Elhuyar zientziaren komunikazioa

Hurbileko kabiarra, ezezaguna eta urria

2002/12/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Irak, Errusia eta Norvegiako kabiarrak goraipatzen dituzte adituek, baina, urruti joan gabe, Garona eta Dordoina ibaietan ere bizi da gaizkata, kabiarra egiteko arrautzak jartzen dituen arraina. 1994an birpopulatzeko plana abian jarri zutenetik, apurtxo bat lasaiago, gainera.

Gaizkata ( Acipenser sturio ), goi-mailako sukaldaritzan hain preziatua den kabiarraren hornitzailea, arrain ezezaguna da gure artean. Bertako arrantzaleek ez dute arrantzatzen, merkatuetan ez da ikusten, eta kabiarra pote txiki-txikietan sartuta iristen zaigu, gaizkatak arrautzak zuzenean potean jarriko balitu bezala.

Gainera, kabiarra urruneko produktutzat jotzen dugu, nahiz gaizkata Euskal Herritik 200 kilometrora ere, Bordele inguruan—zehazkiago esanda, Dordoina eta Garona ibaietan—, bizi den; garai batean populazio handia, eta orain ehunka gutxi batzuek osatzen dutena baino ez.

Kabiarraren merkatu oparoaz baliatuz, luzaz eta neurri gabe arrantzatzeagatik joan da desagertzen gaizkata Europako bere bizileku bakarretik. Erabat desagertu baino lehen, 1982an, babestutako espezie izendatu zen Frantzian eta, harrekero, erabat debekatuta dago arrain hori arrantzatu eta saltzea.

Gaur egun, merkatuan Girondako kabiarra aurkituz gero, egon zaitez ziur hango zenbait arrain-haztegitan ekoitzitakoa dela. Oraingoz, lauzpabost haztegi ari dira horretan eta guztira 1.000 tona inguru ekoizten dute urtean.

Jarduera kaltegarri ugari

Berri ona izan zen gaizkatarentzat 1982an babestutako espezie izendatzea, baina ez zen nahikoa izan bi ibai nagusi horiek birpopulatzeko. Izan ere, arrantza bezain kaltegarriak —edo gehiago— suertatu diren beste jarduerek ingurunean sortzen zituzten aldaketak pairatzen jarraitu zuen.

Acipenser baeri espezieko gaizkata bat biopsia egiteko prestatzen. 1994an abiatu zuen Cemagref erakundeak Garona eta Dordoina ibaiak birpopulatzeko plana. Neurketak egin eta espeziea hobeto ezagutzea ere plan horren helburuetako bat da.

Urtetik urtera, ugaltzeko tokira heltzeko zaitasun handiagoei egin behar izaten zien aurre. Asko heldulekura iritsi aurretik hil egiten ziren, besteak beste, ibaiak kanalizatzeagatik korronteak biziagoak zirelako, ibaiertzek egonkortasuna galtzen zutelako eta uraren kalitatea asko txartzen ari zelako.

Hori gutxi balitz, EDF Frantziako elektrizitate-konpainiak, hainbat instalazio eraiki zituen 50eko hamarkadan Dordoina eta Garona ibaietan; Dordoinan bost urtegi handi eta Garonan Golfech-eko zentral nuklearra, esaterako.

Zailtasun horiekin, indartsuenek edo abilenek soilik lortzen zuten, ugaltzeko asmoarekin, jaio ziren lekura heltzea. Baina urte asko etxetik kanpo egon denari gertatu ohi zaiona gertatzen zitzaien: aldaketa hain zen handia non ez zuten beren sorlekua ezagutzen.

Gaizkatak, izokinak bezala, harri-kozkor artean prestatzen du arrabalekua, harriek arrautzak harrapariengandik babestu eta ur-lasterrek eramatea eragozten baitute. Baina ibai horietako harria urteetan erauzi da eta arrautzak pausatzeko leku egokiak suntsitzeaz gain, urean esekitako partikulek babesteko erabiltzen zituzten txokoak estali dituzte. Gaur egun, gaizkatak arrautza preziatuak jarriz gero ere, oso gutxi ernalduko dira, edo batere ez.

Gainera, ibai-hondoa erabat nahasteak sedimentuetan metatuko kadmioa askatu egin du eta uraren kalitatea, neurri batean, horregatik txartu da. Kadmioa metal astuna da eta, gaizkataren etorkizunaz gain, Marennes-Oléron badiako milaka tona ostraren ekoizpena ere kolokan jarri du. Marennes-Oléron-eko badian Frantziako ostren % 70 inguru ekoizten denez, esan gabe doa jarduera hori debekatzeak zein ondorio ekonomiko larri eragingo lituzkeen. Arrisku horretaz jabetuta debekatu zen Dordoina eta Garona ibai-hondoetako harria erauztea.

Baina debeku horiek guztiak beranduegi etorri dira gaizkatarentzat. Ehunka ale batzuk besterik ez dira gelditzen eta horietatik oso gutxi dira, gainera, ugaltzeko heldutasuna dutenak. Izan ere, gaizkata arrak 14-15 urte bitartean bizi dira eta emeak, berriz, 20-22 urte. Bizitza luzeko arraina da, beraz, —amuarraina 10 bat urte bizi da— eta ugaltzeko heldutasunera heltzeko urteak pasatzen dira.

Egoera aldatzeko plana 1994tik

Irudian, 77 zentrimetroko Sturio espezieko gaizkata arra.

Egoera aldatzeko, 1994an, Dordoina eta Garona ibaiak birpopulatzeko plana jarri zuen abian Cémagref (……) erakundeak. Planak bi ildo nagusi ditu : espeziea hobeto ezagutzea eta ibaiak birpopulatzea.

Izan ere, ez gara espezie hori gutxi ezagutzen dugun bakarrak eta zientzialariek espeziea eta bere ingurunea aztertzen dihardute. Horretarako, gaizkataren populazioari jarraitu, harrapatzen dituzten aleak neurtu eta arrabalekuen egoera hurbiletik zaintzen dute.

Bigarren lan-jarduera arrain-haztegietan ugalketa artifiziala egin eta ibaiak birpopulatzea da. Horretarako, Acipenser baeri , Siberiako espeziearekin ikerketak egin dituzte eta bertako espezie autoktonoarekin, Acipenser sturio -rekin, nahastea ere lortu dute. Haztegietan jaiotako Acipenser sturio -ren lehen arraintxoak 1995ean jaurti zituzten ibaietara.

Bizi luzea gaizkatarentzat

Latineko izena ( Acipenser sturio ) edo euskarazkoa (gaizkata) emanda, inork gutxik ezagutuko duen arraina da, baina bere obuluak edo arrautzak bai, guztiok ezagutzen ditugu. Garbitu eta gatzetan pasa ostean, egun berezietan soilik jan ohi den kabiarra bihurtzen dira.

Gaizkata, izokina bezala, arrain migratzailea da. Errekan jaio eta ugaltzen da eta heldutasun sexualera heltzeko itsasora joaten da. Martxoa eta uztaila bitartean errekan gorako bidea hartzen du arrabalekura heldu eta arrautzak jartzeko.

Gure artean ezaguna ez izan arren, identifikatzen laguntzen duten ezaugarri nabarmenak ditu. Arrain handia da —helduek 2 metro luze eta 50-60 kiloko pisua dute— eta buztan eta mutur luzea ditu. Gironda badiako arrain erregea izenez ere ezagutzen dute.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia