Elhuyar zientziaren komunikazioa

"Erle erailea" ez da hain kaltegarria

1989/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iparrameriketako Cornell Unibertsitateko entomologoen arabera, erle eraile izenekoa ez da uste bezain erasokor eta kaltegarria. Entolomologoek hainbat urtetan aztertu dute Brasilen afrikartutako ezti-erle honen jokamoldea.

Erle hau duela zenbait urte sartu zen Brasilera. Europako Apis mellifera erlearen espezie bereko arraza bat da Afrikakoa. Brasilen sartua izan ondoren iparralderantz zabaltzen hasi da, urtero 500 km eginez eta hedatu ahala kriminal fama utzi duelarik. Honen erlakumeek animaliak, ganadua eta pertsonak ere hil dituztenaren berriak egon dira.

Erle hiltzaileak europarrak baino polinizatzaile kaxkarragoak izatearen fama dute gainera. Richard Nowogrozky erletan aditua den entomologoaren arabera, Afrikako erleak europarrak baino erasokorragoak dira, baina ez polinizatzaile eskasagoak.

Nowogrozkyk esan duenez, erle afrikarrak europarrak baino azkarrago heltzen dira eta horregatik polen gehiago behar dute erlategira eramateko. Ondorioz, beste espezieak baino polinizatzaile hobeak dira.

Erle hiltzaileen aurka erabili den beste argudio bat, erle europarren ekoizpena murrizteraztearena izan da. Brasilen hori gertatu zen erle afrikarra sartu eta ondorengo 10 urteetan, baina gaur egun inoiz baino ezti gehiago ekoizten da. Hasiera batean egon zen ekoizpen-murrizketaren kausa, erlazainek erle afrikarren hazkuntzak behar dituen baldintza bereziak (erlategiak elkarrekiko urrunago jartzea adibidez) ez ezagutzea izan omen da.

Erle afrikarrak badu gainera abantaila nabaria erle europarraren aurrean; barroasiak ez erasotzea alegia. Ezagunak dira akaro bizkarroi honek erlauntzetan sortzen dituen kalte handiak (ikus Elhuyar. Zientzia eta Teknika 11, 26. or.).

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia