziduna.
  • 1999: Matrix atera zen.
  • 2001: Shrek eta Vidocg egin ziren.

Telebista digitalaren teknologia

  • Zerbitzu-hornitzailea: Zerbitzu interaktiboak edo zerbitzu interaktiboei dagozkien edukiak hornitzen ditu. Adibidez, atebide ziur batetik bezeroei finantza-datuak eskaintzen dizkien bankua izan daiteke.
  • Eduki-hornitzailea: Telebista- eta irrati-edukiak hornitzen ditu. Horren adibide dira Mediapark, SogeCable (Canal C, Canal +, Cinemania...), TimeWarner (CNN) eta abar. Edukiak satelite edo kable bidez bidaltzen ditu operadorearen emisio-zentrora.
  • Aplikazioen zerbitzaria: Aplikazioak kodetzeko prestatzen ditu, emititu aurretik.
  • Emisio-zentroa: Informazioa eduki-hornitzailetik jaso eta kodetu eta emititzeko prestatzen du.
  • Enconding / Multiplexing: Bideoaren, audioaren eta zerbitzu interaktiboen informazioa kodetu eta MPEG-2 formatoko multzo bihurtzen ditu. Plataformako sarbide baldintzatzaileari esker kodetzen du informazioa. Azkenik, informazio guztia (bideoarena, audiorena eta zerbitzu interaktiboena) konbinatzen du (multiplex) MPEG multzoak bata bestearen atzetik trasmititzeko.
  • STB (Set-Top-Box): Telebistari konektatzen zaion deskodetzailea. Informazioa deskodetu eta erabiltzailearen eskubideak egiaztatzen ditu. Bestalde, MPEG-2 formatoan dagoen informazioa deskodetzen du, seinale analogiko bilakatu eta telebistari igortzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia