Elhuyar zientziaren komunikazioa

Galapago irletako ereduak (eta 2)

1992/03/01 Peillen, Txomin Iturria: Elhuyar aldizkaria

Narrastiek gehienik zuten pairatu Galapagos irletan, zuzenean edo zeharka, han gizonak lehenbizikoz sartu zirenean; lehen itsasgizonek Testudo elephantina edo Testudo elephantopus, Galapagos irletako dortoka erraldoia eta haren arrautzak ere jan egiten bait zituzten.

Narrastien artean baldin gizona ez bazen lur- eta itsas iguanen jatera emana, berak berarekin ekarritako zakur, katu eta arratoiak kaltegarri handiak izan ziren, Conolophus izeneko lur-iguana galzorian ipiniz eta Amblyrhinchus ( azken aldian ikusia) hobeki irteten zelarik.

Beraz dortoka erraldoia eta lur-iguana begiratzeko eman diren urratsak eta erabili diren ikerbideak jakingarriak dira, nonnahi jakintzaren eta izadiaren onetan pizti-mota bat salbatu nahi denean. Hona zer ikasi dugun San Cristobalgo Centro Darwin delakoan, salbapen-ekintza horiei buruz. Hazteko leku batean animaliak nola zaindu dituzten adieraziko dugu segidan.

Iguanak

Zeuden lekuetatik basa zakurrak, mendi-katuak eta ahal guztiz arratoiak galerazi ondoren, lur-iguanak Isabela irlako Bahia Cartago-n bildu zituzten 1982an eta Santa Cruz irlako Cerro-Dragon-en 1987an sartu zituzten hazkuntzan jaiotako lur-iguanak. Geroago ezagutzeko eta jarraipena egiteko bakoitzari buru gainean daukan kukulan berunezko perla koloretsu eta kodetua lotu zitzaion, askatasunean nola handitzen, nola hazten diren –sei hilabetero– ikertzekotan.

Santa Cruzen dago lur-iguanen hazlekua eta 1976.az gero irletan bildutako iguanen bidez narrasti hauen taldea ugaldu egin da, ezen hazlekuetan etsairik ezaz, 110-130 egun luzatzen duen arrautzen umotzeak baldintza egokienetan egiten bait dira. Gero gazteak ondo zaindutako eta ikusi ez ditugun Isabela eta Santa Cruz irletako txokoetan askatzen dira. Seymour irlaren iparraldean zeudenak ere bildu zituzten eta hazlekuan sartu. Geroago ondoko Isla Baltra-n (giza biztanlerik gabeko aireportu-eremu denean) askatu zituzten.

Dortoka erraldoiak korralean.

Beraz, lau pausuak bete ziren: galzorian zeudenak biltzea, esparruan haztea, irletako hondakariak garbitzea eta iguana gazteez beste lekuak bizi eraztea.

Dortoka erraldoiak

Latinez, bizpahiru izen dauzkanez gero nere ustez azkena Geochelonia elephantopus da, UZEI-k onartua, aldatu ez duguna. Dortoka honek, gizona aski ez eta espeziea galerazteko mendi-katuak, basa zakurrak nahiz arratoiak etsai zituen eta arerioen eraginez 1965ean hazkuntzaren asmoak eta egitasmoa gauzatu zirenean galzorian zegoen.

Egitasmo horretarako, dortoka gehienak Ecuadorko lehorrean eta etxeetan bizi zirenak bildu zituzten. Quiton ere baziren eskoletan eta. Gero ezin ziren laga basamortuan, iguanen alderantziz, basa bizitzaren sena galduta zutelako. Ez zen haiekin arra eta emea aske lagatzeko saiorik egin: bildutako gehienak gatibu bizi eta hilko dira.

Iguanekin egin zen bezala, lekuko hondakariak, harrapariak, galerazi edo mugatu egin ziren, arrautzak erruteko lekuak zaindu, baina ez zen aski eta nahikoa izan dortoka-kopurua handitzeko. Azkenean hazteko lekura, korraletara, bildu ziren, ezen dortoka heldu gutxiegi zenean bildu bait zituzten arrautzak hegaztien atzaparretatik salbatzeko. Horrela, Española irlako dortoka txikiagoa gorde egin zen, azken horietatik hamabost bilduziren eta orain lekuan askaturik 350 dira, basatasunean ugalduko direnak...

Dortoka erraldoi errule gehienak, ordea, oraindik esparruan daude. Kumeak, harraparien arriskutik ihes egiteko, heldu arte ez dira dortokadun irletara igortzen. 1971. urteaz gero hazteko lekutik basa lekuetara 1.100 dortoka erraldoi banatu dira. Dortoka erraldoiak hazteko, arau estuak betetzen dira.

Berrehun eta berrogeitamar kiloko dortoka erraldoi arra
Oficina Central delako hazteko lekuan

Arrautzen umatzeak 85-200 egun iraun lezake, umeak azaroan edo maiatzean sortuz. Jaio bezain laster belar berdea eman ohi zaie; mendikoetatik edo Darwin ikertetxeko baratzetik. Hiru hilabetero neurtuz, bizpahiru urtez etxe-animalia moduan hazten dira. Gero urtebetez basa janariak ematen zaizkie; opuntiaren "sagar arantzaduna" eta janari latzagoak. Leku gehiagorekin bizi dira korrale handiagoan, askatasunera ohitzearren. Lau urteren buruan izadira bidaltzen dira. Irla batera igortzen dituzte basapizti-bizitza eraman dezaten.

Hor ere lan ederra daramate, edo berek diotenez abiatu, ezen pizti horien jarraipena ez bait da aski sendoa gizonak espezie baten heriotzarekiko borroka irabazi duela esateko.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia