}

Internet / Intranet teknologian oinarritutako Komunikazio-zerbitzaria

1998/01/01 Sagarna, Andoni - Ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Komunikazio laster eta merkeak irispidean

Internet-eko zerbitzuak edonori eskueran jartzea da Jalgiren lehenbiziko eginkizuna. Badakizu Internet-eko zerbitzuak erabiltzeko, ordenadorea, telefono-linea eta modema behar dituzula, baina tresna horiek edukitzea ez da aski Internet-en sartu ahal izateko, horretaz gainera Interneteko konexioa eskaintzen dizun hornitzaile bat behar duzu. Hainbat enpresa daude kuota baten truke zerbitzu hori eskaintzen dizutenak. Jalgi horietako bat da, baina ez beste gehienak bezalakoa, gero emango dizkizudan arrazoiengatik.

Demagun Jalgiko “harpidedun” egiten zarela. Une horretatik aurrera erabiltzaile-izena eta pasahitza izango dituzu, Jalgiko zerbitzariak ezagut zaitzan eta zerbitzu-mota desberdinak erabiltzen utz diezaizun. Zerbitzu hauetako bat erabili nahi duzunean zure ordenadoreak 055 telefonora deituko du eta Infoviaren bidez Jalgiko zerbitzariarekin egingo du konexioa. Horrela Espainiako estatuko edozein lekutatik ari bazara deia egiten, konexio-kostu berbera izango duzu: 139 pta. orduko, edo gutxiago deia egiten duzun orduaren arabera.

1. irudia. Bi lankideren arteko elkarrizketa teklatu bidez.

Harpidedun izateagatik posta-helbide bat ere izango duzu, beraz posta elektronikoa duen edonori bidal diezaizkiokezu mezuak edo testuez gain irudiak, soinua eta animazioak dituzten dokumentuak. Dokumentu gehienek minutu bat baino gutxiagoko konexioa eskatuko dute eta hartzailearen posta-kutxara une berean iritsiko dira, are dokumentu berbera munduko dozena bat leku desberdinetara bidali nahi duzunean ere. Honek esan nahi du inoiz izan duzun posta-sistemarik merkeena duzula eskutan.

Hori ez da dena, zeren gaur egun erabil ditzakezu “chat” edo teklatu bidezko elkarrizketa-sistemak, lehen aipatutako telefono-tarifa ordainduz, munduko edozein txokotan dagoen norbaitekin harremanetan egoteko. Adibidez, America On Line-ren “Instant messenger” instala dezakezu doan zure makinan, hau egin ahal izateko.

Mundu guztiko eta era guztietako nahi adina informazio esku-punttan

2.irudia. NewScientist zientzi aldizkariaren web gunea.

Interneten dagoen zerbitzurik interesgarrienetako bat World Wide Web delakoa da. Esan daiteke nahi den informazio guztia topa daitekeela bertan. Milaka eta milaka web gune daude zure ordenadorearen bidez ikus ditzakezunak. NewScientist zientzi aldizkariarena eta Smithsonian Institution-eko Natur Zientzien Museoko Botanika Sailekoa dituzu hemen adibide modura.

Jalgik berak ere badu bere web gunea noski,

http://www.jalgi.com

helbidea duena hain zuzen ere. Gune horretako orrialde nagusiak Jalgi proiektuaren bultzatzaileak aurkezten dizkigu (ikus 4. irudia):

Klaudio Harluxet Fundazioa, Ikastolen Elkartea, Euskal Kulturgintza enpresa (Zabaltzen, Elkar, etab.) Euskaldunon Egunkaria eta Elhuyar Kultur Elkartea. Hauetako bakoitzak bere burua aurkezten digu eta bere arloko zerbitzuak eskaintzen dizkigu bertan. Ate horietako bakoitzetik sartuz gero zer aurkituko duzun ulertzeko, lehenbizi Jalgirekin zer nolako harremanak izan ditzakezun agertu behar dizut.

Jalgirekin izan daitezkeen harreman-motak

3. irudia Smithsonian Institution-eko Natur Zientzien Museoko Botanika Saileko web gunea.

Jalgiren harpidedun ez den edonork ikus dezake goian aipatzen zen orri nagusi hori eta ate horietako bakoitzetik sartuko da nahi badu, berarentzat irekiak dauden txokoak ikusteko. Halako batean, ate bat zabaltzen hasi orduko, sistemak erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatuko dizkio, ate horren atzean dauden informazio eta zerbitzuak ez direlako edonorentzat, bertan sartzeko baimena dutenentzat baizik.

4. irudia. Jalgiren web gunearen orri nagusian sustatzaileen logotipoak ikus daitezke.
Hauetako bakoitza mundu txikietan sartzeko atea da.

Jalgiko harpidedun zarela? Zaude ziur kalekoentzat debekatuak dauden ate horietako batzuk zuretzat ireki egingo direna. Hemen hasten dira Jalgik beste hornitzaile batzuekiko dituen abantailak. Harpidedun zaren horrek, ez direnek baino informazio gehiago, erosketak egiteko abantaila gehiago, kontsulta zerbitzu aberatsagoak, etab. dituzu. Hori baino abantaila gehiago izan ote ditzakezu? Bai noski. Jalgiko sustatzaile bakoitzak bere kide, bezero, hornitzaile, etab.i gunearen atal batzuetara sartzeko baimena emango baitie. Horien artean baldin bazaude abantaila gehiago izango dituzu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia