}

Hiltegirik gabeko etorkizuna?

2010/05/22 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Urrun ikusten dugun arren, laborategian hazitako haragia jadanik ez da zientzia-fikzioa. Animaliarik hil gabe, elikagaia sortu eta industrian ekoizteko metodoak badaude. Aurreikuspen teknologikoak beteko balira, hamar urte baino lehenago hanburgesa “berde” bat izan genezake gure platerean.
Haragia laborategian ekoizteak milioika abere gatibutasunean hazteko beharra txikituko luke (Argazkia: Jonny Hunter).

Hartzitutako haragia animalien zelula amen edota giharren bitartez (hala nola oilasko, arkume edo txerriarenak) laborategian sortutako haragia da. Okela arrunta baino osasungarriagoa dela, proteina berdinak dituela eta ingurumenari kalte gutxiago egiten diola diote alternatiba horren aldekoek. Time aldizkariak 2009. urteko 50 asmakizun garrantzitsuenen artean kokatu du.

Okelaren ordezkoak aurkitu nahian, laborategian ekoitzitako haragiaren hamaika abantaila nabarmendu dituzte mundu osoko zientzialarien esfortzuak bateratzen dituen New Harvest erakundeko kideek. Besteak beste, uste dute ekoizpena laborategian kontrolatuz gero posible izango litzatekeela behi eroen edota A gripearen estiloko gaitzak ekiditea. Baita haragi light a lortzea eta “bihotzekoak saihestuko lituzketen hanburgesak” egitea ere.

Haien esanetan, prozedurak ez dio kalterik eragingo gizakion osasunari.

Izaki bizidunak sakrifikatu gabe sortu liteke jangaia.
Nik Page

Aitzitik, gizakion kontzientziari eta ingurumenari mesede handia egingo diela azaldu dute. Finean, izaki bizidunak sakrifikatu gabe sortu liteke jangaia, eta, horrenbestez, milioika abere gatibutasunean hazteko beharra txikituko luke. Hala, okela-ekoizpenak egun duen ingurumen-eragina ere murriztu egingo luke alternatiba horrek. Izan ere, neurri handi batean berotegi-efektua eragiten duten gas-emisioen erantzulea da abeltzaintzaren sektorea, eta artzaintzak ere kostu handiak eragin ditu ekosisteman.

Teknologia berriak oro har gizadiari ere on egingo diola uste dute New Harvesteko adituek: “Teorian, zelula bakar batekin munduak urtebetean jaten duen haragia sor dezakezu eta”.

Garestiegia

Larre eta baserrietatik urrun sortutako haragiak eta “amantal zuriko” abeltzainek mesfidantza sor dezaketela gauza jakina da. Dena den, ikertzaileek zera gogorarazi dute: “Egun jaten dugunaren gehiengoa ere laborategitik dator; prozesatuta dago dena”. Esnea, gazta edo nuggets ospetsuak aipatu dituzte adibide gisa.

Baserrian edo haztegian hazi beharrean okela laborategian industrialki ekoizteko formula sekretua zopa “biomediko” antzeko bat da. Animalien odoletik eta mikroorganismoetatik datozen mantenugaiez osatuta dago zopa hori, eta bertan jartzen dute gerora “mundu osoa elikatu ahal izango lukeen zelula”.

Aurreikuspenak beteko balira, hamar urte baino lehenago hanburgesa “berde” bat izan genezake gure platerean.

Gaur-gaurkoz, emaitza zentimetro bateko luzera duten haragi-xafla txiki batzuk baino ez dira. Baina horiek tenkatu egin daitezke, eta proteinak ere gehitu diezazkiekete. Teknologia garatzen jarraituz gero, adituek uste dute 5-10 urte bitartean haragiaren ordezko xafla horiekeskala handitan sor ditzaketela, kosk egiteko moduko gogortasun nahikoa izango luketela eta haien zaporea txuleta tradizional baten antzekoa izan litekeela.

Produktua diseinatuta dago, baina hura komertzializatzeko oztopo nagusia prozesuaren kostua da. Adituek diotenez, “sistema automatizatu eraginkorragoak behar ditugu, pertsonen lana eskatzen ez dutenak, eta osagai merkeagoak ere beharko genituzke, egungoak ikerkuntza biomedikotik datoz eta”. Laborategiko hanburgesa baten prezioa milioi bat dolarrekoa izan liteke gaur egun.

2002an NASAk halako elikagaien kontsumoa sustatu nahi izan zuen, espazio-bidaietan. Baina garesti eta luze jo zuen prozesuak, eta dieta begetarianoaren aldeko apustua egin zuen azkenean. Harrezkero, Holanda, AEB, Japon, Australia eta eskandinaviar herrialdeetako ikerketa-zentroek ere inbertitu dute alternatiba honen garapenean.


Ortzadar -en argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia