}

Guztion desioa: segi lanean beste 25 urtez

1997/12/01 Irureta Azkune, Onintza Iturria: Elhuyar aldizkaria

25 urte igaro dira Elhuyarrek hazia erein zuela. Uzta aberatsa izan da eta zilarrezko ezteiak ospatzeko urriaren 31n urte hauetan taldetik gertu ibilitako oro elkartu zen Donostiako Miramar Jauregian
Juanjo Gabiña eta Antony Hewish.
EKAITZ

Donostiako Goi Mailako Injineru Eskolako zenbait irakasle eta ikasle larunbatero jesuiten egoitzan elkartzen hasi zirela 25 urte igaro dira. Euskaltzaleak ziren eta euskarak zientzian ere tokia izan zezan lortu nahi zuten. 25 urte, eta erraz esaten da. Zilarrezko ezteiak ospatu egin behar eta ehundik gora lagun bildu ziren Donostian, Miramar Jauregian, den-denak Elhuyarri egindako lanagatik zorionak emateko asmoz.

Hewish anderea eta Genevieve Sala.
EKAITZ

25 urte ospatzeko antolatu ekitaldian Antony Hewish Nobel saria irabazitakoa izan zen izarra; Unibertsoaren iraganaz, orainaz eta geroaz mintzatu zitzaigun. Alabaina, astronomiak liluratutako gizonak unibertsoa barru-barrutik astindu baino lehen bere mahaikideek izan zuten hitza.

Pili Kaltzadaren eskutik jaso zuen hitza Inaki Irazabalbeitia Elhuyarko lehendakaria. 25 urtez lankide izandako erakunde eta pertsona orori eskerrak eman zizkion, beraiei esker Elhuyar bizirik dagoelako. Sortzaileak ere ez zituen ahaztu eta zoriondu zituen hauek ere, “haien amets eroa martxan jarri zutelako eta ekinaz garai batean ezina zirudiena, egia bihurtu dutelako eta amets hura gaur egun errealitate sendoa delako”.

Pedro Migel Etxenike, Juanjo Gabiña, Antony Hewish eta Hewish anderea.
EKAITZ

Iraganari ezezik etorkizunari ere so egin behar eta honela amaitu zuen Irazabalbeitiak bere hitzalditxoa: “Gure gizarte osoari eguneroko iharduera kulturalaren estrategikotasunaz jabearaztea dugu erronka euskal kulturaren agenteok zein kultur agintariek. Asmo horretan lankide eta gogoetakide izango dute Elhuyar batzuek eta besteek”.

Mari Karmen Garmendiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak segi zion Irazabalbeitiari eta aitortu zuenez “neurri txikian bada ere, zilarrezko ezteietako partaide sentitzen naiz, senarraren bidez Elhuyarko larunbateko bileren berri eta aldizkariaren berri bainuen”.

Itziar Nogeras (semea besoetan), Iker Etxebeste eta Olatz Rico. (EKAITZ).

Honela zuzendu zitzaion Kultura Sailburua Elhuyarri: “Zuek gezurtatu duzue Unamunok, Suarezek eta beste askok errepikatu duena; euskara beste edozein hizkuntza bezalaxe gai dela fisika, kimika, teknologia berrietarako... erakutsi baituzue. 25 urte aldapatsuetan aurrera egin duenak hemendik aurrera ere egingo du”.

Hurrengo mahaikideak Pantxoa Etxegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak Elhuyar tadearen saila eta EKEaren helburuak berdinak ez direla azaldu zuen, baina “dudarik ez da elkar hobeki ezagutu behar dugula eta ahalaz lotura sendoak finkatu” azpimarratu zuen. Elhuyarri esker euskara ez dela bakarrik baserritarren hizkuntza frogatu dela adierazi zuen eta euskarak balio duela komunikazio zientifikorako ere.

Elhuyarren 25 urteak ospakizuna aitzaki, euskara eta zientzia bikoteari buruzko gogoetak “luncherako” utzi eta Pedro Migel Etxenikek, Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak, Antony Hewish jauna aurkeztu zuen. Urte askotako esperientzia bizkarrean, maisutasun handiz unibertsoaren sorrerari eta geroari buruz azalpen mamitsua eta era berean interesgasrria eskaini zuen.

Jon Urrujulegi, Iñaki Azkune, Mari Luisa Aizpuru eta Pantxoa Etxegoin.
EKAITZ

Zazpiak jota hasi zen ekitaldia eta bederatziak laurden gutxirako aretoa hutsik geratu zen, gosea errudun. Zertxobait janez eta edanez, hantxe bildu ziren ehundik gora lagun, EAEko eta Nafarroako politikariak, kultur erakundeetako kideak, komunikabideak eta, nola ez, protagonistak; Elhuyarko sortzaileak batetik eta gaur egun dirautenak bestetik. Tertulia goxoan ari zirela harrapatu genituen batzuk eta besteak eta zilarrezko ezteiak direla eta kroketa eta kroketaren artean, aldizkariari hitz batzuk eskaintzeko astia hartu zuten.

Josu Jon Imaz, Julian Beloki eta Jose Ramon Beloki.
EKAITZ

Pedro Migel Etxenikeren ustez, gaur egungo gizartearen etorkizuna zientziak finkatuko du. Beraz, euskarak bizi behar badu, zientzian ere bizi beharko du. “Ez zait gustatzen euskara fisikaz eta teknologiaz aritzeko gai dela hainbeste entzutea. Hori agerian dago. Zientziak eta euskarak uztartzeko ez dute inolako oztoporik, lan egin behar da eta Elhuyarrek horixe egin du”. Roman Sudupe, Gipuzkoako Aldun Nagusiak zorionak eman zizkion Elhuyarri euskara zientzian ere, edozein hizkuntzaren pare jartzeko bidea urratu duelako.

Josu Jon Imazek ere, (garai batean Elhuyarrekin kolaboratutako kimikariak) bazuen zer esanik: “Elhuyarko kidea, laguntzailea, izan naizen aldetik ez da erraza partziala izaten. Herri bat eraiki nahi badugu bi ardatz nagusi daude. Kultura, euskara, nortasuna ordezkatzen duen adarra eta bestetik gaur egungo munduak eramaten gaituen teknologia, zientzia, lehiakortasunaren adarra. Elhuyarrek bi adarrak lotu ditu”.

Joseba Atxotegi eta Joan Mari Irigoien.
EKAITZ

Martxelo Otamendi, “Euskaldunon Egunkaria”ko zuzendariak ere ez zuen huts egin zitara eta bere iritzia eman zigun: “Oso egoera txarrean aritu da urte askotan Elhuyar eta zientzia eta teknologiaren esparruetan aitzindaria izan da. 25 urte hauek erakutsi dutena da balore estrategiko ikaragarria dutela horrelako ekimenek eta duten garrantziaren arabera kontu egin behar zaiela eta laguntza behar dutela. Laguntzak emateko daudenek futbol-zelaian besteek jokatzen duten baloi berberarekin jokatu behar dute eta ez tarteka-marteka zulatuta dagoela ematen duen baloiarekin”.

Berriketak berriketa, kroketa ezkerreko eskuan eta kopa eskuinekoan, duela 25 urte zientzia euskaraz bizi dadin lanean hasitakoen aitzaki, tertuliak aurrera luze jarraitu zuen. Amaieran ez adiorik, urrezko ezteietan ikusiko dugu elkar…

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia