}

Fibroblastoetatik, sagukumeak

2009/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Fibroblastoetatik, sagukumeak
2009/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Dr Qi Zhou)

Induzitutako zelula ama pluripotenteetatik sagukumeak sortzea lortu dute Txinako bi ikertzaile-taldek, bakoitzak bere aldetik.

2006an lehenengo induzitutako zelula ama pluripotenteak lortu zirenetik, galdera bat egon da ikertzaileen buruan: zelula horietatik abiatuta, garatu al daiteke animalia oso bat? Beijingo Zoologia Institutuko eta Shangai Jiao Tong Unibertsitateko ikertzaile-taldeak eta Beijingo Biologia Zientzien Institutu Nazionalekoak lortu dute, saguetan.

Alde batetik, saguen fibroblasto-zelulak birprogramatuz induzitutako zelula amak lortu zituzten; eta, bestetik, enbrioi baten bi zelulak fusionatuz, enbrioi tetraploide bat sortu zuten. Enbrioi tetraploideak plazenta eta enbrioia garatzeko beharrezkoak diren beste zelula batzuk garatzen ditu, baina ez animaliaren gorputza osatuko duten zelulak. Hala, enbrioi tetraploide horietan induzitutako zelula amak txertatu, eta enbrioi horiek sagu eme bati ezarrita, lortu dute induzitutako zelula pluripotenteetatik garatutako sagukumeak sortzea.

Jaiotakoak bidean hildakoak baino askoz gutxiago izan ziren: lehenengo taldeak berri eman duenez, 27 sagukume jaiotzea lortu dute. Zelula-lerro onenetik 22 atera dira, eta, horretarako, 624 enbrioi ezarri behar izan zituzten. Bigarren taldeak, berriz, 187 enbrioi ezarri zituen, eta bi sagukume bakarrik jaio ziren.

Jaiotako sagukume batek baino gehiagok arazoak izan zituen jaio eta gero ere: heriotza-tasa handia zuten, eta batzuek, gainera, anomalia fisikoak zituzten. Hala ere, Beijingo Zoologia Institutuko eta Shangai Jiao Tong Unibertsitateko taldearen 27 sagukumeetatik 12 ugaltzera iritsi ziren, eta haien ondorengoek ez zuten inolako anomaliarik izan, ikertzaileek adierazi dutenez.

1
258
2009
11
006
Bioteknologia
Albisteak
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia