}

Ikerketa-lerroak

1997/07/01 Bengoa Ansa, Aitor Iturria: Elhuyar aldizkaria

NEKAZARITZA

BARATZEZAINTZA

  • Labore-teknikak:
    Helburu nagusia ekoizpenerako teknologiak hobetzea da, batez ere, ureztatze-sistemak eta ereite-teknikak.
  • Barazkien ebaluazioa:
    Tokian tokiko baldintza klimatologiko eta edafologikoetara hobekien moldatzen diren barazkien aukeraketa eta garapena bultzatzen da.
  • Azelgak.
    SIMA
    Aukeraketa eta hobekuntza:
    Bertako barietateen tipifikazioa egin ondoren, ezaugarri horiek betetzen dituzten barietateak aukeratu eta hobetzen saiatzen dira. Lan honetan ari dira, esate baterako, Gernikako piperra, Tolosako babarruna edo Ibarrako piperminekin.
  • Baratzezaintza industriala:
    Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean burutzen ari den egitasmoa da. Arabako ohizko laborantzan erabili diren produktuei (patata, erremolatxa edo zekaleei), alternatiba bilatzen saiatzen dira. Batez ere, fresko saltzen ez diren produktuei begira, barazki izoztuak, kontserbak, eta abar.
  • Lurrik gabeko kultiboak:
    Sustratu-mota berrien azterketa egiten da, sustratu-mota bakoitzak behar dituen ur-kantitate eta baldintza fisiko-kimikoak zehaztuz. Teknika hauen bidez, etekinak handiagotu egiten dira barazkiei hazteko behar dutena soilik ematen zaielako, ez gehiago ezta gutxiago ere.

NEKAZARITZA

LANDARE-PRODUKZIOA

  • Hobekuntza genetikoa:
    Batez ere patata lantzen da arlo honetan. Gero eta barietate hobeak lortzen saiatzen dira betiko gurutzamendu klasikoak eta bioteknologiak eskaintzen dituen teknika berriak uztartuz. Barietateen hobekuntza genetikoa burutzeko, ezaugarri morfologikoez gain, ezaugarri fisiko-kimiko eta genetikoak kontuan hartu behar dira. Garai batean patata-barietateak oso generikoak izaten ziren eta edozertarako balio zuten; gaur egun, berriz, barietate desberdinak hobeto zehazten dira emango zaizkien erabilera desberdinen arabera: frijitzeko patata, pure egitekoa, izoztekoa, freskotan kontsumitzekoa, eta abar.
  • Patataren germoplasma.
    A. Bengoa Ansa
    Barietateen entsaiua:
    Behin barietate berri eta on bat lortzen denean, merkatuari erakutsi eta saldu behar zaio eta horretarako lur-sail esperimentalak ipintzen dira, gainerako teknikariei barietate horren ezaugarriak erakusteko.
  • Germoplasma-bankua:
    Banku honetan babarrun, arto, piper, pipermin, patata eta beste barazki batzuen barietate autoktonoak gordetzen dira. Garrantzi handia duen proiektua da, tokian tokiko aberastasuna jasotzen delako. Ehundaka barietate aurki ditzakegu banku honetan.
  • Agronomia:
    Landareak hazteko behar dituzten lurzoru, klima eta teknika aproposenak aztertzen dira. Batez ere ureztatze-sistemak lantzen ari dira gaur egun.
  • Fitopatologia:
    Landareen gaitzak identifikatzen, tratatzen eta, ahal bada, aurreikusten saiatzen dira. Esaterako, erremolatxa-soroetan birus batek gaitz larri bat sortu ohi du (Erremolatxaren horitasuna). Birusa zorrien bidez kutsatzen da eta zorrien bizi-zikloa eguraldiaren menpe dago. Zorriak tranpa batzuen bidez harrapatzen dira eta horri esker jakin dezakegu zein den intsektizidak erabiltzeko sasoi egokiena; komunikabideen bidez nekazariei jakinarezten zaie erremolatxa-soroetan neurriak har ditzaten.

BASOGINTZA ETA BALIABIDE NATURALAK

BASOGINTZA

  • Hobekuntza-genetikoa:
    Batez ere, Pinus radiata edo intsinis pinuarekin ari dira, horixe baita gaur egun sektoreari interesatzen zaion espezie bakarra.
  • Intsinis pinuak.
    J. Larrañaga
    Sartzapenak:
    Basogintzarako baliagarriak izan daitezkeen zuhaitz-espezie berriekin lanean ari dira.
  • Baliabide genetiko autoktonoak:
    Haritz-espeziekin ari dira lanean gaur egun, Europa-mailan egiten ari den makroproiektuaren baitan; leku desberdinetako haritzen jatorria eta distantzia genetikoak aztertzen dira.
  • Teknologiak:
    Kimaketa-teknikak, ongarritze-sistemak, eta abar lantzen dira, zuhaitzen enborrak ahalik eta zuzenenak eta gogorrenak izan daitezen.
  • Basoaren erabilerak:
    Basogintzaren ondorioz sortzen diren kalteak eta eraldaketak aztertzen dira. Esaterako, zuhaitzak kimatu ostean, adarrak basoan gelditzen dira, inongo baliorik ez dutelako. Horrek arazo fitosanitarioak sortzen ditu eta suteak sortzeko arriskua areagotu egiten da.

BALIABIDE NATURALAK

  • Bazka-sistemak:
    Gure inguruneko baldintza klimatiko eta edafologikoetara ongien egokitzen diren landare- edo belar-espezieak aztertzen dira.
  • Ongarritze-sistemen kontrola:
    Larre eta belazetako ongarritze-mota desberdinak aztertzen dira eta arreta berezia jartzen da ongarritze hauek izan ditzaketen ondorioetan. Izan ere, prozesu hauen ondorioz nitratoen lixibazio handia gertatuz gero, akuiferoak kutsatzeko arrisku handia izaten da.

ABELTZAINTZA

ABEREEN OSASUNA

  • Epidemiologia aplikatua:
    Abeltzain eta albaitariek bidalitako laginak aztertu ondoren, diagnostikoak egiten dira. Bertako behi eta ardien odol-analisien jarraipen zehatza ere egiten da.
  • Garapen teknologikoa:
    Diagnostiko-teknikak berritu eta gaitz desberdinek duten garapena gertutik aztertzen da. Informazio honen bidez tratamendu berriak bideratu eta gaitzen prebentzio-sistemak ezartzen dira.
  • Zoonosiko atala:
    Osasun Sailarekin elkarlanean burutzen diren proiektuak egiten dira. Gizakiarentzat arriskutsuak izan daitezkeen hainbat gaitz aztertzen dira. Gaixotasun hauek kaparren bidez transmititzen dira, bektore gisa jokatzen baitute. Kaparren bizi-zikloan abereak eta gizakiak ostalari aproposak izan daitezkenez, arreta berezia eskaintzen zaie intsektu hauei.


ABEREEN PRODUKZIOA

  • Hobekuntza genetikoa:
    Hainbat behi-arraza eta latxa arrazako ardien hobekuntza genetikoak bultzatzen dira. Proiektu hauek elkarlan eta koordinazio handia eskatzen dute, ikertzaile, abeltzain eta albaitarien artean. Abereen datuak programa informatikoen bidez prozesatzen dira, ondoren ale onenak aukeratu ahal izateko. Genealogi liburuen kudeaketa eta aholkularitza ere egiten da.
  • Berreskuratze-programak:
    Ardi latxak.
    A. Bengoa Ansa
    Iraungitzeko arriskuan dauden arrazak errekuperatzeko egitasmoak.
  • Elikadura:
    Goi-mendietako larreetan aurkitzen diren belar espezieen azterketa egiten da, udan ardiek mendian jaten duten bazkaren osagarri izango liratekeen pentsu edo elikagaiak lortzeko asmoz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia