}

Espaziotik zelatatutako animaliak

2000/06/18 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Animaliak kontserbatzeko erakundeek eta hainbat unibertsitatek "Gorilak lainopean" filmak hain ezagun egin zituen animaliak babesteko plana martxan jarri dute. Sateliteetatik egindako irudiak eta GPS sistema, biak batera erabiliko dituzte primateen etorkizuna bermatzeko. Bide batez, Ruandako unibertsitatea berriz eraiki eta gerrateak suntsitutako herrialdea zertxobait berpiztu nahi dute.

1994. urtean Ruandako gerrateak eta bertan egin ziren sarraskiek albistegi guztiak irudi ikaragarriz bete zituzten. Ruandako pobrezia eta hondamendia begi bistakoak dira; hala ere, hori guztia ahaztu gabe, beste zerbaitez mintzatuko gara gaur: Ruandako mendietan bizi diren gorilez, hain zuzen. Izan ere, animalia horiek zaintzeko asmo handiko plana abiatu berri du gorilen babeserako Dian Fossey erakundeak: ohikoak diren teknikez gain sateliteak erabiliko dituzte gorilak babesteko. Aipatutako Dian Fossey erakundearekin batera, hiru erakunde estatubatuarrek (Georgiako Teknologia Institutuak, Atlantako zooak eta NASAk) parte hartuko dute proiektuan. Telekomunikazioen aroa den garai honetako teknologia modernoa arriskuan dauden espezieen zerbitzuan jarriko da. Horrela, biologoek habitatak kontserbatzeko eta ekosistemak kudeatzeko bitarteko berria izango dute.

Gorilek duten mehatxurik larriena habitata galtzea da. Ruandak Afrika osoko biztanleria dentsoena du eta milioi bat pertsona baino gehiago dago oraindik non bizi ez daukana. Horiei guztiei bizlekua emateko, askotan lehen basatiak ziren lurrak erabiltzea besterik ez dago. Nekazaritzarako lursail gehiago behar izateak eta etxeak eraikitzeko zein sukaldean erabiltzeko egurra behar izateak, babestutako erreserba naturalak ustiatzera bideratu du herrialdea. Horrez gain, gizakia hurbil dagoenez, Virunga mendietara, hots, gorilen habitat hauskorrera gaixotasunak garraia ditzake. Azken urteetan, gainera, gorila asko hil egin dituzte: batzuetan jan ahal izateko, besteetan hiltzeko gogo hutsagatik eta zenbaitetan istripuz.

Teknologia digitala

Egun 600 bat gorilak osatzen dute Ruanda, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ugandako lurretako primate-kolonia. Munduan bizirik dirauten bakarrak dira eta haiek babesteko hainbat elkarte (besteak beste, Dian Fossey Nazioarteko Erakundea) ahalegin handia egiten ari da. Segurtasun arazoak zirela eta, goriletatik urrun ibili dira ikertzaileak azken boladan, baina berriz ere lanean hasiak dira dagoeneko.

Esan bezala, ikertzaile horiek espaziotik begira ere hasi dira. Lehenego eginbeharra animalien eta bertako ingurugiroaren egoera finkatzea izango da. Horretarako, sateliteek jasotako informazio geografikoaz, kamera bereziek airetik eginiko irudiez eta lekuan bertan finkatutako datu demografikoez baliatuko dira. Era honetan, Virunga mendiek har ditzaketen gorila kopurua kalkulatu eta etorkizunean gerta daitekeen habitat galeraren kontra oinarriak ezarriko dituzte. Eskualdeak gorilak mantentzeko duen gaitasuna bertako elikagai-kopurua neurtuz jakin daiteke, esaterako; eta bide batez, parke naturalak kudeatzeko informazio baliagarria eskuratuko da.

Teknologia berriek gorilen eta ingurunearen arteko elkarrekintza konplexuak ulertzen lagunduko dute, hala nola zergatik nahiago dituzten basoko gune batzuk edo zergatik ez diren inoiz hulbiltzen beste batzuetara. Izan ere, ikertzaileek lurraren, landarediaren eta ur-baliabideen ezaugarriak hobeto ulertuta, aurreko galderak erantzun daitezkeela uste dute.

Datuak biltzeko GIS (satelite bidezko informazio geografikoa) eta GPS (Posizionatze Globaleko Sistema) sistemak batera erabiliko dira. Jasotako irudiak hiru dimentsiotan ikusi ahal izango dira eta animalien ingurugiroaren erreplika birtuala ere egin dute.

Orain arte espezien kontserbazioan aplikatu ez diren oso tresna boteretsuak dituzte, beraz, biologoek esku artean. Ondoren, datuak haririk gabeko komunikazio-sistemen bidez zabalduko dira eta, azkenik, Interneti esker, informazio hori guztia munduko edozein bazterreko zientzialari edo biologoenganaino istant batean iritsiko da.

Goriletatik harat

Programa 1992. urtean hasi zen baina udaberri honetan bultzada handia jaso du, landareak banaka bereizteko gai den aireko kamera erabiltzen hasi baitira. Kamera Idahoko konpainiak batek garatu eta National Geographic erakundeak telebistarako saioa egiten zuen berarekin. Orain, berriz, gorilak babesteko erabiliko da. NASAk ere, dituzten sateliteen bidez, bere laguntza eskaini dio programari. Globalizazioa, beraz, animalien kontserbazioan dabiltzanengana ere iritsi da, tresna horiek herrialdeen eta kontinenteen arteko muga fisikoak gainditu baitituzte.

Proiektua ez da, ordea, gorilak babestera soilik mugatuko, animalien ongizatea ezin baita herriaren ongizatetik banandu. Horregatik, aipatutako teknologia horren guztiaren elementu batzuk Ruandan bertan garatu nahi dituzte. Azpiegitura zientifiko eta teknikoak eraikitzen eta bertako unibertsitateetako jendea trebatzen ari dira. Era horretan, Ruandako unibertsitateak nazioarteko lankidetzak gauzatu ahal izango ditu.

Teknologia hori nekazaritzara, gizarte zientzietara eta, oro har, zientzia aplikazioetara bideratuko da eta garapen-plangintzak egiteko tresna baliotsua izan daiteke. Horretarako ez ezik, teledetekzioa nazioaren mapa irudikatzeko, komunikazio-sareak garatzeko edo mineralak bilatzeko erabil daiteke. Dena den, gorilak zaintzeak ere onura zuzena ekar dakioke Ruandari, 1994. urtera arte gorilek erakarrita turista asko hurbiltzen baitzen bertara. Azkenean, teledetekzioa egin eta GIS sistema erabiliko dituzten zentroak mundu osora zabaldu nahi dituzte, gorilak ez diren beste animaliak ere babesteko.

Beste edonon ere bai

Txinako panda-hartzek edo Zaireko elefanteek Ruandako gorilen antzeko arriskuei aurre egin behar diete. Izan ere, munduko lau bazterretan euren habitata suntsitu edo eraldatu egin delako arriskuan dauden animaliak bizi dira.

Habitata eta landaredia desberdinak izango dira han eta hemen, baina suntsipen-ereduaren elementuak berberak dira. Horregatik, Ruandan aplikatuko den teknologia beste herrialdeetara zabaltzea proposatu dute dagoeneko.

Halako proiektuetan erakunde gehiagok parte hartzen badu, teknologia banatu eta kostuak gutxitzeko aukera egongo litzateke. Tokian bertan lanean dabiltzanek informazio osoa jasoko dute, denbora-tarte laburrean milaka kilometrora dagoen adituren baten laguntza jaso dezakete eta ikerketak erraz eta merke heda daitezke.

Aldez aurretik behintzat, ideiak ona dirudi. Guzti horrez gain, Ruandan bildu diren irudiak hezkuntzarako ere erabiltzen hasi dira. Virunga mendien erreplika birtuala egin dute Atlantan eta bertan gizakiak ingurugiroari nola eragiten dion norberak zuzenean ikus dezake. Kaiolan dauden gorilak begiratu ordez, programa birtualak beraiekin mendian bizitzeko aukera eskaintzen du. Sendietako kideen arteko erlazioak, hierarkia, eguneko eginbeharrak, borroka eta arriskuak errealak balira biziko ditu ikusleak. Hala ere, ea etorkizuneko gorilak (edo beste edozein animalia) mundu birtualean ez ezik, mendian ere topatzen ditugun.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia