Elhuyar zientziaren komunikazioa

Entzun Zientzia.net

H5N1 birusaren auzia: ikerketak osorik argitaratuko dira

Duela hiru hilabeteko mugatze-gomendioa ezetsi du Estatu Batuetako Biosegurtasunaren Aholku Batzordeak

2012/04/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

h5n1-birusaren-auzia-ikerketak-osorik-argitaratuko
Arg. MOE

Estatu Batuetako gobernuak —Biosegurtasunaren Aholku Batzordeak (NSABB) gomendatua— H5N1 gripe-birusarekin egindako bi ikerketek emaitzak osorik ez argitaratzeko eskatu zuen joan den abenduaren 30ean. Zehazki, eta segurtasunaren izenean, egileei eta ikerketen emaitzak argitaratzekoak ziren Science eta Nature aldizkariei eskatu zieten kentzeko artikuluetatik metodologiari buruzko xehetasunak, eta ez zabaltzeko emaitzak errepikatu ahal izateko adina informazio, ez zitezen egon balizko bioterroristen esku. Hiru hilabete eta zalaparta ugari geroago, iritzia aldatu du aholku-batzordeak, eta ikerketak osorik argitaratzearen alde agertu da.

Joan den martxoaren amaieran egindako goi-bilera baten ondoren hartu dute erabakia. Aholku-batzordeko kideek eta hainbat begirale independentek hartu zuten parte, eta ikertzaileek datu eta informazio osagarria aurkeztu zituzten. Haien argitara, aholku batzordeak berriz bozkatu zuen. Artikuluetako batek —Estatu Batuetako Wisconsin-Madison Unibertsitateko Yoshihiro Kawaoka ikertzailearenak— aho batez lortu zuen babesa; besteak —Rotterdamgo Erasmus ikerketa medikorako zentroko Ron Foulchier ikertzailearenak— kontrako sei boto jaso zituen 18tik. Hala, bada, bi artikuluak aurreikusi bezala argitaratuko dira Science eta Nature aldizkarietan, eta ikertzaile guztiek izango dituzte datuak eskuragarri; sarbidea ez da baimendutako pertsona jakinetara mugatuko.

Biosegurtasunaren Aholku Batzordearen gomendio berriak bat egin du joan den otsailaren amaieran Munduko Osasun Erakundearen bileran adostutakoarekin: ikerketak osorik argitaratzeak kalte baino mesede handiagoa egingo diola osasun publikoari. Izan ere, ikerketa horietan, bi taldeek H5N1 hegazti-gripearen aldaerak sortu dituzte mutazioz laborategian, eta ikusi dute aldaera berriak gai izan direla hudoak arnasbideetatik kutsatzeko. Arnasbideetatik kutsatzen den giza gripearen azterketak egiteko eredurik onena dira hudoak, eta, ondorioz, emaitzak kezkagarriak dira: oso mutazio gutxiren bidez eskuratu dute aldaerek gaitasuna, eta aditzera ematen dute hegaztien H5N1 birusak aurreikusi baino aukera handiagoa izan dezakeela gizakien artean gripe-pandemia eragiteko. Horregatik, garrantzitsua da gripearen zaintza-sarearen partaide guztiek izatea halako mutazio eta aldaeren berri, naturalki sortuko balira adi egon ahal izateko.

Azken hilabeteetan, baina, ikerketen ondorioek berek baino kezka eta zalaparta handiagoa piztu du emaitzen argitalpenari eta zentsurari buruzko aferak.

0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Elhuyar sarean

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila