}

Goroldioek uste baino genoma konplexuagoa dute

2008/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Goroldioek uste baino genoma konplexuagoa dute
2008/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: M. Lueth)

Goroldioaren genomaren azterketak erakutsi du goroldioak uste baino konplexuagoak direla. Zientzialariek pentsatzen zuten goroldioak loredun landareak baino sinpleagoak zirela genetikoki. Baina goroldioaren genoman aurkitutako geneen % 20 orain arte ikusi gabekoak dira. Ikerketa honetan, Physcomitrella patens goroldio-espeziea aztertu dute. Kalkuluen arabera, 35.000 genez osatua dago, aztertutako lehen landareak baino 10.000 gehiago. Gainera, beste landareetan aurkitzen ez diren gene bereziak ageri dira goroldioaren genoman. Esaterako, P. patens espezieak sikatu ostean berpizteko eta eguzki-izpiek sortutako zauriak sendatzeko gene espezifikoak ditu.

Ikertzaileek uste dute goroldioaren geneetan landareek uretatik lurrera egindako bidearen gakoa egon daitekeela. Hasiera batean, landareak uretan garatu ziren, alga moduan. Lehiak eraginda, ordea, espezie batzuek lurrerako bideari ekin zioten. Ingurune urtarra atzean utzita, lehen inguruan zuten ura bereganatzeko bide berriak bilatu behar izan zituzten. Era berean, uraren babesetik kanpo, eguzki-argi kantitate handiagoari aurre egiteko mekanismoak bilatu behar izan zituzten, haren zuzeneko eraginaz babesteko. Lortutako datuek adierazten dute goroldioek, beste lur-landareek bezala, pauso horiek eman zituztela. Baina landare guztiek ez zituzten gaitasun berdinak garatu. Esate baterako, goroldioek ez zuten garatu loredun landareek likidoa garraiatzeko duten sistema baskularra.

1
240
2008
3
013
Genetika; Botanika
Berriak labur
8

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia