}

Galapago irletako ereduak

1992/02/01 Peillen, Txomin Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsas iguana-taldea, Rabida irlan
Iguana horia

Irla zoragarriak izan ondoren, ugarte horiek “Irla ustiatuak” izan ziren Charles Darwim Research Center Station 1959. urtean ireki zen arte, zeren 1935.ean Ekuadorrek irla haiek Nazio-Erreserba aldarrikatu ondoren, Izadiak pairatu zituen suntsiduren azterketa baizik ez bait zen egin. Geroztik Unesco-k ere lagundu dio salbapen-ekintza honi, munduko izadi-altxor sailkatuz.

Itsas iguana beltza.

Charles Darwin eta bere aurretik itsaslapur eta itsasgizonek ikusi zuten paradisua, bere basa bizitza galtzera zihoan. Irla haietan Charles Darwinek bizi-bilakaerari buruzko teoria eraiki zuen. Jakintzaleku izan zena eta izango dena, basamortu bilakatzera zihoan, lehenbizikoen ustiapen itsu eta latzak eta ondokoen axolagabekeriak hondaturik... The origin of Species liburu ospetua sorterazi zuten “Irla zoragarriek” gehiago merezi zutela, Ekuadorko jendea eta jakintza-mundua aski goizik jabetu ziren.

Itsas txakur arra lo.

Galapago irlen deskribapena baino gutxiago eta gehiago egin nahi nuke. Sailkapen bat lehenik, hiru irla-mota badirela esateko: irla itxiak (oso gutxitan aditu batek ikuskatzen dituenak, biztanlerik ez daukatenak), irla erdiirekiak (turista-kopuru batek, egunez eta bide berezi batzuetan ibiliz ikus ditzakeena) eta irla zabalak (landare eta abere, pizti eta zuhaitz zailago eta arruntagoz biztanletuak).

Itsas txakur ama-kumeak.

Horrez kanpo galtzear dauden basapiztientzat babeslekuak eta hazilekuak antolatu dira. Horregatik, bi norabide horiek ikertuko ditugu: salbatu egin diren eta erraz hurbil daitezkeen animaliena, eta beste artikulu batean, galzorian daudenena.

Antxeta enara-buztanduna.

Nolanahi ere, gure bisitaldian biztanle iraunkorrik, ehiztaririk eta zaratarik ez izateak basapiztiak mantsotu egiten dituela ikusi dugu, ezen errespetuzko urruntasuna edukiz gero (metro bat) ez bait ziren ez hegaztiak ez ugaztunak haserretzen eta ez bait zuten ihes egiten. Hurbilegi ginenean iguanek ttu egiten ziguten buru gaineko kulula eraikiz eta itsas txakurrak zaunka hasten zitzaizkigun haginak erakutsiz (ikus, argazkia).

Basa ehiza salbatuak

Galapagoetako zapelatz edo belatza.

Ongi zaindu eta babestu diren pizti-espezieak, gainera nasaiki ugaltzen direnak, ikusten dira Galapagoetan. Halaxe ditugu hegaztien artean zanga oinurdina (piquero de patas azules) euli-txori gorria (Pajaro brujo) fregata hegaztia, ubarroi hegogabea (Phalacrocorax apterus) amerikar pelikano arrea eta sasipinguinoak (Speniscus mendiculus), talde handietan irla-ertz guztietan bizi direnak (irletan jenderik ez dagoenean, ehiztaririk ez denean, bisita gutxi egiten zaienean). Beste irletan ordea, kaio, fregata eta albatrosez kanpo ez ziren besteak agertzen. Hegaztien artean ez da horrelako desorekarik, zeren Galapagoetako zapelatza hor bait dago, gaixoak eta ahulak egozteko (ikus argazkiak).

Amerikar pelikanoa.
Isabela irla

Noski, barrukaldean irla horiek lehorrak izaki, zelai aldeetan behintzat ez da hainbeste ur eta aintzirarik: ez dugu antzara edo basa ahaterik ikusi; ezta agindutako flamenkoak ere nabaritu. Mendietan ez ginen ibili, baina, eta San Cristobal irlako goi aldean nekazaritza sartua omen da. Beraz ez dut uste —erakutsi ez bazizkiguten ere— oihaneko hegazti asko dagoenik, papagai edo loro batzuk kenduta.

Itsas txakurkumea amaren zain.
Isabela irla

Horregatik ura itsasertzean dagoelarik, hor ere aurkitzen ditugu ugaztunak, nagusiki beren jatekoa itsasotik ateratzen dutenak, hala nola itsas txakurra (ikus argazkia), Mexikoko itsas lehoia baino txikiagoa —eta ehiztatua ez denaz gain— metro bat urrun hurbiltzen genuena. Galapagoetako itsas lehoi edo otaria horiek dotoreago dira, erosoago itsasoan igerika, baina lurreratzen direnean, fokak baino errazago dabiltza lehorrean. Halabeharrez lurreratzen dira, ezin bait dira itsasoan ernaldu eta umatu. Noski, gizaki bizizalerik ez duten irlak aukeratu dituzte lehorreratzeko.

Parekatu gabeko itsas txakur-taldea.
Rabida irlan

Irlatasunaren garrantzia bizidunen bilakaeran nabarmenki ageri da Galapagoetan, nola irla batean itsas iguana handi eta horia eta bestean txiki eta beltza den. Zorionez berrogeitamahiru irla daude han, ezen halaxe txandaka irla batzuk bisitalariei irekiz besteetan bizidunak “basa” jarraitzen laguntzen bait dute, basatasun horrek izua kentzen dietelarik eta ugaltzea errazten.

Oinurdin zanga.
Isabela irla

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia