}

Gorabehera informatikoak pandemian

2020/06/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Istorio bitxi bat gertatu da koronabirusaren ikerketaren testuinguru honetan. Martxoaren erdialdean, pandemia zabaltzen ari zenean eta Europako herrialdeek erabakitzen ari zirenean zer neurri hartu behar ziren, Neil Fergusonek, Londresko Imperial College-ko ingeniari konputazional batek ordenagailu bidezko simulazio baten emaitzak argitaratu zituen Nature aldizkarian. Emaitzen arabera, neurririk hartzen ez baziren, pandemiak 500.000 hildako utziko zituen Erresuma Batuan, eta 2.200.000 Estatu Batuetan. Izutzeko moduko zenbakiak dira. Galdera zen ea ondo eginda zegoen simulazio hori ala ez.

gorabehera-informatikoak-pandemian

 

Simulazioak ez zuen oso harrera ona jaso. Kritika bortitzak izan zituen. Suntsitzaileak. Zientzian, emaitza bat argitaratzen denean, egileak ez diren beste zientzialari askok errepikatzen dute lana (kasu honetan simulazioa), kondizio berberetan. Helburua da baieztatzea edozeinek gauza bera eginda, emaitza bera ateratzen dela. Baina simulazio honetan, softwarearen kodea oso gaizki idatzita zegoen. C++ lengoaian idatzitako programa zen, oso zikina eta aldrebesa. Horregatik izan ziren kritika bortitzak: “Erabat fidakaitza”. “Akatsez betetako nahaspiloa”, hitz gogor asko esan ziren.

Istorioaren bukaera ezusteko bat izan da. Cambridgeko unibertsitateko neurozientzialari batek errepikatu du simulazioa eta hasierako emaitzak ematen ditu. Beraz, frogatu egin du hasierako kritika suntsitzaile haiek ez zirela bidezkoak.

Gogoeta interesgarria dago hemen. Simulazioaren planteamendua bera kritika daiteke. Ez dugu inoiz jakingo emaitza horiek zenbateraino errealak lirateke Erresuma Batuak eta Estatu Batuek neurririk jarri izan ez bazuten. Baina alde informatikoa ez zen fidakaitza. Zientzialarien komunitatearen presioak zakarretara bidali zuen erabilgarri izan zitekeen tresna bat.

Egia esan, bi jarrera izan ziren martxoan. Bata, kritika zorrotza eta itsuarena; bestea, ordea, kritika eraikitzailea zen. Zenbait zientzialarik lagundu zioten Fergusoni programa garbitzen eta erabilgarriago bilakatzen. Izan ere, bigarren bertsio txukunago bat argitaratu zuten apirilaren hasieran. Bigarren taldeko hauek ulertzen zuten, pandemiaren testuinguruan, ezin zela programa hain konplexu bat zerotik hasi, eta Fergusonek ahal izan zuen moduan egokitu zuela eskura zeukan beste bat, ahalik eta azkarren erabiltzen hasteko. Hainbat zientzialarik dioten bezala, kode zikineko programa horiek ohikoak dira onartzen ditugun lan askotan. Orain, ikusten da, txukuna ez zen arren, programa horrek balio zezakeela abiapuntu bezala.

Baina kritika suntsitzaileek hegoak moztu zizkioten. Gaur egun hater hitza erabiltzen dugu, ezta? Bada, badira haterrak ikerketaren munduan ere, eta oso suntsitzaileak dira.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia