}

Etxekotutako animalien historia

2001/02/23 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ikerketa genetikoek erakutsi dute ardiak eta txerriak birritan etxekotu zirela, behin Europan eta beste behin Asian.

Aurreko batean etxekotutako zaldien jatorriaz aritu ginen hemen. Leku batean ez, baina leku askotan aldi berean etxekotu zirela aipatu genuen. Oraingoan, abelgorri, txerri eta ardiez arituko gara.

Animalien etxekotzea noiz gertatu zen jakiteko, mitokondrioetako ADNaz baliatzen dira ikertzaileak. Mitokondrioetako ADNa oso gutxi aldatzen da belaunaldiz belaunaldi, eta horregatik, espezieen adarrei jarraitzeko oso baliagarriak dira. Mitokondrioetako ADNa berdina dutenek jatorri bera izan ohi dute eta oso desberdina dutenek, aldiz, desberdina. Hau da, bi ale espezie berekoak izan arren, bata Japonian garatutako barietate baten ondorengoa dela eta bestea Perun garatutakoaren ondorengoa dela mitokondrietako ADNaren bidez jakin daiteke.

1994an Dublingo Trinity Collegeko ikertzaileek abelgorri modernoaren mitokondrioetako ADNa ikertu eta birritan etxekotuak izan zirela ondorioztatu zuten, baita etxekotzea milaka kilometrora zeuden bi lekutan gertatu zela ere.

Orain, txerri eta ardi modernoen mitokondrioetako ADNa aztertu ondoren, horiek ere birritan etxekotuak izan zirela ikusi dute. Bai abelgorriek, baita ardiek eta txerriek ere, desberdintasun harrigarri berak erakusten dituzte munduko bazter guztietan. Hiru kasuetan, mitokondrioetako bi ADN mota nagusi agertzen dira. Hau da, txerriak adibidetzat hartuz, mitokondrioetako ADNari begira A eta B motako txerriak daude. Ardiekin eta abelgorriekin gauza bera gertatzen da.

ADNaren analisiek abelgorria duela 8.000-10.000 urte etxekotu zela iradokitzen dute, batzuek Turkia, Jordania eta Irak inguruan eta besteak Indian. Ardiak ere, eskualde haietan etxekotu ziren lehenengoz. Txerriak, aldiz, batzuk Turkia inguru hartan bai, baina besteak Txinak etxekotu zirela uste da. Harrigarria badirudi ere, gaur egun munduko bazter guztietan dauden etxekotutako abelgorri, txerri eta ardiak, beraz, bi "iturri" desberdin eta zehatzetatik datozela ematen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia