}
Naiara Perurena Aizkorbe Farmazia-ikertzailea

"Ez baduzu dirurik, ezin duzu aurrera egin ikerketan"

2015/10/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ez-baduzu-dirurik-ezin-duzu-aurrera-egin-ikerketan
Arg. Manuel Castells/Nafarroako Unibertsitatea

Naiara Perurena Aizkorbek oso gaztetatik nahi izan zuen izan ikertzaile, eta zertan ikertu ere garbi zuen: minbizian. Nonbait, batxilergoan zegoela, gaixotasun bat aukeratu behar izan zuten hari buruzko lan bat egiteko, eta huraxe, minbizia, aukeratu zuen Perurenak. Gaian sakontzean, gustuko zuela ohartu zen, eta ordutik, etorkizunean horren inguruan aritu zitekeela izan zuen buruan.

Zaletasun edo interes horretan, beste zerbaitek ere eragina izan zuela aitortu du: “Pentsatzen jarrita, ni gazte nintzela, amonak minbizia izan zuen. Oso gertukoa nuen, beraz, nolabait, horrek ere bideratu ninduela uste dut”.

Edonola ere, barruko bulkadari jarraituz ikasi zuen Farmazia. “Ikerketa gustuko nuenez, ikasketa-garaian praktikak egin nituen laborategian, eta lizentziatu bezain laster, CIMAra etorri nintzen, masterra egitera”.

Nafarroako Unibertsitatearen Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroa da CIMA, eta Onkologia sailean dabil Perurena, tesirako ikerketa egiten. Hain zuzen ere, oraintxe aurkeztu du tesia, baina aurretik ere erakutsi du bere lana. Baita saria lortu ere: joan den apirilean, IBMS (International Bone and Mineral Society) eta ECTS (European Calcified Tissue Society) elkarteek Perurenak egindako lana saritu zuten, Rotterdamen antolatutako biltzarrean.

Zehazki, bularreko minbiziaren garapenean eta metastasian proteina batek, EPCR-k, duen eginkizuna ikertzen aritu da. Aitortu duenez, batzuetan gogorra egin zaio, “adibidez, ikusten duzunean esperimentu bat ez dela espero bezala ateratzen; horrek etsipen handia eragiten du”. Horrekin batera, kexu da diru-laguntzen murrizketek asko zailtzen dutelako bere lana: “Esperimentuak garestiak dira, eta ez baduzu dirurik, ezin duzu aurrera egin ikerketan”.

Pausoz pauso egiten da bidea

Txanponaren beste aldeari begiratuta, poz handia ematen dio ikusteak egindako lana onuragarria izan daitekeela jende askorentzat. Hala ere, ohartarazi du oraindik pauso asko eman beharko liratekeela tratamenduan hobekuntzaren bat lortzeko, bere ikerketatik abiatuta: “Nire lanari esker, badakigu proteina horrek zer eragin duen gaixotasunean. Hurrengo pausoa proteina blokeatzen duen molekula bat diseinatzea izango litzateke, eta gero, dena ondo joanez gero, proba klinikoak etorriko lirateke... Bidea luzea izaten da, eta nik bidearen hasierako pauso txiki bat baino ez dut eman”.

Etorkizunean, berriz, aurreragoko etapa batean ikertu nahiko lukeela dio, “pazienteengandik gertuago”. Hain zuzen ere, abenduan amaitzen zaio orain duen kontratua, eta gero Estatu Batueratara joan nahiko luke, han baitaude ikerketa-talde onenak. Han, minbiziaren tratamenduan sortzen diren erresistentziak gainditzeko modua ikertu nahiko luke.

Horrenbestez, orain Estatu Batuetako ikertzaileekin harremanetan jartzen saiatzen ari da, ea haietakoren batekin lan egitea lortzen duen. Ez da erraza izango, baina badu itxaropena: “Zaila da hango laborategietan sartzea, askok nahi baitugu gauza bera; baina biltzarretan, adibidez, izaten da haiekin aurrez aurre egon eta norbere burua ezagutzera emateko aukera”. Hil honetan izango du horretarako aukera, CIMAn egingo den biltzarrean.

Ainara Perurena Aizkorbe

Leitzan jaioa, 1987an. Farmazia ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean eta gero Ikerketa Biomedikoa izeneko masterra unibertsitate berean. Azkeneko lau urteetan doktore-tesia egiten aritu da CIMA-n. Bitartean, laborategiko klase praktikoak ematen aritu da Nafarroako Unibertsitatean, eta hiru hilabeteko egonaldi bat ere egin du, Estatu Batuetan, Cold Spring Harbor laborategian. Irailean aurkeztu du tesia: Role of EPCR in breast cancer progression and metastasis.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia