}

Grafinoa grafenoarekin lehian

2012/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

grafinoa-grafenoarekin-lehian
6,6,12-grafinoa. Simetria laukizuzena du, eta ez hexagonala, grafenoak bezala. Arg. © D. Malko et al./Phys. Rev. Lett. (2012)

Grafenoa karbono-atomo bakarreko geruza-lodiera duen materiala da, eta bere propietate mekaniko eta elektronikoek itxaropen handiko material bihurtu dute. Grafinoa oso antzekoa da, baina haren karbono-atomoak ez dira hexagonoak osatuz antolatzen. Grafinoaren karbono-atomoen artean lotura bikoitzak eta hirukoitzak sortzen dira, eta, ondorioz, ez du beti simetria hexagonala hartzen.

Hain zuzen ere, simetria anitzeko konposatuen familia oso bat osatzen dute grafinoek, eta haietako batek, 6,6,12-grafino delakoak, grafenoak baino are propietate elektroniko interesgarriagoak izan litzakeela iradoki dute Physical Review Letters aldizkarian. Izan ere, materialaren simetria angeluzuzenari esker, posible izango litzateke eroankortasunaren norabidea nahieran kontrolatu eta mugatzea, grafenoan ez bezala.

Oraingoz, ordenagailu bidezko simulazio bidez iragarri dituzte propietate horiek, eta ez dago froga esperimentalik; grafino bakarra sintetizatu da gaurdaino, eta beste bat da. Iragarpena berretsiz gero, Diracen kono deritzon antolaera elektronikoa ez litzateke simetria hexagonalera mugatuko. Elektroien energia-mailak antolatzeko modu jakin bat da Diracen konoa, eta horri esker ditu grafenoak hain propietate elektroniko txundigarriak. Fisikariek uste zuten simetria hexagonalera mugatzen zirela Diracen konoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia