}

Indukziozko sukaldeak

1999/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sukalderako sistema berriena, seguruena eta egokiena dela diote adituek. Indukziozko sukaldean jakiak prestatzea oso atsegina da. Gasezko sua edo su elektriko halogenoa baino azkarragoa eta malguagoa da, baina horrez gain prestatzen ari den jakiaren tenperatura oso ongi gradua daiteke; ia gradu zentigradu bateko gorabeherarekin, hain zuzen. Haragia erre, arrautzak frijitu edo esnea (gainezka egin gabe) irakiten eduki nahi baldin bada, indukzio-labea da horretarako tresna aproposena. Txokolatea bera ere urtu daiteke Maria bainurik gabe lapikoan zuzenean.

Dena dela, beste abantaila batzuk ere baditu indukziozko sukaldeak. Oso erraza da garbitzen eta mantentzen buruhausterik ez du ematen. Lapikoan janaria berehala berotzen da, sukaldea bera berotu gabe, eta gainera energi kontsumoa beste sukalde-motek baino txikiagoa du.

Beste sukalde-motetan janariei beroa kondukzioz heltzen zaie, baina indukziozkoetan sistema oso bestelakoa da. Ontzia bera da indukzio-korronteen bidez janariaren tenperatura igoarazten duena. Horregatik segundoan alda daiteke janariaren tenperatura. Lapikoa ukituz dagoena besterik berotzen ez delako, sukaldea bera lapiko inguruan hotz mantentzen da. Eskua erretzeko beldurrik ez dago, beraz, eta lapikoa sukalde gainetik kendu orduko automatikoki itzaltzen da. Jatetxeetarako eta pertsona askorentzako janaria prestatu behar dutenentzat indukziozko sukalde bereziak ere egiten dituzte; 28 zentimetro diametroko suak dituztenak, hain zuen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia