}

Fisiologia edo Medikuntza Nobela, giza papilomabirusa eta hiesarena aurkitu zituztenentzat

2008/10/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Karolinska Institutuak jakinarazi berri du nork jasoko duten abenduaren 10ean Fisiologia edo Medikuntza alorreko Nobel saria . Hala, bi gaixotasun larriren eragileak identifikatu zituztenei emango diete, erdibana: erdia Harald zur Hausen ikertzailearentzat da, giza papilomabirusa identifikatzeagatik eta umetoki-lepoko minbiziaren eragile dela frogatzeagatik; beste erdia, erdibana hori ere, Françoise Barré-Sinoussi eta Luc Montaigner ikertzaileentzat, giza immunoeskasiaren birusa (GIB) identifikatzeagatik.

Giza papilomabirusa, umetoki-minbiziaren eragile

Harald zur Hausenek Alemaniako Minbizi Zentroan lan egiten du, eta, 1970eko hamarkadan, garai hartako medikuntzan zegoen uste nagusiaren aurka egin zuen, umetoki-lepoko minbizia birus batek eragiten zuela proposatuta. Hala ere, ez zen minbizi horren sorreran birusek parte har zezaketela uste zuen bakarra, beste batzuek ere iritzi hori baitzuten, baina herpes birus bat zela uste zuten.

Giza papiloma birusa, mikroskopio elektronikoaren bidez.
Argazkia: Estatu Batuetako Osasun Institutua

Harald zur Hausen ere hipotesi horrekin hasi zen ikertzen. Alabaina, umetoki-lepoko minbizi-zeluletan ez zuen herpes birusik topatzen, eta beste birus bat zela proposatu zuen: giza papiloma birusa. Pentsatzen zuen birus horrek zelulak infektatu eta minbizi-zelula bilakatzen bazituen minbizi-zelulen DNAn birusaren genoma aurkituko zuela. Eta, hala, hamar bat urte igaro zituen birusaren genoma bilatzen minbizi-zeluletan.

Ez zen lan erraza izan, giza papilomabirusaren genomaren zati bat bakarrik txertatzen baita zelulen DNAn, ez osoa. Hala ere, lortu zuen identifikatzea, eta hainbat mota zeudela konturatu zen: batzuek minbizia eragiten dute, eta beste batzuek ez. Batzuk eta besteak bereizi zituen, eta lehenengoei minbizia sortzeko gaitasuna zerk ematen dien ere frogatu zuen.

Harald zur Hausen-ek egindako lanari esker, asko aurreratu da umetoki-lepoko minbiziaren detekzioan eta prebentzioan . Esaterako, gaur egun, dagoeneko badaude bi mota gaiztoenenetatik (16 eta 18 genotipoak) babesten duten txertoak, nahiz eta adituak ez diren ados jartzen komenigarria ote den txertaketak egitea edo ez, ez baitakite zenbat luzatzen den immunitatea, eta beldur baitira beste motek sortutako minbiziak ugarituko direla.

GIBa, hiesaren eragilea

GIBaren egitura.
Irudia: Nobel Fundazioa

1981ean, gaixotasun berri bat deskribatu zuten Kalifornian eta New Yorken. Hiesa deitu zioten, eta berehala jabetu ziren azkar hedatzen ari zela. Hainbat ezaugarrirengatik (gaixo-taldeak, linfozitoen galera, odol bidezko transmisioa) eragileak erretrobirus bat izan behar zuela susmatzen zuten, eta haren bila jarri ziren ikertzaile-talde batzuk.

1983an Françoise Barré-Sinoussi eta Luc Montaigner gaixoei erauzitako linfozitoak aztertzen hasi ziren, kulturak egin zituzten, eta erretrobirusaren aztarnak bilatu zituzten. Kulturetan hazitako linfozitoek alderantzizko transkriptasa zutela ikusi zuten, erretrobirusek ugaltzeko erabiltzen duten entzima bat. Gainera, kulturetako linfozitoek linfozito osasuntsuak kutsatzen zituzten birus-partikulak askatzen zituztela frogatu zuten. Birus hori isolatu zuten, eta LAV deitu zioten ( linfadenopathy associated virus edo linfadenopatiarekin erlazionatutako birusa). Gero lotu zuten birusa hiesarekin, eta GIB izena eman zioten, giza immunoeskasiaren birusa, alegia.

Françoise Barré-Sinoussi eta Luc Montaigner ikertzaileen lanari esker, ikertzaile-talde asko hasi ziren ikertzen birusa bera, nola infektatzen duen organismoa, zer erantzun immunologiko eragiten duen eta zer egin daitekeen sendatzeko eta prebenitzeko. Arlo horietan guztietan aurrerapauso handiak egin diren arren, oraindik ez dago infekziotik babesten duen txertorik, eta ikertzaileek onartzen dute oraindik ez dakitela nahikoa sistema immunologikoan birusak duen eraginaz, txerto eraginkor bat lortzeko.

Izan ere, birusak hainbat mekanismo garatu ditu immunologia-sistemari ihes egiteko. Besteak beste, kanpoko geruzaren glukoproteinaren glikosilazioaren bitartez, neutralizazio-epitopoak babesten ditu, eta infektatutako zelulak betiko infektatuta geratzen dira, baita hildakoan ere. Gainera, ugaltzeko makinariak ez du akatsak zuzentzeko mekanismorik, eta, beraz, beste edozein birusek baino askoz gehiago mutatzen du.

Tratamenduak, aitzitik, asko hobetu dira azken urteetan, eta, hala, gaur egun tratamendu egokia jasotzeko aukera duten gaixoek pertsona osasuntsuek adinako bizi-itxaropena dute ia-ia. Baina tratamendua ez dago gaixo guztien eskura, ezta prebentzio-neurriak ere. Horregatik, asko aurreratu bada ere, asko dago egiteko, munduan hiesaren prebalentzia % 1 baita, eta hazten jarraituko duela aurreikusten baitute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia