Elhuyar zientziaren komunikazioa

Eztabaidak teilatuetan jarraitzen du

2010/01/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eztabaidak teilatuetan jarraitzen du
2010/01/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Eider Carton)

Telefoniako antenen segurtasun-neurriak batzuentzat nahikoak ez diren arren, fisikarien arabera ez dago arriskurik

Iazko abuztuan, erradiazio ez-ionizatzaileetatik babesteko irizpideak egokiak direla berretsi zuen ICNIRP batzordeak. Hain juxtu, batzorde horren gomendioetan oinarritzen dira telefonia mugikorreko antenei eta halakoei buruzko araudiak Europan. Hala ere, badira neurri horiek nahikoa ez direla uste duten pertsonak. Fisikarien ustez, ordea, ez dago hori pentsatzeko arrazoirik.

ICNIRP erradiazio ez-ionizatzailetik babesteko nazioarteko batzordea da. Hainbat arlotako zientzialari independenteek osatzen dute: medikuak, dermatologoak, epidemiologoak, biologoak, fotobiologoak, fisiologoak, fisikariak, elektrizitate-ingeniariak eta dosimetrian adituak. Besteak beste, maiztasun txikiko erradiazio-iturrien segurtasun-mugak zehazteaz arduratzen dira.

Hain zuzen, 1998an erabaki zituen ICNIRPk gehienezko muga horiek. Adibidez, 900 MHz-eko maiztasunean (telefonia mugikorrean erabiltzen den ohiko maiztasuna), gehienezko potentzia-dentsitatea 450 μW/cm2 izatea proposatu zuten. Muga horiek gomendioak dira, eta, horiek ezartzeko, ordura arte egindako ikerketa guztiak aztertu zituzten, ikusteko organismo bizidunek zer baliotatik gora erakusten zuten eraginen bat. Bada, gehienezko mugak balio haiek baino 50 aldiz txikiagokoak izatea erabaki zuen ICNIRPk.

ICNIRPren gomendioek Munduko Osasun Erakundearen eta fisikaren zein ingeniaritzaren arloetako nazioarteko erakunde nagusien oniritzia dute, eta horietan oinarritu ziren Europako Batasuneko herrialdeetako arduradunak legediak egiteko. Herrialde batzuetan balio horiek berak erabiltzen dira araudietan, eta beste batzuetan are gehiago mugatzen dituzte, hala nola Italian, Suitzan eta Errusian. Herrialde batzuen barruan ere, zenbait erkidegotan, gehienezko balioak gobernuak ezarritakoak baino txikiagoak dira. Espainian, adibidez, Gaztela-Mantxako erkidegoan baimendutako potentzia-dentsitate maximoa 10 μW/cm2 da.

Segurtasun-neurriak nahikoa ote diren auzitan jartzen dutenentzat, bateko eta besteko araudietan halako aldeak egoteak zalantza sortzen du, eta arauen oinarrian dauden gomendioak hain aspaldikoak izateak areagotu egiten du zalantza hori.

Alabaina, ICNIRPk ordutik egin diren ikerketak berrikusi ditu, eta ez du arrazoirik topatu gomendioak aldatzeko; hala, gomendioak berresten dituela adierazi zuten iazko abuztuan.

Bestalde, telefonia mugikorreko antenen inguruan egiten diren neurketek erakusten dute igortzen duten potentzia-dentsitatea ezarritako gehienezkoak baino askoz txikiagoa dela. Esate baterako, Espainiako Industria Ministerioaren datuetan, 2007an Madrilgo erkidegoan neurtu zen balio handiena, eta 2,32 μW/cm2 izan zen; hau da, ezarritako gehienezko muga (450 μW/cm2) baino askoz ere txikiagoa (193,9 aldiz txikiagoa).

Zenbaitek eskatzen dute antenak mendian jartzeko, herritik urrun. Baina zenbat eta urrunago jarri, orduan eta potentzia handiagoa izan behar dute. Arg.: Valentín Gómez.

Euskal Herrian ere, egin diren neurketa guztietan, jasotako balioak legeak ezarritako mugatik oso urruti geratu dira. Hala baieztatu digute Nerea Zabalak eta Joseba Zubiak, EHUko Elektrizitate eta Elektronika Saileko irakasleak eta Elektronika eta Telekomunikazio Sailekoak, hurrenez hurren.

Gainera, Zabalak ez du uste antenek igortzen duten erradiazioa kaltegarria izan daitekeenik. Haren esanean, mugikorrek eta kablerik gabeko sistemek erabiltzen dituzten erradiazioek energia txikia dute, eta, beraz, ez dute arriskurik. Eta gaineratzen du, "aitzitik, ultramoretik aurrera energia handia dute, ionizatzaileak dira, eta horiek badute kaltea eragiteko gaitasuna". Horrela, bada, paradoxikoa iruditzen zaio jendea gehiago kezkatzea antenek igortzen duten erradiazioaz Eguzkiak igortzen duenaz baino.

Joseba Zubia bat dator Zabalarekin, eta irmotasun handiz azaltzen du bere jarrera. "Ni mahai-inguruetan eta eztabaidetan aritu naiz iritzia ematen, nik dakidan arloaz eta ikusten dudanaz. Antenen aurkakoek froga garbiren bat erakutsiko balidate, ez nuke arazorik izango antenak kentzeko edo segurtasun-neurriak zorrozteko eskatzeko. Baina oraingoz froga guztiek kontrakoa erakusten dute; alegia, ez direla arriskutsuak osasunerako".

Mahai-inguru horietan, jendeak okerreko usteak dituela ohartu da. Adibidez, askok eskatzen dute antenak herritik kanpo jartzeko. "Galdera da: Mendian jar daitezke? Eta erantzuna da: Bai. Baina, jarri behar dira? Bada, erantzuna da ezetz." Izan ere, urruti jarriz gero, potentzia handiagoa izan beharko lukete. Hortaz, pikoantenak, hau da, watt baten inguruko antena txikiak jartzea proposatzen du Zubiak, estaldura eta seinalearen maila berdintsuak izan daitezen leku guztietan. Ildo horretatik ikertzen jarraitzearen aldekoa da.

Bestalde, harrigarria iruditzen zaio pertsona batzuk hainbesteko beldurra izatea antenei, eta, hala ere, mugikorra erabiltzea, "telefonoen bidez antenen bidez baino erradiazio gehiago jasotzen baitute. Eta adibide hau jartzen du: mugikor batek watt bateko potentzia igor dezake, eta hizketan ari denak belarrira itsatsita dauka; aitzitik, antena batek 20 watt izan ditzake, baina 10 metrora dagoen pertsona bati 0,2 watt baino ez zaizkio iritsiko.

Antenetara itzulita, antena-kopurua minbizi-kasuekin erlazionatzen duten zenbait ikerketa epidemiologikori buruz ere iritzi sendoa du Zubiak. "Labezomorroaren ikerketa bezalakoak dira: hankak kendu ahala gorrak bihurtzen dira labezomorroak, deitutakoan ez baitira ikertzailearengana joaten. Bada, halako ondorio okerrak ateratzen dituzte ikerketa horietan". Eta jarraitzen du: "preserbatibo-kopurua eta minbizi-kasuak erlazionatuz gero ere, erlazio zuzena dutela aterako litzateke. Nik zapatekin egin dut proba, eta ateratzen da".

Urrezko nanoantenak: datuak argi ikusgaian transmititzeko aukera
Datu gehiago denbora gutxiagoan transmititzeko, gero eta irrati-maiztasun handiagoak erabiltzen ari dira ingeniariak. Duela urte batzuk, zientzialariek frogatu zuten litekeena zela datuak transmititzea irrati-uhinak baino handiagoko maiztasunetan, argi ikusgaiarenetan, hain zuzen. Horretarako arazo nagusia, ordea, antenen neurria da.
Karlsruhe Teknologia Institutuko Hans-jürgen Eisler eta Mathias Wissert, nanoantenak egiteko metodoa garatu duten ikertzaileek. Arg.: LTI.
Antena dipoloak dira igorlearen eta hartzailearen arteko komunikazioaren gakoa. Eta komunikazioa eraginkorra izateko, antenaren neurria uhin-luzeraren erdia izatea da aproposena. Horrenbestez, argi ikusgaiaren maiztasunetan, nanoantenak beharko lirateke. Esate baterako, argi horiaren maiztasuna 500.000 GHz da, eta 600 nm-ko uhin-luzera du. Hala, antenak gehienez ere 350 nm neurtu beharko luke.
Nanoantena bat mikroskopioz ikusita. Koloreek transmisio-maiztasun desberdinak erakusten dituzte. Arg.: LTI.
Neurri horretako antenak egitea oso zaila da. Orain, Alemaniako Karlsruhe Teknologia Institutuan, elektroi-sorta bidezko litografia erabilita, 100 nm baino txikiagoak diren urrezko antenak egitea lortu dute. Urrezko nanoantenek irrati-antenek bezala funtzionatzen dute, baina haiek baino 10 milioi aldiz txikiagoak dira (irrati-antenek metro bat inguru neurtzen dute), eta jasotzen duten maiztasuna irrati-maiztasuna baino milioi bat aldiz handiagoa da (100.000 GHz, 100 MHz beharrean).
Maiztasun horrek seinalea oso azkar modulatzea ahalbidetzen du, eta, horri esker, datu asko transmiti daitezke oso azkar. Ikertzaileen arabera, datuen transmisioa 10.000 aldiz azkarragoa izan daiteke, eta energia gutxiago kontsumituko luke. Gainera, inork ez du zalantzan jartzen argi ikusgaia ez dela arriskutsua, ez pertsonentzat, ezta animalia eta landareentzat ere.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
260
2010
1
024
Fisika; Osasuna; Telekomunikazioak
Artikulua
41

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia