Elhuyar zientziaren komunikazioa

Gogoetarako gakoak, "Balio berriz balio" proiektuaren instalazioan

Iaz CAF-Elhuyar Zientzia Gizartean sorkuntza-beka irabazi zuen proiektuak

2014/02/28 Elhuyar Zientzia

“Puskak, obra hondakinak, zaborra, sastarra ... zergatik dira baztergarri: funtzioa galdu dutelako ala behatzeari utzi diogulako? Posible al da hondakin kontzeptua deuseztatzea? Zelan berritu balioa, berriz balio dezan?” Galdera horietatik abiatuta, erantzun bila aritu da Arlette Apraizek, Doltza Oarartetak, Jaione Ortiz de Zaratek, Maider Amutiok, Nerea Andresek eta Oihane Enbeitiak osatutako taldea. Bederatzi  hilabete iraun du bilaketa-prozesuak, eta orain aurkeztu dute emaitza, arte-instalazio baten bidez.

gogoetarako-gakoak-balio-berriz-balio-proiektuaren
Gernikako bunkerrean prestatu dute Balio Berriz Balio proiektuaren emaitza den instalazioa. Arg. Eider Carton / Elhuyar Zientzia

Gernikako Astra kulturarako fabrika sozialaren aurreko bunkerrean egin dute instalazioa. Hain zuzen ere, taldekideek berariaz aukeratu dute leku hori erakusketarako, bat egiten baitu proiektuaren “espirituarekin”.

Adierazi dutenez, “balio bakarreko bizitzaz haraindi” begiratu nahi izan dute,  eta  hondakin kontzeptua zalantzan jarri dute, “objektuetan, pentsamenduetan zein espazioetan bide berriak deskubritzeko”.  Orain, instalazioaren bidez, gizartea gonbidatu nahi dute begiak, belarriak “eta burua” zabaltzera, eta balioei buruzko gogoeta egitera, “prozesuan aberastu gaituena gizartearentzat ere aberasgarria izango delakoan”.

CAF-Elhuysar sarien 2012ko zientzia gizartean sorkuntza-beka jaso zuen "Balio berriz balio" proiektuak. Arg. Eider Carton / Elhuyar Zientzia

Horretarako, lagungarri dute bunkerraren giro intimoa, haien ustez, aproposa baita “norbera bere barrura begira jartzeko”. Hala, instalazioan ibilbide bat egitera gonbidatzen dute bisitaria. Hasieran, kandelen argi xumeek argitzen dute bidea. Berehala, aho batekin egiten du topo bisitariak. Proiektatutako ahoak aldi berean erakarri eta harritu egiten du bat, ezin zaio ihes egin. Halako batean, eten egiten da ahoaren mugimendua eta ahotsa: esan du esan beharrekoa.

Aurrerago, hausnarketa bultzatzeko beste elementu batzuk aurkitzen ditu bisitariak: soinuak, usainak, ileak, ispiluak… Eta beste aho bat, beste mezu batekin oraingoan. Gero, uraren zikloa erakusten duen kanpaia, sustraidun aulki hegalari baten gainean. Azpian area, eta espirala. Eta sastrakaz inguratutako atearen beste aldean, taldekideek bizi izan duten prozesua laburbiltzen duten bideoa. Horrekin ixten da ibilbidea.

Bunkerraren kanpoaldean, instalazioa bisitatu dutenek haiengan izan duen eraginari buruz hitz egiten dute. Oraindik izango dute aukera berriro joateko, baita atzo gerturatzerik izan ez zutenek ere. Hain zuzen, asteburuan irekita egongo da: larunbatean, 18tik 20tara; eta igandean, 12tik 14ra.

Balio Berriz Balio from nerea andres arribalzaga on Vimeo.

--> Ikusi Teknopolisen egindako erreportajea

--> Entzun egileetako bati Norteko Ferrokarrila irratsaioan egindako elkarrizketa

Aipatzekoa da proiektuak 2012ko CAF-Elhuyar edizioko Zientzia Gizartean sorkuntza-bekaren bultzada izan duela. Zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarreragina sortuko duten proiektuei laguntzeko helburua du bekak, eta iaz eman zen lehen aldiz. 2013ko CAF-Elhuyar sarietan ere aurreikusita dago beka ematea. Dagoeneko itxita dago proiektuak aurkezteko epea, eta sari-banaketaren ekitaldian jakingo da nork jasoko duen beka.

“Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”

Arg. Achucarro Basque Center for Neuroscience

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia