}

Iguanodonak, Euskal Herriko lehen ornodunak?

1988/10/01 Martinez Lizarduikoa, Alfontso Iturria: Elhuyar aldizkaria

Errioxan egindako ikerketen arabera, Europako dinosauruen oinatz fosilen aztarnategirik garrantzitsuenean aurki gaitezke.

Iguanodona, aspaldiko narrastitzarra

Gideon Algernon Mantell
1790-1852

Ogibidez kirurgilari eta fosil erraldoien ehizan buru-belarri ibiltzeko karrera akademikoa eta familia bera ere pikotara bidaliko zituena, G.A. Mantell dugu.

Kondairak dioenez, Mantell, emaztea lagun zuela, Sussex-eko Lewes-en inguruko basora joan omen zen bertan gaixo zegoen lagun bat ikustera. Gaixoa aztertzen zuen bitartean, eta emaztea kanpoan zela, honek bide bazterrean hortz arraro bat ikusi omen zuen. Irten bezain laster senarrari erakutsi zion, eta hau txunditurik geratu zen. Horrelako hortza ez zuen inoiz inon ikusi. Pasadizo hau gertatuz gero, Mantell behin baino gehiagotan baso horretara itzuli zen eta bertan zeuden harrobietako harginei mezua pasa zien, hortz berriak aurkituz gero berarengana lehenbailehen bidal zitzaten. Eta horrela gertatu zen. Tilgate-ko basoko harrobi batean hortz eta hezur gehiago aurkitu ziren, eta hondakin haiek geroago ofizialki onartuko zen lehenengo dinosauruarenak izango ziren.

Mary Ann Woodhouse, Mrs. Mantell.

Hortz horiek zenbat eta gehiago aztertu, hainbat eta kezkatuago agertzen zen Mantell. Hortzen higaduraren forma ikusteak, animaliatzar-mota bat zela (eta gainera belarjalea) adierazten zion. Hortzak eta hezurrak aurkitu zireneko lur-geruzak aztertuz gero, garbi zegoen bertan bizi izandako animaliak pakidermoak ez zirela; estratuak oso zaharrak bait ziren. Beraz, beste biderik ez zegoen: hondakin haiek antzinako narrasti batenak ziren. Baina hori ondorioztatuz, arazo berria sortzen zen, alegia, narrastiaren hortzak baldin baziren, nola esplikatu antzinako narrasti horiek mastekatzaileak izatea eta gaur egunekoak ez izatea?

Mantell-ek erabaki bat hartu zuen eta Cuvier maisuari hortz bat bidali zion bere eritzia eskatuz. Honek, hortza aztertuz gero, errinozerontearen ebakortza izan zitekeela erantzun zion. Orduan Mantell-ek hezurrak bidali zizkion, eta Cuvier-ek hipopotamo-espezie batekoak zirela erantsi zion. Mantell etsiturik zegoen, eta bere fosilak jasota Londres-eko Hunterian museora abiatu zen. Han denbora asko pasatu zuen, narrastiarenak omen ziren hortz eta hezur haiek museoan zeuden beste narrastien fosilekin antzekotasunak konparatuz. Baina alferrik.

Mantelldarrek aurkitutako iguanodonaren hortzak.

Egun batean, bere hortzekin lanean ari zela gazte bat inguratu zitzaion. Gazte honek, iguanez ikerlanak burutuak zituela komentatu zion. Orduan Mantell-ek bere hortz fosilak erakutsi zizkion. Stutchbury gazteak, harrituta, Ertamerikako iguanen hortzen eta fosil haien artean zegoen parekotasuna aditzera eman zion. Mantell-en bihotzaren taupadak bizkortu egin ziren; Zientzia ofizialaren eritziaren kontra, hezur eta hortz haiek belarjalea zen narrasti erraldoi batenak izan bait zitezkeen. Hipotesi horretan oinarriturik eta hortzen neurriak kontutan hartuz, animalia hipotetikoaren gutxi gorabeherako luzera kalkulatu zuen. Hamazortzi metroko munstroa zen eta narrasti fosil hari Iguanodon izena jarri zion.

Mantell, animalia horren itxura anatomikoa asmatzen saiatu zen. Lau hanka jarri zizkion, ibilera iguanarena bezalakoa zelarik. Muturraren gainean konkorra ipini zion (eta hanka sartu zuen, gero ikusiko dugunez), animaliaren itxura eta errinozerontearena bat zetozelarik. Iguanodonaren anatomia asmatzeaz huts egin bazuen ere, aurkikuntza horrek zeukan garrantziaz ez zebilen oker. Horren ondorioz, ugaztunek lurra menperatu baino lehen Lurrean biztanle zaharrago eta askoz handiagoak jadanik bizi izanak ziren: Narrasti erraldoiak, hain

zuzen.

Dinosauruekiko lilura

Mantell-ek egindako iguanodon-eredua.

Dinosauru hitza Richard Owen paleontologoak asmatu zuen, eta hitzak izugarrizko arrakasta izan zuen. Nomenklatura zientifikotik at kokatua izan zen, askotan nomenklatura zientifikoa bera ordezkatuz. Kasu batzuetan, gainera, ordezkapen hori oker eginda zegoen, zeren eta zenbait narrasti dinosauruen familian kokatzen bait zen eta kokatze hori ez zen egokia. Baina ohituraren indarrez, gaur egun dinosauruez hitz egiten dugunean mesozoikoko narrasti erraldoi guztiez pentsatzen dugu. Eta ohitura horren aurrean mundu zientifikoak atzera egin behar izan zuen. Herrian dinosauruek sortutako lilura garbi isladatua gertatu zen 1854. urtean Londres-eko Crystal Palace n dinosauruen aurkezpena egin zenean.

Crystal Palace-n Hawkins-ek eraikitako iguanodona eta barnean ospatutako afariaren irudia.

Crystal Palace , Londres-eko inguruan eraiki zen beiraz jositako jauregi handi bat da. Jauregi horren beheko solairuan, garai hartan aurkitu berriak ziren animalia prehistorikoen erakusketa egitea erabaki zen. Eta horretarako Benjamin Hawkins eskultore famatuari dei egin zioten, Owen-en laguntzaz garai hartan ezagutzen ziren dinosauru-fosilekin animalia haien forma eta itxurak asma eta eraiki zitzan.

Owen-ek eta Hawkins-ek zementu, harri eta burdina erabiliz, lan ikaragarria egin zuten anfibio, krokodilo eta plesiosauridoak bere benetako neurrietan birsortzeko. Eta hiru dinosauru famatuz arduratu ziren batez ere: Hylaeosaurus , Iguanodon eta Megalosaurus deritzenetaz, hain zuzen.

Richar-Owen
1804-1892

Berreraiketa honekin, Hawkins-ek jendearengan irudipen faltsua sorterazi zuen; alegia, gizakumeari animalia horietaz itxurak, tamainak, ibilerak, koloreak, etab. dena genekiela sinesteraztea. Iguanodonaren itxura adibidez errinozeronte-narrasti izugarriarena zen; Hawkins-ek lehenago Mantell-ek sortutako akats bera egin bait zuen, alegia, iguanodonari muturraren gainean adar bat jartzea. Iguanodona eta megalosaurua lau hankez ibilerazi zituen Hawkins-en irudimenak. Gero jakingo zuten zientzilariek animalia hauek bi hanken gainean ibiltzen zirela normalean.

Erakusketa hau ospatzeko, zientziaren historian inoiz eratu den afaririk bitxiena antolatu zen. Afari horretara joateko behar ziren txartelak, fikziozko pterodaktilo (narrasti hegalari erraldoi) baten hezurretan idatziak izan ziren. 1853.eko Gabon Zaharrean mundu osoko hogeitabat zientzilari ospetsu jauregira hurbildu ziren eta bukatu gabe zegoen iguanodon artifizial baten errai-zuloan gertakizun hartarako propio jarrita zegoen mahaiaren inguruan afaltzera eseri ziren. Animaliaren buruan lehendakaritza zegoen eta Owen izan zen leku hori bete zuena.

Lurraren mapa, orain dela 200 milioi urte (Triasikoa). Beltz daudenak kontinenteak dira. Grisak kontinenteetako lautadak. Zuria itxasoa.

Kazetari batek afari haren berri eman zuen eta umorez aipatu zuen zientzilariek XIX. mendean bizitzeagatik zuten suertea, zeren eta afari hura antzina ospatu izan balitz, guztiak iguanodonaren urdailean egongo bait ziratekeen, baina ez afaltzeko, afalduak izateko baizik. Kazetariak ez zekien, noski, iguanodona belarjale zenik. Geroago, eta urte berean, erakusketa publiko arruntarentzat zabaldu zen, eta han begi guztien aurrean idatzita hau azaldu zen: Noe-ren garaian Lurrean zeuden animalia erraldoiak.

Bernissart-eko aurkikuntzak

Triasikoa Euskal Herrian. Ilun dagoena itsasoa da. Zati argiak itsaspetik irtendako lurrak dira.

Dinosauru baten bizitza berreraikitzea, oso zeregin zaila eta konplexua da. Paleontologoek berraraiketa horiek moldatzeko, ereduak erabiltzen dituzte. Eredu horiek oso tresna lagungarriak izaten dira, baina eredua egokia ez bada, lana erraztu beharrean konplikatu egin daiteke. Horren lekuko, Mantell-en iguanodonaren kasua adibide bitxia da. Mantell-ek iguanodona lau hankez ibiltzen zela eta errinozeronteen antzera muturrean izugarrizko adarra zeukala ere pentsatu zuen. Baina bapateko aurkikuntza batek, horrelako animaliarik inoiz ez zela existitu argitu zuen.

Belgikan, Bernissart-eko ikatz-mehatzeko langile batek zera ikusi zuen: mehategian ikatza amaitzen eta buztina ugaltzen ari zela. Injineruei abisatzera zihoala, buztin-geruza batean hezurraren antza zuen zerbait berezia ikusi zuen. Arazo handirik gabe objetu misteriotsu hura atera eta kriseiluaren argitara hezurra zela egiaztatu ahal izan zuen. Hezur erraldoia zen.

Lurraren mapa, Kretaziokoan.

Berehalaxe zientzilari eta paleontologoak bertaratu ziren eta aztarnategiaz balorazio zehatza egin zuen. Paleontologoek ezin zuten sinetsi begien aurrean zeukatena. Hura edozein zientzilarik amestutako altxorrik preziatuena zen. Mehategi hartan sei iguanodon osorik lurperaturik aurkitzen ziren. Baita osorik ez zeuden beste dozenerdi bat ere, eta narrasti desberdin asko gainera. Bestetik 3.000 arrain prehistoriko inprimaturik zeuden. Sekula aurkitutako kobazulorik artistikoena zen hura.

Kretazikoko Euskal Herria
Orain dela 110 milioi urte inguru

Hiru urte iraungo zuen espediziorik bitxiena antolatu zen 322 metroko sakoneratik altxor hura lurrazalera ateratzeko. Lan bitxi hartan animalien hezurdurak buztinezko bloketan ebaki eta gero bloke horiek igogailuen bidez mehatzetik ateratzen ziren. Horietako batzuk mila kilo baino gehiago pisatzen zuten. Gero museo eta laborategietara bidaltzen zituzten, han harrien barnean zeutzan momiak atera eta ikertzearren. Urteak pasatu eta, oztopoz betetako lana burutu ondoren, bizitzaren historian gizakumeak iguanodonaren benetako itxura ikusteko aukera izan zuen lehen aldiz.

Baita sorpresa handia hartu ere! Iguanodona, bi hanken gainean ibiltzen zela ikusi ahal izan zuten; bere atzeko hanken gainean zutik zegoela, alegia!. Baita Mantell-ek muturrean jarritako adarra oker ipinita zegoela ere. Adar hura iguanodonaren erpurua zen, baina behatz erraldoi bihurtua. Beraz sastakai antzeko babes izugarritzat har zitekeen, eta ez adartzat.

Dinosauruak eta kontinenteen orogenia

Iguanadonaren lepoko eta buruko hezur fosilizatuak.

Dinosauruak, dakigunez, Triasiko, Jurasiko eta Kretazikoko estratuetan aurkituak izan dira. Guztira, 150 milioi urteko epea da hori. Dinosauruek, Lur osoan zehar zabaldu dute beren eragina eta hondakin fosilak kontinente guztietan aurkitu izan dira. Antarktidako izotzaren azpian haien hezurtzak norbaitek aurkitu zain badaudela diote. Dinosauruen hondakinak aurkitu direneko mapa, Mesozoikoan itsasgainean zeuden zonalde harkaitsuekin bat dator.

Lurraren azalean dinosauruen banaketa nolakoa izan zen jakin nahi baldin badugu, Mesozoikoaren 150 milioi urteetan zehar kontinenteek zuten geografia aldakorra ikasi beharko dugu aldez aurretik. Lan hori paleogeografia izeneko zientzi adarrari dagokio.

Triasikoan (230-200 milioi urte) Laurasia eta Gondwana superkontinenteak loturik omen zeuden eta orduan, dinosauruek alde batetik bestera igarotzeko arazo haundirik ez omen zeukaten. Superkontinenteen arteko bi zubi garrantzitsuak, gaur eguneko Espainian dauden lurraldeak eta Mexikokoak ziratekeen.

Enciso-ko dinosauruen oinatz fosil famatuak. Megalosauru batenak dira.

Eta zer gertatzen zen garai hartan geroago Euskal Herria izango zen lurraldean? Orduan hasi zen sortzen euskaldunon lurra izango zena. Bortzirieta eta Aldude mazizo paleozoikoak hasi ziren orduan itsaspetik irteten. Ur-gaineratze honen gertakaririk garrantzitsuena, Aiako Haitzean gertatu zen. Magma granitiko baten intrusioaren ondorio da mendi hori. Magmaren sortzeak, Aia-Bortzirieta mazizoaren material deboniko eta karboniferoak zulatu egin zituen eta sortutako bero eta presioek, material horiek birkristalizatuz osatu zen gaurregungo Aia-Bianditz mazizoa inguratzen duen harkaitz metamorfikoen multzoa. Hortaz, Aiako granitoak 270 milioi urte dituela esan dezakegu, eta hura izan zen, itsaspetik irtenda, eguzkiaren beroaz gozatu zuen aurreneko euskal eskualdea.

Mapako ezker-behekaldean agertzen den masa kontinentala, Iberiar mazizoa da. Mazizo horrek zeregin garrantzitsua izan zuen Mesozoikoan; bera izan bait zen Erribera eta Erriberako zingiretako uretatik sortzeko beharko zen euskarri lurtarra. Kretazikoan jadanik, superkontinenteen arteko lotura zailagoa zen; Atlantiar Ozeanoa moldatzen hasia bait zen; horren ondorioz, Hegoamerika eta Afrika elkarrengandik aldendu egin ziren. Bestetik, Antarktida eta Australia bereizteko, milioika urte asko iraungo zuen jitoa hasi zen. Dena den, zientzilariek kontinenteen arteko loturaren bat izango zela uste dute, hadrosauruek garai hartan beren burua kontinente guztietan zehar zabaltzea lortu zutelako. Kretazikoaren azkeneko partean (Goi Kretazikoa, orain dela 80 milioi urte) berriz ere itsasoak kontinenteak estaltzen hasi ziren, itsaso epikontinentalak sorteraziz eta superkontinenteak zartatuz.

Fase hauetan, Euskal Herriaren egoera aldaketa haundirik gabe mantendu zen. Gauzarik bitxiena, koralezko arrezifeak sortzea izan zen. Hauek izango dira oraingo Gipuzkoa eta Bizkaiaren lehenengo oinarri sendoak. Masa kontinental iberiarrak sendotze-prozesuan segitu zuen, Erriberako lerroa markatuz. Eozenoaren bukaeran (40 milioi urte), Euskal Herriko lurralde-zatirik handiena itsasotik aterata zegoen. Nafarroako Hegoaldea zegoen artean urpean.

Artikuluaren egilea lagun batekin "Los Cayos" izeneko aztarnategia ikusten.

Beraz, Iberiar Penintsula izan zen seguraski dinosauru-espezieak barreiatzeko zubirik garrantzitsuenetako bat; Eurasia eta Godwana superkontinenteak lotzen zituen eta.

Dinosauruen oinatz fosilak

Dinosauruek uzten dituzten aztarnak, ez dira arrautza-oskolak, gorotzat, azalak edo hezurrak bakarrik izaten. Badago fosil berezi bat, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dena; dinosauruen oinatz fosila hain zuzen. Gezurra badirudi ere, tankera honetako fosilek informazio handia ematen digute eta gainera informazio hori bizirik zegoen animaliari buruzkoa da, eta ez hildako animaliari buruzkoa

hezurrek ematen dutena bezalakoa adibidez

Desagertutako animalia ornodunen oinatzen azterketa, XIX. mendeko bigarren partean hasi zela esan daiteke eta gaur egun paleontologiaren adar garrantzitsu bihurtu da. Iknologia (hitza grekotik hartuta dago; Yknos = oinatz) da adar hori.

Megalosaurua. Haragijale ankerra. Gure lurraldeetan ibili omen zen iguanodonen bila, haragia lortzearren. Enciso-ko oinatzak dira Erriberan aurkitu diren haragijaleen oinatz bakarrak.

Dinosauruen oinatz fosilen lehenengo aurkikuntzak Estatu Batuetan egin ziren 1802. urtean. Baina garai hartan dinosauruak zer ziren ez zekiten artean eta, beraz, iknita haiek gaizki identifikatuak izan ziren. Geroago, aurkikuntza ugariago egin zen; Europa aldean egin ere. Hasiera batean, oinatz horiek hegazti erraldoien aztarnak zirela pentsatzen zen. Gero, hainbeste eta hain desberdin agertzen zirenez, zalantza haundiak sortu ziren paleontologoen artean. Denbora igaro ahala, eritzi batek gero eta indar haundiagoa hartu zuen; alegia, iknita horiek dinosauru belarjale eta haragijaleen oinatz fosilak izan zitezkeela.

Euskal Herriko lurraldea, ikusi dugunez, Triasiko eta Jurasikoan ia erabat itsaspean murgildurik zegoen. Kretazikoan hasi zen irteten, baina ez gehiegi, eta gure inguruan zegoen lurralde tinko bakarra Erribera ondokoa zen. Garai hartan, dinosauruek Lurreko eskualde guztiak kolonizatuak zituzten. Beraz, gure Herrian aztarnak bilatu behar baditugu, lan horretarako Erriberako lurraldeak izango dira egokienak. Eta hipotesi eder hori orain dela gutxi ikusgarriro baieztatua izan da.

Iguanodona. Bost metro altu eta hamar metro baino luzeagoa. 4.000 kiloko pisua izanik, landareak eta zuhaitzak ebakitzen zituzten beren hortz zorrotzez elikadura lortzearren. Beren eskuetan sastakai antzeko behatzak zituzten. Familia honetakoak ziren Euskal Herrian ibiltzen zirenak.

Euskal Herrian (4) egoki identifikatzen diren dinosauruen lehenengo oinatzak, 1971.ekoak dira. Data horretan Sabadell-eko Institutu Probintzialeko Paleontologi Sailak Enciso-n (Errioxan) aurkitutako iknitez txosten zientifiko bat argitaratu zuen. Horrez gero, komunikabidetan gero eta berri gehiago zabaldu da gai honetaz eta Erribera osoan (Enciso, Cornago, Fitero, Alfaro eta Trebiño Konterrian bertan) aurkitutako oinatz misteriotsuez.

Dudarik gabe, aztarnategirik garrantzitsuena Isasa mendiaren inguruan kokatzen diren Triasikoko eta Jurasikoko lurraldeetan aurkitzen da. Isasa menditik (1.456 m.) Erribera edo Errioxa Beherea osoa ikusten da. Eskualde hauetan 1975. urtean Iberduero-ko Paleontologi eta Mineralogi Sailaren arduradun den Santiago Jimenez ikertzailea lan sistematikoa egiten hasi zen. (5)

Berak dioenez, hasieran, lana, ibili eta ibili... eta bitxi zen guztia arakatzean zetzan. Labarretan gora igo, haranak eta muinoak zeharkatu eta Errioxako lurralde osoa inoiz baino hobeto ezagutu. Horren ordaina, era guztietako oinatz erraldoien aurkikuntza izan zen. Gure oinen azpian nonbait, Europako dinosauru-oinatzen aztarnategirik garrantzitsuenetakoa geneukan.

Enciso, Poyales, Cornago, Cervera del Río Alhama, Gravalos, Ambasaguas, dena, 100 milioi urte lehenago bizi izan ziren animalien arrastoz beterik zegoen. Landaretza basatiaren azpian ezkutaturik edo estratuetan babesturik zeuden gure arbasoek utzitako oinatz itzel haiek, geroagoko paleontologoek aurki zitzaten.

Lurraren mapa, orain dela 80 milioi urte.

Dena dela historia ofizial hau 70.eko hamarkadan hasten bada ere, oinatz horiek aspaldidanik ezagutzen zituzten Erriberako ehiztari eta artzainek. Yerga eta Peñalosa-ko labarretan agertzen ziren arrasto misteriotsu haiek, Santiagoren zaldiaren oinatz edo hegazti haundien arrasto tzat hartzen ziren.

Errioxako dinosauruen bila

Zidakos ibaiak inguratzen duen bazterra ezin ederragoa da. Bideaz eskuinera Hirugarren Aroko lurraldeak ditugu eta ibaiaz bestaldera Kretaziko eta Jurasikokoak, bertako estratuek dinosauruen garaiko jalkinak azaltzen dituztelarik.

Enciso herria da dinosauru-bidaia horretan lehenengo topaleku. Berehalaxe uholdeak higatutako sakan batera sartu gara eta dinosauruek ibilitako lurra zapaltzen hasi gara gu ere. Azkenean, labar baten behekaldean estratu lirain bezain zabala agertu zaigu begien aurrean, eta han 100 milioi urte lehenago tridaktilo batek utzitako oinatzak harkaitzean inprimaturik ikusi ditugu.

Eozenoaren azkeneko aldia (40 milioi urte). Zonalde ilunak zingirak dira.

Hasia dago Mesozoiko Aroranzko bidaia. Geure begien aurrean kararrian grabatutako oinatz fosil desberdinak daude. Harrizko lautada horietan, aspaldiko garai haietan zingiraren hondoa zena ikus daiteke; hondarrezko uhinak fosilizaturik eta behin-betirako harkaitz horietan grabaturik gelditu bait dira. Zingira horietan biziko zen megalosaurua, bizirik iraun ahal izateko beste batzuekin lehia gogorrean.

Hotz handia egiten du gaur Achena-ko mendikateen bideetan barrena eta gure hatsa lurrin bihurtzen da biriketatik irten bezain laster. Errepidera heldu baino lehen gelditu egin gara eta Valdeperillo ondoko lurretan landare fosil batzuk jaso ditugu. Oraindik ere, eta prozesua nolakoa izan den jakin gabe, bere garaian zuten kolore berdea gorde egin dute. Horiexek ziren Mesozoiko aldian dinosauruen lurraldeek izan zituzten landareak.

Baina sospresarik handiena ez da oraindik heldu. Errepidera irten ondoren, eskuin aldean irekitako bide berria hartu eta Los Cayos izeneko aztarnategira hurbildu gara. Aztarnategi hau labarraren hegian dago. Estratuak makurturik daude, sakanaren zulora erori nahi bailuten. Gure aurrean lautada zabala hedatzen da eta bere gainean, barra-barra, dinosauru ezberdinen oinatz fosilak nahasian daude. Handiak nahiz txikiak, sakonak nahiz azalekoak, gora eta behera doazenak. Zenbait oinatz beste batzuen gainean dago. Hura izan zen zingirako zolua eta bertan, urteak gorabehera, animalia itzel haiek jaio-heldu-bizi eta hil egin ziren.

"Valdeté" aztarnategia. Iguanodon belarjalearen oinatz fosilak. Estratua bukatzen denean, mendiaren azpian segitzen dute arrastoek.

Dinosauru baten jauziak ikusten dira. Plataforman zehar arin dabil eta bapatean arrastoa desagertu egiten da beste estratu baten azpian. Liluraturik gaude eta inguru hotz hartan argazki batzuk atera ditugu. Ingurune hartan, euskal dinosauruen izpirituz inguraturik, XX. mendeko euskaldunok bat egin dugu geure arabasoek utzitako hasperenekin. Haizea besterik ez da entzuten. Isiltasun hartan, dinosauru haiek nolakoak izan ziren imajinatu nahian denbora ohartu gabe doakigu.

Dakigunez, dinosauru haiek zingira baten inguruetan bizi izan ziren, bertan zer jana eta edana aurkitzen zutelarik. Giro egoki hartan beren eguneroko bizimodua egingo zuten han-hemenka ibiliz. Joan-etorri haietan lakuaren lokatzezko hondoan beren oinatzak markatu zituzten. Geroko uholdeek eta ibaiek garraiatutako materialez oinatz horiek, emeki, estali egin ziren, oinatzen zuloak bete arte. Horrela formak eta dimentsioak babestu egin ziren.

Horrela trinkotutako materiala sendotuz joan zen gogortu arte; harri bihurturik gelditzeraino. Molde horiek kanpora bultzaturik izango ziren gero, orogenia zela medio, eta estratuak makurtu eta tolestatuak izango ziren. Higadurak (urak, elurrak, eta haizeak) batez ere desintegratuko zituen estratuak, eta orduan berriz ere (100 milioi urte geroago) oinatzak agertu egingo ziren, aspaldi hartan moldatu ziren bezalatsu, baina fosilizaturik.

Iguanodon-aren (euskal dinosaururik ugarienaren) barietate bat.

Oinatz hauek agertzen diren estratuetan, zingira-hondoko zolua ere fosilizatua azaltzen da. Horren ikerketa egin ondoren, badakigu animaliatzat haiek bizi ziren ingurua deltaren antzekoa zela. Ibaietako urak bertara isurtzen ziren, baina itsasoak berak ere, boladatan, bazuen bere eragina fadura haietako urak handituz. Itsas mailak desberdinak izango ziratekeen. Zenbaitetan, jaitsi egingo ziren, lautadak sortuz; eta bestetan, lurralde zabalak urpetatik gailenduko ziren. Klima epela zen seguraski; eurite handiekin. Landaretza oso ugaria bide zen. Beraz, bizi ahal izateko, sauruentzat ingurugiro ezin aproposagoa.

Errioxan aurkitutako ikniten artean inportanteenetakoak, belarjaleekin zerikusia dutenak dira. Belarjale haiek itzelak ziren: 7 m-ko luzera eta 3.000 kg-ko pisukoak batzuetan. Dena dela, askoz txikiagoak ere aurkitu dira. Ornitopodoak dira; iguanodonaren familiakoak seguraski.

Bertan topatutako oinatz guztiak iguanodonarenak dira. Oinatzen artean dauden desberdintasunak dinosauru hauek zeuzkaten oin-hezurren egituraketa desberdinetan datza.

"Los Cayos" aztarnategia. Estratu honetan dinosauruek egindako ibilbide desberdinak ditugu. Iguanodonak ziren.

Beste batzuetan, aurkitutako desberdintasunek zera ematen digute aditzera: bizi zitezkeen ornitopodoak ez zirela neurri handi batean denak berdinak. Honetaz gehiago jakin ahal izateko, komenigarria izango litzateke eskeletoren bat aurkitzea. Bitartean, zalantza handiak izango ditugu.

Arakatutakoaren arabera, askoz urriagoak ziren haragijaleak belarjaleak baino. Eta horrela izango zen, dudarik gabe. Izan ere haragijaleak, harrapariak izanik harrapakinak (belarjaleak) baino gutxiago behar dira.

Lau hankako dinosauru batzuen oinatzak ere aurkitu izan dira, baina kalitate eskasekoak dira, eta horregatik, zegozkien animaliak identifikatzea zail gertatzen da. Ankilosaurua edo Stegosaurua izan zitezkeen.

Oinatz hauen bidez animalien tamaina, ibilera eta pisua kalkula daitezke. Los Cayos izeneko aztarnategian aurkitutako oinatzak, hain zuzen, dinosauru handi samarrek utzitako aztarnak dira; bost metroko luzera izango zutenek utziak. Eta La Magdalena aztarnategikoak, 7 metroko animalien arrastoak dira.

"La Magdalena" aztarnategia. Iguanodonte hauek oin-morfologia desberdina dute.

Errioxako ikniten aztarnategien ebaluazioa egiteke dago oraindik. 5.000 aztarna fosil baino gehiago egon daitekeela erakutsi bide du lehenengo estimazioak. Zifra hori, alabaina, guztiz gainditurik gerta liteke aurrerantzean. Dena den, urte hauetan egindako ikerketen aurrean gauza bat esan daiteke dagoeneko: Europako ikniten aztarnategirik garrantzitsuenetakoak ditugula.

Horrexegatik, beste nazio eta estatuetan aurkikuntza hauetaz informazioa lehenbailehen izan dezaten, 1989rako Errioxan Dinosauruez Nazioarteko Sinposiuma antolatzen ari dira, bertan mundu osoko ikerlerik ospetsuenak bil daitezen eta, horrela, gure arbaso zaharrei buruz gero eta datu gehiago eduki ditzagun.


    Lan honetan agertzen diren dinosauruen oinatz fosilen koloretako argazkiak, Iberdueroko Paleontologi eta Mineralogi Saileko arduradun den Santiago Jimenez-enak dira. Jabegoa berea da.
    Euskal Herriko mapa geologikoen irudiak "Arantzadi Elkartea"k argitaratutako "Mapa geologiko de Euskalerria"tik hartuak izan dira.
    Iguanodonaren argazki koloreduna eta artikuluaren testua "Euskal dinosauruak" (Alfontso Martinez Lizarduikoa; Txalaparta argitaletxea) liburutik hartuak eta moldatuak izan dira.
    Euskal Herriak historikoki lurralde desberdinak hartu izan ditu. Gaur egun lurralde murriztua badugu ere, zenbait garaitan Xakaraino (Jaca) edo Akitaniaraino heldu da. Hori, Historia aldetik. Zer esanik ez, Geologiaren esparrura sartzen bagara.
    Lan hau idatzi ondoren, Arantzadi Elkarteko geologi fosiletan lan egiten duen Jose Angel Torres-ekin hitz egiteko aukera izan dut eta honek oso berri baliotsuak eman dizkit bere taldeak Cameros lurraldean dinosauruen iknitekiko egindako lan eta ikerketaz. Artikulu honen osagarri, taldearen eritziak eta aurkikuntza jaso ditzakezu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia