}

Ipar Itsasoko bakailao-kalak agortzear

1997/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eskoziako, Islandiako eta Kanadako ikertzaile batzuek eginiko azterketa baten arabera Ipar Itsasoko bakailao-kalak agortzear egon daitezke eta lehen Kanadakoei eta Islandiakoei gertatutakoa jazo dakieke aurki. Azterketa Nature aldizkari ospetsuaren otsailaren 6ko alean argitaratu da.

Ikertzaileek diotenez, bakailao-populazioaren berezko joerak kontuan hartu gabe egiten da arrantza Ipar Itsasoan. Horrela segitzekotan, aurki desagertuko omen da bertatik bakalaoa.

Ipar Itsasoko bakailaoa arrantza-presio handia pairatzen ari da, estokaren % 60 harrapatzen baita urtero. Ikertzaileek oraingo arrantza-errejimena ea eramangarria den aztertu dute eta ez dela ondorioztatu dute.

Bi faktorek baldintzatzen dute arrantza-errejimenaren eramangarritasuna: batetik, ugaltzeko gai den arrain-kopuruaren eta jaiotako arrainen arteko erlazioak eta, bestetik, arrainen hilkortasun-tasak. Hilkortasun-tasak jaiotze-tasa gainditzen duenean kalaren iraupena arrisku bizian jartzen da.

Bakailaoaren arrantzan kontu handiz hartu behar den faktorea arrainaren adina da. Bakailaoak bizitza nahikoa luzea du eta ondorioz, heldutasun sexuala lau urte izan arte ez du lortzen. Bestetik, gazte-gaztetik arrantzatzen dira bakailaoak eta egun, urtebetetik gorako arrainak sarekatzen ari dira. Ikusi denez, urtebeteko bi bakailaoetatik bat arrantzatzen da. Beraz, bakailaoen hilkortasun-tasa oso handia da eta ugaltzeko heldutasunera oso ale gutxi iristen da, jaiotakoen % 4 soilik, hain justu.

Ikertzaileek, ondorioz, arrantza-kuota murrizteko neurri gogorrak har daitezen proposatzen dute, baldin eta Ipar Itsasoko kala iraungitzea nahi ez bada.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia