}

Gaixotasun kardiobaskularrak: XXI. mendeko izurritea

1999/02/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hiltzeko bide ugariena izaten jarraitzen dute herrialde askotan, baita gurean ere. Miokardioko infartuak, bularreko anginak, bat-bateko heriotza edo garuneko istripu baskularrak dira gaixotasun kardiobaskularrik grabeenetako batzuk, kasurik gehienetan arteriak zurrundu egiten direlako sortzen direnak. Emakumea menopausiara iristen denean, gaixotasun kardiobaskularrak jasateko arriskua bere adinkide gizonezkoen berdina da.

Herrialde industrializatu gehientsuenetan, bertako biztanleek dauzkaten bizi-aztura erabat negatiboen ondorioz, patologia horrek gorantz jarraitzen du etengabe. Populazioa oro har arazoaren garrantziaz konturatu eta jabe dadin urtero-urtero prebentzio-kanpainak egiten dituzte osasun-agintariek. Kontua ez baita gaitz horiek eragiten dituzten hildakoen kopuru altua bakarrik, gaixotasun honen ondorioz pertsona gero eta gazteagoengan agertzen diren baliaezintasun goiztiarrak baizik.

Espainiako Bihotz Fundazioaren zuzendari den Victor López García-Aranda kardiologoak dioen bezala, "gaixotasun kardiobaskularrak dira, zehazki esan, bihotzari eta odol-hodiei erasaten dietenak. Usuenak arteria koronarioei dagozkienak dira —bularreko angina eta miokardioko infartua—. Atzetik datoz bihotzeko balbulak afektatzen dituztenak, beheko gorputz-adarretako arteriopatiak, aortaren gaixotasunak eta garuneko gaitz baskularrak; tronbosia eta garuneko odoljarioak, esaterako".

Zergatik sortzen dira?

Urteak aurrera egin ahala logikoa da gure arteriak hondatuz joatea, baina adinak dakarren "kalteaz" gain, bestelako kalte erantsirik ez egotea da kontua.

Gaixotasun desberdinak diren arren, guztiak sortzeko duten mekanismoa antzekoa da beti: arteriak edo zainak ez dira gai gorputzak —eta oso bereziki bihotzak— normal funtziona dezan behar duen odola eta oxigenoa hornitzeko. Eta odol-zirkulazioa behar bezala ez ibiltzeko kausa nagusia arteriosklerosia da, alegia arterien gogortzea. Arterien paretean hainbat substantzia pilatzen joaten dira (kolesterola eta kaltzioa, besteak beste), elastikotasuna galduz eta arteriak gero eta estuago bilakatuz.

Zangoak anputatu beharra, bihotz irekian operatzeko premia larria edota garuneko lesioak, odol-garastapenik ez dagoelako: horra hor gerta daitezkeen egoeretako batzuk. Beste kasu askotan, heriotza izan daiteke ondorioa. Lehenbiziko sintomak izan daitezke bularreko angina, memoriaren edota giltzurruneko funtzioaren trastornoak, zorabioak edota ibiltzean hanketako mina. New York-eko Mount Sinai Hospital-eko Kardiologi Institutuko zuzendari den Valentin Fucter kardiologo ospetsuak aspirinak prebentzioan duen garrantzia azpimarratzen du, eta honakoa dio: "XX. mendeko miraria da, dituen ezaugarri terapeutiko ugariengatik. Horrexegatik bereziki gomendagarria da, adibidez, aurreneko infartua jasan duten pertsona guztientzat".

Garbitu zure "hodieria"

Urteak aurrera egin ahala logikoa da gure arteriak hondatuz joatea, baina adinak dakarren "kalteaz" gain, bestelako kalte erantsirik ez egotea da kontua. Odola garraiatzen duten arteria eta benak hondakin kaltegarrietatik libre egon daitezen, hainbat arrisku-faktore ebitatu beharra dago:

Tabakoa

Hauxe da aparatu kardiobaskularrarentzat substantziarik kaltegarrienetako bat. Badira datuak heriotza kardiobaskular guztien % 30-40aren erantzulea tabakoa dela esateko. Erretzaileek erretzen ez dutenek baino bi aldiz arrisku handiagoa dute koronarietatik gaixotzeko, eta jatorriz bihotzekoa den bat-bateko heriotza edukitzeko arriskua, berriz, lau aldiz handiagoa. Tabakoak gure gorputzarentzat arriskutsuak diren bi substantzia ditu batez ere: nikotina, arteriak hondatu eta odol-koagulazioan alterazioak eragiten dituena, eta karbono(II) oxidoa, bihotzeko muskulura behar baino oxigeno gutxiago iristea eragiten duena.

Kolesterola

Jan-neurri osasungarriaren bidez kontrola daiteke: haragi gutxi, fekula asko (patata, arroza), berdura, fruta eta arraina (ikusi honi buruzko laukitxoa). Hori guztia oliba-olioarekin maneiatua edo, bestela, ekilore edo soia-olioarekin.

Hipertentsio arteriala

Puntu honi dagokionez, tentsio arterial altua duen pazienteak dieta mediterraneoa hartu beharko luke, gatz gutxikoa, eta bere medikuak botikei buruz emandako aginduak zorrotz bete beharko lituzke. Medikazioa ez da utzi behar, ezta tentsioa itxuraz kontrolatua dagoenean ere. Bestalde, botikak bizitza guztirako dira, ez sintomak daudenerako bakarrik.

Diabetea

Diabetikoek glukosa gehiago dute odolean eta azukre-sobera horrek odola garraiatzen duten hodiak altera ditzake. Oraindik ere jende askorentzat horretako gaitzak gizonezkoen kontua dira. Eta hori ez da erabat egia. Gizonezkoengan gehixeago gertatzen dira, bai, baina emakumea menopausiara iristen denean, gaixotasun kardiobaskularrak jasateko arriskua bere adinkide gizonezkoen berdina da, gaitz honetatik babesten zuten hormonak jada bere gorputzean sintetizatzen ez direlako. Gaitz horiek dira, hain zuzen ere, emakumeen aurreneko heriotza-arrazoi adin horretan, gure herrialdean urtero hiltzen diren 150.000 emakumeetatik, erdiak mota horretako gaitzen batengatik hiltzen direla eta esan daiteke. Bestalde, adinean aurrera doazen emakumeengan infartuak gizonezkoengan baino pronostiko okerragoa dute, grabeagoak izaten dira.

Zer egin dezakegu?

Gauza serio eta pisuzkoak albora utzi gabe ere, beti komeni da bizitzari aurpegi alaiarekin aurre egitea.

Prebentzioa eta ikerketa ezinbesteko faktoreak dira bihotzari eragiten dioten patologia horien aurrerakada (orain arte geldiezina izan dena) nolabait oztopatu nahi baldin bada. Eta horrexegatik ikertzaileek milaka milioi gastatzen dituzte eta ehunka ordu ematen dituzte tratamendu-bide berriak bilatzen, edo gaur egungoak bezain inbaditzaileak eta gogorrak ez diren metodo kirurgiko berriak martxan jartzen. Adibidez, bideokamera txiki-txikiak erabiltzen dira, kaltetutako zonan (arteria baten paretean, adibidez) maniobratzeko eta informazioa eskaintzeko gai direnak: operatzeko instrumentalaren tamaina hainbeste murriztu da, ezen gaur egun kirurgiaren ondoren geratzen diren orbainak txiki-txikiak baitira. Ikusezinak dira, eta lekutan geratu dira garai bateko orbain handi eta itsusi haiek.

Baina ezer gutxirako balio du Zientziaren eta Medikuntzaren aurrerapausoak eta mesedeak gure alde edukitzeak, geronek gorputzari kaltea eta hondamena eragiten badiogu. Horregatik dira hain garrantzitsuak bizi-aztura osasungarriak. Gantzetan egokia den jan-neurria izatea, bakoitzak bere buruarentzat ideala den pisua mantentzea, ariketa maiz egitea (baina beti ere adinarentzat egokia, eta gehiegikeriarik gabe), estres-egoerak ebitatzea eta alkohol nahiz kafe-kontsumoa murriztea dira behingoz gaixotasun arriskutsu bezain deseroso horiek ebitatzeko neurri egiazki eraginkorrak.

Dena den, gauza serio eta pisuzkoak albora utzi gabe ere, beti komeni da bizitzari aurpegi alaiarekin aurre egitea. Dirudienez, miokardioko infartua jasateko arriskua handiagoa da tristura, tentsioa, estresa edo porrota sentitu eta hurrengo ordu betean. Aitzitik, eta AEBko Duke Unibertsitateko ikerketa-talde batek frogatu omen duenez, sentsazio positiboak izateak bihotzeko arazoak edukitzeko arriskua murriztu egiten du. Sarritan une txarrak eta etsipen-sentsazioak ebitatzea ezinezkoa gertatuko zaigunez, irtenbidea jarrera positiboa mantentzean dago eta beti alderdi positiboa ikusten jakitean.

Arrain freskue!

Astean gutxienez 35 g arrain jateak hainbat mesede ekartzen dizkio gure bihotzari, eta, miokardioko infartuagatiko heriotzak dezente jaitsi daitezke, tentsio arteriala murriztu eta odoleko koagulazioa ebitatzen delako. Ez da kopuru altuegia, beraz, irakurle lagun, izan ditzakezun mesedeak kontuan hartuz gero.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia