}

Euskom euskaraz

1993/03/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Industri sektoreez hitz egiten dugunean, gehienetan altzairugintza, papergintza, makina-erremintagintza, etab. izaten ditugu buruan. Hala ere, egun badaude beste industri sektore batzuk ere eta zenbaitetan aipatutakoak adina indar hartzen ari dira gainera. Hauetakoa da informazio-industria. Informazioa lantzeko, transmititzeko eta kontsultak egiteko, teknologia berrien beharra eta beraz, ikerketa teknologikoen beharra dago, eta ondorioz, edozein industri sektoretan bezalaxe eskaera eta eskaintza sortzen dira.

Informazio-industrian azpisektore asko dago eta artikulu honetan azpisektore horietako batean erabiltzen den produktu bat azalduko dugu. Azpisektorea telematika da eta produktua “EusKom” izeneko posta elektronikoa.

Telematika, nolabait definitzearren, telefono-linearen bidezko informazioa transmititzea da. Informazio-transmisioa, informazio-motaren arabera era desberdinetara egin daiteke. Posta elektronikoaren bidez, ohizko postaren bidez edo fax-ez transmiti daiteke informazioa.

Eusko Jaurlaritzaren babespean dagoen SPRI sozietate anonimoak SPRITEL programari hasiera eman zion joan den hamarkadaren bukaeran. Programa honen helburua zerbitzu telematikoak eskaintzea ezezik, berauek ahalik eta jende-multzorik handienak erabiltzea da.

Spritel-ek martxan jarritako zerbitzuen arteko lehenenetarikoa “EusKom” posta elektronikoa izan da.

“EusKom”en bidez, “EusKom”era konektaturik dauden beste erabiltzaile batzuekin mezuak truka daitezke. Sistema honek ohizko postarekiko duen abantaila nabaria da, hots, informazio-trukerako denbora gutxi behar da. Gainera, irakurritako gutunak berrikus daitezke eta jasotako gutunen kopiak, oharrak dituztelarik ala gabe, “EusKom”eko beste erabiltzaile batzuei bidal dakizkieke.

“EusKom”ek badu beste zerbitzu garrantzitsu bat, hots, mintegi elektronikoena. Mintegi elektronikoetan, bertara konektaturik daudenek eztabaidarako testuak elkarri bidaltzerik badute, eta halaber, beste batzuek bidalitakoak ere komenta ditzakete.

“EusKom”en lanean aritzeko komando-sorta bat besterik ez da ezagutu behar eta gainera guztia (hots, komandoak eta eskuliburua) euskaraturik dago. SPRITELek eta Elhuyarrek elkarlanean burututako lanari esker, euskarazko posta elektronikoa martxan dago jadanik. Zerbitzu honetan parte hartzeko, ondoko helbidera jo behar duzue: SPRITEL programa. Parke teknologikoa. Nido etxea (103) 48016 Zamudio.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia