}

Euskal Herriko hezeguneak (II): hezeguneetako bizia

2000/04/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurreko zenbakian aipatu genuen moduan, orain dela gutxi arte hezeguneen biologiaren ikerketa hauetako batzuetan agertzen diren ur-hegaztien komunitate joriak aztertzera mugatu da, baina zorionez, azken urteotan hezeguneen biologia eta ekologiari buruzko ikerlanen emendioak, alderdi hauetan dibertsitatea, endemikotasuna, bakantasuna, ekosistemaren funtzionamendurako garrantzia eta batzuetan, parametro erlatiboa izan arren, edertasuna eta antzeko faktoreen aldetik, izaki bizidun liluragarriak eta normalean ezezagunak bizi direla frogatu du.

Hurrengo lerroetan bizitza ezkutu eta harrigarri horretara hurbiltzen saiatuko gara, baina ez dugu ahaztu behar hezeguneen ezaugarririk garrantzitsuenetakoa aldakortasuna dela.

Oro har, hezeguneetan bi alde nagusi bereizten dira: urperatutako aldea eta hezegunearen ertzak. Era berean, alde nagusi hauek espazio-konpartimentu desberdinetan banatzen dira eta hauetako bakoitzean bizidunen komunitate desberdinak garatzen dira. Jarraian, hezegune-moten ugaritasunak orokortzea ikaragarri zaildu egiten duela kontuan izanik, sistema natural hauen landaredia eta faunaren osaketa eta ezaugarri nagusiak azaltzen saiatuko gara.

Landaredia. Interes handiko espezieak

Ura izatearen eta batez ere honen sakonera aldakorraren ondorioz, hezeguneetan gradiente ekologikoak agertzen dira. Gradiente hauei antzemateko modurik errazena landaredia aztertzea da, landareak hezegune gehienetan baldintza ekologikoen araberako gerrikoetan antolatuak agertzen baitira. Hezegune-motaren arabera, aipatutako gerrikoen espezie-osaketa alda badaiteke ere, gradienteetan zehar landareek dituzten bizi-baldintzak nahiko antzekoak dira guztietan. Horregatik sarrera honetan landaredi-gerrikoak oro har aztertuko ditugu, hezegune-mota bakoitzean hauek duten espezie-osaketa zehatz-mehatz bakoitza deskribitzean azalduko dugularik.

Agian gehiegizkoa den sinplifikazioa eginez, hezeguneen landaredia hiru gerriko nagusitan bana daiteke: ur irekietako, sakonera txikiko uretako eta ertzetako gerrikoetan.

Ur irekietan ingurune hauetan bizitzeko moldaturiko berezko landarediaren komunitaterik espezializatuenak agertzen dira. Sakontasun handieneko alderdietan landare baskularrek garatzeko zailtasun handiak dituzte eta horregatik bertan agertzen diren ekoizle primario bakarrak fitoplanktonaren (planktonaren landare-osagaiaren) alga zelulabakarrak eta zianobakterioak dira. Sakonerak Eguzki-izpiak hondoraino iristea galarazten ez dituen aldeetan ordea, fitoplanktonarekin batera tamaina makroskopikoa duten landareak (makrofitoak) gara daitezke eta horregatik landare-dibertsitatea askoz handiagoa da. Hauetan era askotako landare urtarrak ditugu: uraren gainazalean flotatzen bizi direnak, beti uraren azpian bizi direnak, organo batzuk uretan eta beste batzuk uretatik kanpo dituztenak, etabar.

Sakonera txikiko uretan garatzen diren landare-komunitateei dagokienez, kontuan izan beharrekoa da ur-mailaren aldakortasunari aurre egiteko ongi moldaturiko landare-espezieez osatuta egon behar dutela, hauek baitira denboran zehar hezeguneetan gertatzen diren uraren gorabeherak jasan behar izaten dituztenak. Landare-gerriko honetan bizi diren landareak sustraiak uretan eta aparatu begetatiboa uretatik kanpo mantentzen dituzten belar-espezie gogorrak eta oso lignifikatuak izan ohi dira eta heliofito izenez ezagunak dira.

Ertzetan, ordea, lurzoruaren hezetasun handia eta geruza freatikoa lurrazaletik hurbil dagoelako bereizten den aldean hain zuzen ere, ur eta lehorraren arteko trantsizioa mugatzen duen landare-gerrikoa garatzen da. Bertan ongi bustitako lurzoruetan bizitzeko moldatutako belar-espezie desberdinekin batera, sahats, haltza, milazka eta antzeko zuhaitz eta zuhaiskez osatutako zuhaiztiak agertzen dira.

Fauna, benetako altxor biologikoa

Hezegune-mota desberdinen ugaritasunak, hauetako bakoitzean dugun ingurune-aniztasunak, hezeguneek biziaren garapenerako dituzten baldintza bereziek eta hezegune gehienetan agertzen den elikagaien aberastasunak ekosistema hauek animalia-komunitate jori eta interesgarrien gordeleku izatea eragiten dute.

Faunaren kasuan, uraren eremua da joritasunik handiena duena; izan ere, bai landareen ekoizpen fotosintetikoa eta bai ertzetako emariak direla eta, materia organikoaren kontzentraziorik handienak bertan agertzen baitira.

Zooplanktonak (planktonaren animalia-osagaiak) garapen handia du hezegune gehienetan. Zooplanktona nagusiki bi animalia-taldez osatuta dago: krustazeoez (kladozeroak, kopepodoak, krustazeo desberdinen larbak,...) eta errotiferoez, baina beste hainbat taldetako ordezkariak ere izaten dira.

Hezeguneetako uretan bizi diren beste animaliek nektona (aktiboki igeri egiten duten animalien multzoa) osatzen dute. Gehienak arrainak dira, ur kontinentaletan batez ere salmonidoen eta ziprinidoen familietakoak, baina beste animalia-taldeetako ordezkariak ere ez dira falta, hala nola anfibioak (igelak, uhandreak...), narrastiak (ur-sugeak, apoarmatuak...) edo ugaztunak (igarabak, ur-arratoiak...). Beste batzuk, ordea, uraren gainazalean bizi dira eta neuston izeneko osagaia osatzen dute. Geruza mehe honetan mantendu eta bertan mugitzeko uraren gainazal-tentsioaz baliatzeko moldaerak dituzten animalia hauek, nagusiki barnealdeko hezeguneetan aurkituko ditugu eta gehienak intsektuak dira, hala nola zapatariak, urakarrak eta antzeko heteropteroak edo Gyrinus eta Acillus generoetako zenbait koleoptero.

Ekosistema hauen funtzionamenduan berebiziko garrantzia duen beste konpartimentua, hondo eta sedimentuetan garatzen den bentos izenekoa da. Ura eta material solidoen arteko interfase honek dituen bizi-baldintza askotarikoen ondorioz, izaki bizidun ugari garatzen da bertan. Komunitate hauetako bizidunek eginkizun garrantzitsuak dituzte, materia organikoaren birtziklapenean parte hartzeaz gain, hezeguneetako elika-kate konplexuen oinarrietako bat osatzen baitute. Animalia-talde ugari ordezkatuta dago bentosean (krustazeoak, moluskuak, anelidoak, intsektuak, nematodoak...) eta denek moldaera fisiologiko eta morfologiko bitxiak garatu behar izan dituzte alderdi hauek dituzten bizi-baldintza berezi eta gogorretan bizi ahal izateko.

Hezeguneetako ertzei dagokienez, hauen izaera aldakorrak animaliak bertan bizitzeko oztopo handia eskaintzen badu ere, badaude bertan bizitzeko moldatu den hainbat ornogabe eta ornodun-ezpezie. Hala ere, ingurune hauetan baliabide trofikoen ugaritasunaz erakarrita, hezegunearen ondoko ekosistemetakoak izanik bertara elikatzera hurbiltzen diren animaliek garrantzi handia dute.

Hegaztiak, ezagunenak

Hezeguneetako biziari buruzko azterkerta xume hau amaitzeko, ekosistema hauetako ornitofaunari atal bat eskaintzea erabaki dugu; izan ere, hau da hezeguneetako alderdi ezagunena eta berari zor diogu egun hezeguneek duten ospea eta aintzaspena. Ospe honen arrazoiak, hezeguneetan hegaztiek dituzten ugaritasun eta dibertsitatean bilatu behar dira. Ornodunetan, hegaztiak dira alderdi hauetan bizitzeko arrakastarik handiena lortu dutenak. Alde batetik, hegan egitea bertan mugitzeko lokomozio-sistema egokia da, eta bestetik, urak eta landaredi trinkoak harrapariekiko babesa eskaintzen die. Honi guztiari hezegune gehienetan nagusi den elikadura-aberastasuna gehitzen badiogu, ingurune hauen hegazti-joritasuna erraz uler daiteke.

Nolanahi ere, aipatzekoa da hegazti-espezie hauetan guztietan Euskal Herrian sedentarioak gutxi batzuk baino ez izatea, hau da, urte osoa hezegune berean igarotzen dutenak izatea, gehienak migratzaileak baitira eta gure hezeguneetan urtesasoi zehatz batzuetan soilik agertu edo bizi baitira. Migratzaileetan, Euskal Herrian habiagileak, negutarrak edo pasekoak diren espezieak bereiz daitezke.

Guztietan, hezeguneetako hegazti-dibertsitatea eta dentsitatea handiak dira eta honek espezieen arteko lehia handia izatea eragiten du. Lehia txikiagotzeko, uretako hegazti-espezieek espezializaziora jo dute, gehienbat baliabide trofikoen ustiakuntzan. Espezie batzuk mikrofagoak dira eta planktonaz elikatzen dira; beste batzuk fitofagoak dira; beste batzuk zoofagoak (arrantzaleak, ehiztariak, intsektiboroak, limikoloak...) eta badaude espezie omniboroak ere.

Dibertsitate hau guztia hobeto ezagutzeko ur-hegaztiak talde desberdinetan bana daitezke. Azter dezagun talde bakoitza sakonkiago.

Hegazti igerilari eta urpekariak

Talde honen barruan sartzen diren hegaztien ezaugarririk garrantzitsuenak hauek dira: bustita egon arren, hegan egiteko ahalmena eta gorputz-tenperatura mantentzeko balio duen lumaje hidrofugoa eta urpean aritzeko gorputz-moldaerak izatea, hala nola, mintzez lotutako hatzak edo hegal laburrak.

Hegazti igerilari eta urpekarien artean bi talde nagusi bereiz daitezke: batetik, Podicipediformes ordena osatzen duten murgil eta txilinportak daude eta bestetikAnseriformes ordena osatzen duten antzara, ahate, zertzeta, paita, murgilariak, zerrak eta gainerakoak. Itsasertzeko hezeguneetan beste bi talde ditugu, Gaviiformes ordena osatzen duten aliotena eta ubarroiena hain zuzen ere.

Antseriformeen barruan ere, elikatzeko ohiturak kontuan hartuz bi talde bereiz daitezke: urpekariak eta igerilariak. Lehenengoek, urpean hobeto mugitzeko, hanka eta hegal laburrak dituzte eta horregatik ez dira hegalari onak. Murgilari-espezieek eta ahate gorriztak osatzen dute talde hau. Bigarrenek, ordea, lepo eta hanka luzeagoak eta hegal indartsuagoak dituzte eta, beraz, hegalari onak dira. Gainerako antseriformeak sartzen dira talde honen barruan.

Lezkadietako hegaztiak

Aurrekoekin alderatuta, hezeguneen ertzetan garatzen diren lezkadietan bizi diren hegaztiek ez dute igeriketarako moldaera nabarmenik, denbora gehiena ingurune hauetako alde aereoetan edo substratu lokaztuan igarotzen baitute. Horregatik, hegazti hauetan, landaretzari hobeki heldu eta lurzoru lokaztuetan erraz mugitzeko balio duten hatz eta tartso luzeak nagusi dira. Bestalde, landaretza trinkoaren barruan mugitu ahal izateko, normalean gorputz estuak eta alboetan zapalduak dituzte. Azkenik, harraparietatik babesteko, hegazti hauek bakarzaleak izateaz gain, kolore kriptiko eta disruptiboak izan ohi dituzte; izan ere, defentsa-estrategia etsaiek ez ikustean oinarritzen da.

Elikadurari dagokionez, hegazti hauetan zoofagoak dira nagusi, lezkadietako landareen lignifikazioak, digeritzeko oso elikagai zaila izatea eragiten baitu.

Lezkadietako hegaztietan ere, bi talde nagusi bereiz daitezke; batetik, Gruiformes ordeneko Rallidae familia (kopetazuriak, ur-oiloak eta ur-oilandak) eta bestetik Passeriformes ordeneko Silvidae familia (lezkariak, benarrizak eta ihi-txoriak).

Zangaluze handiak

Lepo eta zango luzeak dituzten hegazti hauek talde heterogeneoa osatzen dute, hezeguneekin ertsiki erlazionatutako hegaztiak (ardeidoak, mokozabalak...) eta hezeguneekin noizbehinkako harremana duten espezieak (amiamokoak, kurriloak...) bere barnean hartzen dituelarik.

Multzo honen barruan aipamen berezia merezi du lertxun, lertxuntxo, amiltxori eta era honetako hegaztiak biltzen dituen Ardeidae familiak. Hegan egitean lepoa bildua eramateagatik erraz bereizten diren ardeido guztiak hezeguneetako hegazti harrapariak dira. Hauen ezaugarri nagusiak zango eta lepo luzeak, gorputz lirain eta dotoreak eta azkon-itxurako moko zorrotzak dira. Zango luze eta meheek, harrapakinak uxatu gabe, sakonera txikiko uretan ibiltzeko oso egokiak dira. Lepo luze eta malguek eta azkon-itxurako mokoek, ordea, ehiza-tresna eraginkorra osatzen dute.

Euskal Herriko hezeguneetan bederatzi ardeido-espezie ikus daitezke: lertxun hauskara eta gorria, lertxuntxo txikia, itzaina, karramarrozalea eta handia, amiltxori arrunta eta txikia eta txori zezen arrunta. Dena den, batzuk oso arruntak badira ere (lertxun hauskara, lertxuntxo txikia...), beste batzuk oso egoera kezkagarrian bizi dira Euskal Herrian eta, oro har, mundu osoan (lertxuntxo karramarrozalea, zezen txori arrunta...).

Bestalde, mokozabala ohiko migratzailea dugu Euskal Herrian eta, horregatik, irailean zehar mokozabal-taldeak gure zeruetatik igarotzen edo ongien kontserbatutako gure hezeguneetan ikustea ez da zaila. Euskal Herrian ikusten ditugun ale hauek; Holandan dagoen Europako erdialdeko kolonia habiagile bakarretik etortzen dira; izan ere, hegazti honek azken urteetan gainbehera larria izan baitu. Gure hezeguneetan migrazio-garaian baino gelditzen ez diren beste zangaluze-espezieak amiamoko zuria eta beltza eta kurrilo arrunta ditugu.

Limikoloak

Limikoloak lokatz eta istiletako ornogabeez elikatzen diren hegazti zoofagoak dira. Charadriformes ordeneko hainbat familiaz osaturiko talde zabala eta askotariko honen barruan txirriak, txirritxoak, bernagorriak, istingorrak, kuliskak, kurlintak, zankaluzeak, itsas mikak eta antzeko hegaztiak sartzen dira.

Taxonomikoki talde ugaritakoak izan arren, aipatutako elikadura-mota bera izateak moldaerak eta ezaugarri anatomiko eta fisiologiko antzekoak edukitzea eragiten du. Ezaugarri hauetan, aipatzekoak dira harrapakinak detektatzeko mokoetan sentikortasun handiko guneak izatea edo lokatzetan ibiltzeko eta harrapakinak harrapatzeko beharrezkoak diren zango eta moko luze eta indartsuak. Nolanahi ere, elikagaiak toki berean bilatzeak espezieen arteko lehia handia izatea eragiten du. Honen ondorioz, limikolo-espezieak oso espezializatuta daude, zango eta mokoen luzeren arabera sakonera eta substratu desberdinetan bizi diren hainbat ornogabez elikatzen direlarik. Tamaina txikiko limikoloak (txirriak, txirritxoak, harri-iraulariak) uhinen zabuari jarraituz, etengabe alde batetik bestera ibiltzen dira uraren ertzean. Harrapakinak (azaleko ornogabeak) ikusmen eta entzumenaren bidez detektatzen dituzte eta gelditu gabe mokokatzen dihardute. Tamaina ertaineko limikoloak (bernagorriak, kuliskak, txirriak) aldizka sakonera txikiko uretan sartzen dira azaleko ornogabeak zein sakontasun txikiko hondeatzaileak harrapatzeko. Hauen kasuan, ikusmena eta entzumenaz gain, ukimenak ere berebiziko garrantzia du harrapakinak harrapatzeko. Azkenik, tamaina handiko limikoloak (kurlintak, kuliskak, abozetak, zankaluzeak) beti uraren barruan elikatzen dira, harrapakinei (galeria sakonak hondeatzen dituzten ornogabeak) antzemateko batez ere ukimenaz baliatzen direlarik.

Oro har, Euskal Herrian limikolo-espezie gehienak pasekoak edo negutarrak direla esan daiteke, txirritxo txikia, kuliska txikia, bernagorri arrunta, hegabera, oilagorra, zankaluzea eta atalarra soilik baitira habiagileak.

Harrapariak

Ekosistema zingiratsuen ekoizpen handiak biomasa-kantitate itzelak sortzen ditu. Energia hau guztia alga eta ornogabeetatik, bigarren eta hirugarren mailako kontsumitzaile espezializatuetaraino bideratzen da eta azken maila hauetan daude hegazti harrapariak. Hala ere, ez dira asko hezeguneetako baldintzetara moldatu diren harrapariak. Hauetan, aipamen berezia merezi du arrano arrantzaleak, urtero-urtero, ezteiondoko migrazioan, gure hezeguneetan ale bakan batzuk arrantzan ikusi ahal izaten baitira. Barnealdeko hezeguneetan ugaria den zingira-mirotza dugu hezeguneetako baldintzetara moldaturiko beste harraparia. Hezeguneekin hertsiki erlazionatutako harrapariak ez izan arren, miru gorria eta miru beltza sarri hurbiltzen dira sarraski edo harrapakinen bila. Inguruko mendietatik itsasadarrera gutxiagotan hurbiltzen diren eguneko beste harrapariak belatz gorria, belatz handia, zapelatz arrunta, arrano txikia eta mirotz zuria dira.

Aurrekoekin ahaidetuak ez egon arren, egunekoen modura gaueko harrapariak inguruko ekosistemetatik hezeguneetara noizean behin hurbiltzen diren bisitariak dira. Ikus ohi diren espezieak apo-hontza, hontza zuria, urubia eta, neurri txikiagoan, mozoloa lirateke. Zingira-hontza ur-inguruneen hurbileko soro irekiak gustukoak dituen hegaztia da.

Besteak

Orain arte aipatutakoez gain, badira urte osoan edo gutxienez urtesasoiren batean, ekosistema aberats hauek eskaintzen duten elikagaien ugaritasuna ustiatuz, bertan bizi diren beste hainbat hegazti-espezie.

Hauetan, normalean itsasoarekin erlazionatzen ditugun hainbat hegazti espezie aipa daitezke, hala nola kaioak, itsas enarak, txenadak, eta abar. Kostaldeko hezeguneen kasuan gainera, lehen aipatutakoez gain, erraza da bizimodu pelagikoa duten zanga atlantikoak, gabai-espezie desberdinak, marikoiak, ahatebeltzak, pottorroak, martinak edo ekaitz-txoriak ikustea, batez ere udazkeneko ekaitz gogorreko egunetan, orduan haize-bolada bortitzek kosta-lerroa jarraituz migratzen duten hegazti hauek badia eta itsasadarretan babestera behartzen baitituzte.

Beste hegazti batzuk, alderdi hauetan jaiotzen diren intsektu hegalarik erakartzen dituzte, hala nola enarak, erlatxoriak eta sorbeltzak.

Bestalde, hezeguneen inguruan garatzen den landaretza trinkoa, lehen aipatu ditugun lezkadietako berezko hegaztien bizilekua izateaz gain, beste hainbat paseriforme-espezierentzat ere, gordeleku egokia da, hala nola berdantzak, miarritzak, txioak, buztanikarak, eta abarrentzat.

Azkenik, ezin dugu ahaztu hegazti-espezie oportunista gehienek (beleak, belabeltzak, mikak, txolareak...) hezeguneetan ere sarri ikus daitezkeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia