}

Irizar S.K.I. autobusgintzaren gailurrean

1991/11/01 Sarriegi Eskisabel, Andoni Iturria: Elhuyar aldizkaria

IRIZAR S.K.I. enpresak, 3 lantegi ditu bere produktuen fabrikaziorako. Bidaia Luzeetako edo “Hiriarteko” autobusgintzan dihardu nagusiki eta egunean 2 egitera ere iritsi ziren.

IRIZAR S.K.I. enpresak, 3 lantegi ditu bere produktuen fabrikaziorako: 2 Ormaiztegin (Elizondoko Beheko Soroan eta Lezetan) eta 1 Olaberrian Iurre auzoan. Une honetan 300 langile inguruk dihardu lantegi horietan. Lehenengo abiapuntu izan zen orgagintzako lantegi haren ehunurteurrena ere (Hasierako Beheko Sorokoarena) betea da jada eta Lezetakoak dozena bat urte ditu doi-doi.

Iurre auzoko lantegia Olaberrian.
A. Sarriegi

Bidaia Luzeetako edo “Hiriarteko” autobusgintzan dihardu nagusiki eta egunean 2 egitera ere iritsi ziren, normalean 1,6 inguru egin arren eta une honetan 1,2-1,3 inguru egitearekin konformatuz. Autobusei orain arte bertako mendi-izenak emateko usarioa izan dute: Korosti, Urepel, Urbia, etab., baina azken aldian, merkatu-zabalerak, modak eta bestek, kanpoko mendi-izenak (Everest) , ehunurteurrenaren oroigarri dena (Century) eta marketing-munduaren arlokoak ere jartzen dizkiete (Dragon, Pony, etab.). Hauek eta beste gauza asko esan zizkidan Enpresako Produkzio-Zuzendari den Pablo Mendizabal Goi-mailako Injineru J.ak.

Elhuyar:

Funtsean zer egiten du IRIZAR S.K.I. enpresak?

Pablo:

Begira, guk jostunarena egiten dugu: jantzia. Autobusaren txasisa ekarri, hartu eta jantzi. Karrozeria eta ekipamenduak jarri eta autobusa bere zerbitzurako bukatu.

Elizondoko Beheko Soroko lantegia. Hor sortu zen IRIZAR enpresa duela ehun bat urte.
A. Sarriegi

Elh.:

Zein motatako autobusei egiten diezue hori IRIZARenean?


P.:

Berez edozein marka, etxe, eredu eta tamainakori. Hala ere, praktikan, nagusiki beraiekin lan egitea suertatzen zaizkigun marka eta eredu batzuk baditugu, hala nola: Mercedes, Scania, Volvo, Man, Daf eta Pegaso, beren zenbait eredu desberdinetatik abiatu eta autobusa izateraino eramanez. Beti ere eta orain arte behintzat, ia Hiriarteko Autobusekin ihardun izan dugu, hots, bidaia luzeetako luxuzkoekin. Hirietako Hiribusen mundua beste bat da; merkeagoa eta ekipamendu urriagoak dituena, eta hor orain arte, hasiera batean salbu, ez gara ia jardun, baina etorkizunean behar bada, hor ere zerbait egin dezakegu.

Elh.:

Eta zer tankera eta itxurako autobusak ateratzen dituzue?


Lezetako fabrika Ormaiztegin.
A. Sarriegi

P.:

Ba tankera askotakoak. Adibidez, Everestek orain arte klasikoa izan den itxura du eta 50-55 jarleku aukeran, baina apurka-apurka uzten ari gara tankera hori. PONY berriz txikiagoa da, 30 jarleku ditu eta tankera ertainekoa da estiloz ere. Dragon seriea aldiz bi oineko autobus modernoa da, komun-gelatxo eta guzti 80 jarleku ingururekin. Berrienak eta ehunurtekoa ospatzeko CENTURY izena daramanak, oso lerro modernoak ditu eta ekipamenduz ere hornituena da.

Elh.:

Eta autobusez at, besterik egiten al duzue?

P.:

Bai, Olaberriko lantegian LANBORGHINIak egin ditugu. 5.167 cm3 eta gehiagoko zilindradarekin 450 Z.P. duten edozein bidetarakoak . Orain ia bukatzen ari gara serie hori.

Elh.:

Zein da zuen autobus baten prozesu osoa?

Txasisa. Hauxe da IRIZAR S.K.I.ak hartzen duena eta abiapuntu duena.
A. Sarriegi

P.:

Lehenik diseinua dator. Orain hasiak gara, lehen lerroen marrazkia diseinatzaile espezializatuei enkargatzen. Zenbait itxura eta lerroren marrazkiak jaso ondoren, bat aukeratu genuen adibidez CENTURYrentzat eta marka horretako guztiek eite beretsua izango dute. Jarraian, prototipoa egin genuen. Gero kalkuluak egin eta dimentsioak finkatu CAD/CAM sistema erabiliz. Hortik planoak zuzenean ateratzen dira fabrikaziorako eta lantegira pasatzen da zeregina.

Elh.:

Orduan, diseinua bertan egiten duzue! Ez al duzue ezer kopiatzen edo lizentzia bidez ez al zarete baliatzen?


Pintura-kabina. Karrozeria pintatu eta gero berotan lehortzen dute.
A. Sarriegi

P.:

Dena bertan diseinatzen da. Hemen ez du lizentziak eta kopiak balio. Eredu bat beste baten antzekoa izan arren, neurri etab. beti desberdina da eta kanpotik alde gutxi nabaritu arren, barrutik adibidez oso desberdina gerta liteke forma eta neurrietan. Gainera, txasis-marka bakoitzak bere baldintzak ditu eta guk bakoitzari egokitu behar diogu jantzia. Beraz, ikusitako lineak etab. gusta litezke, inportatu ere egin litezke edo buruan ekarri, baina gero zeuk prestatu behar duzu guzti hori eredu batentzat. Beraz, bertako diseinua behar du derrigorrez.

Elh.:

Zein da autobusen karrozeri eta ekipamendu-lanaren fabrikazio-prozesua?

Elektrizitate-lanak. Armairu elektrikoen muntaketa eta instalazioa.
A. Sarriegi

P.:

Autobusak beti Ormaiztegin egin izan ditugu. Txasisa hartu ondoren, Beheko Soroan (Elizondoan) egitura-osagaiak eta azpimultzoak egiten ditugu: saihetsak edo alboak, sabaiak, ateak, aurreak, atzeak, etab. Bestalde, armazoiarekin hasten dugu muntaia. Han bertan, egitura guztia armatu, soldatu, pintatu eta xafla-sailean sartzen dugu Lezetara ekarritakoan. Kanpotik eta barrutik estaltzearekin hasten gara hemen gainerako eragiketa guztiak eginez. Altzairuzko xafla, plastikoa, zura, aluminioa, etab. erabiltzen ditugu zati desberdinen estalduretarako. Aurrekaldea eta atzekaldea, poliesterrezkoak daramatzate, sabaia eta saihetsetako tapak aluminiozkoak, erdiko panelak berriz altzairuzko xafla aurrelakatuak, zorua zurezko oholkizkoa, etab.

Elh.:

Guzti horretan zer garrantzi du soldadurak?

2 oineko DRAGON ereduko autobusa lantegian azken ukituak ematen.
A. Sarriegi

P.:

Izugarria. Egitura armatzeko eta osagaiak eransteko modu bakarra da. Soldadura erdiautomatikoa erabiltzen dugu horretarako. Bestelako sistemekin ez legoke zer eginik. Egitura soldatzeko gutxienez ere 25 soldadura-ordu izango dira autobus bakoitzeko eta osagaiak eransteko ziur aski beste horrenbeste.

Beheko Soroko lantegian beraz, autobusaren kanpoko eta barruko xaflak jartzen zaizkio eta Lezetako lantegian aldiz zoruko okume-oholkiak josi ondoren, albo, goi eta beheko panel eta ataka guztiak jarri eta ibilgailua berriro ere erabat pintatu egiten da, labe beroan lehortuz.

Elh.:

Dekorazioa, jarlekuak, etab., nola segitzen du prozesuak?

Bulego teknikoa. Ormaiztegi.
Irizar

P.:

Autobusa horrela pintatu ondoren, ibilgailuaren barru aldearen estaldura egiteari ekiten zaio (zorua, alboak, eskaileraguneak, etab.) eta baita kanpokoari ere (kristalak, ispiluak, etab.). Gero, ekipo desberdinen muntaketa dator: aire egokituaren ekipoa (jada denek daramatena), ikusentzunekoak, zerbitzuak eta elektrizitatea. Armairu elektrikoak, kableaketak, etab. instalatu ondoren, ibiltzeko gauza da autobusa. Jarraian garbiketa dator, dutxa orokorra alegia, eta ez garbitzeko, baizik eta zirriztuetatik urik sartzen zaion ikusteko eta kalitate-neurria neurtzeko. Zuzenketarik egin behar bada egin eta bukaera: errotulazioa eta jarlekuak. Ekipoak frogatu, kalitate-kontrol orokorra pasa, egokitzapenik egin behar bada egin eta kalera.

Elh.:

Ekipamendu-arloan, zein ekipo dira une honetan luxuzko deitu autobus hauetan arrunt bilakatu direnak?

DRAGON ereduko 2 oineko autobusa.
A. Sarriegi

P.:

Megafonia, ikusentzunezkoak (bideoa, etab.), telefonoa ere sartzen ari da, aire egokitua udan freskura eta neguan beroa izateko, kalitateko besaulkiak (etzan eta ohe bihurtzen direnak, etab.), espazio-erabilpenaren luxua (50 jarleku izan ditzakeen autobus batean 30 jarleku eta beste zerbitzu batzuk: jangela, komuna, etab.), etab.

Elh.:

Komunen arazo hori nola konpondu da autobusetan?

P.:

Bi eratakoak daude: kimikoak eta gordailuak. Lehenengoetan prozesu kimiko bidez desegiten dira gorotzak eta usuriak. Besteetan aldiz higienikoki metatu eta gero gordailua hustu egiten da, kimikoa ere hustu beharra dagoen arren.

Elh.:

Nola aurkitzen da Enpresa hau Espainian eta Europan diseinu- eta fabrikazio-aldetik?

P.:

Estatuan, eta ez da harrokeria, autobus-eredu ederrena geuk daukagula uste dut: CENTURY . Une honetan ez du lehiakiderik. Hori bai, besteak baino garestixeagoa da, baina ezagutzen gaituenak nahiago du hala ordaintzea eta gure autobusak erostea. Orain urtebete hasi ginen eta berriena da. Ondoren dituen ereduetara jauzi handia dago. Autobus honek ohizko eskemak hautsi egin ditu.

DRAGON ereduko 2 oineko autobusaren bi xehetasun: otordutarako mahaitxoa goian eta komuna behean.
Argazkiak: Irizar

Europan berriz beste modu batera dira gauzak. Guk esportatu ere egiten dugu; nagusiki Frantzia, Belgika eta Greziara. Hor lehia gogorra dago alemaniarrekin. Bi mundu dira. Haiek irudi hobea dute nazioartean beren orain arteko produktuekin, baina askoz ere garestiagoak dira. Ona beti ordaindu egin behar bait da. Mercedes, Setra, etab. izen handiak dira eta gainera horiek autobusa dena, has eta buka berek egiten dute. Irudi ona dute, marka onak. Gu Espainiako Estatuan garestiak baina onenak bagara, haiek berdin Europan. Hala ere, Frantzian adibidez, gu beste batzuk baino garestixeagoak izanagatik, onartuagoak gara. Italian eta Ingalaterran nola sartu aztertzen ari gara. Italian burdinbideak lehia handia egiten du, luzea eta estua da eta lanak dira han sartzen.

Elh.:

Eta salmenta aldetik, nola doaz gauzak?

P.:

Bus-merkatua une honetan oso gaizki dago, errepideko guztia bezala, autoak bezala. Zifrak, duela bi urtetik, ia erdira jaitsi dira. Hemen une batean, egunean 2 autobus egitera iritsi ginen eta normalean 1,5-1,6 egiten genituen. Orain aldiz, 1,2-1,3 inguruan gabiltza. Hala ere, berriz berpiztuko da merkatua. Estatuan oso bus-flota zaharrak daude une honetan. Gainera, Golko Pertsiarreko gerrak Israel eta Greziara egin beharreko esportazioak murriztu egin zituen, baina orain berriro piztuko dira horiek eta Estatukoak ere gorantz hasi beharko du. Dena dela, lehiakideen kopuruak ere asko jaitsi dira. Hemen orain, zertxobait igotzen hasi dira zifra horiek eta ea joerak irauten duen... Bestalde, 1992tik aurrerako Europako merkatu-baldintza berrietan ikusi egin beharko dugu nola moldatzen garen.

DRAGON ereduko 2 oineko autobusaren bi xehetasun: otordutarako mahaitxoa goian eta komuna behean.
Argazkiak: Irizar

Elh.:

Zuek zer itxaro duzue arlo horretan?

P.:

Oso urte gogorrak izango direla uste dugu, baina horretarako prestatzen ari gara, lehen aipatu dizudan bezala, Italia, Ingalaterra eta gisako estatuetan sartzen saiatuz.

Hala bedi Pablo! Eskerrik asko elkarrizketa egin eta lantegia ikustean eskainitako adeitasun eta erraztasunengatik eta zuen asmo onak betez, Goierriko Enpresa sonatu honek, Europan eta munduan ere etorkizun oparoa izan dezala!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia