}

Enrike Zuazuak jaso du Ikerkuntzako Euskadi Saria

2007/03/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aurten, Enrike Zuazua EHUko doktore eta Matematika Aplikatuko katedradunari eman diote 2006ko Ikerkuntzako Euskadi Saria. Hain zuzen, atzo jaso zuen saria Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitzan, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren eta Tontxu Campos Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eskutik.

Guri, berriz, Ikerkuntzako Euskadi Sariak Zuazuarekin hitz egiteko aitzakia eman digu. Elkarrizketa apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratuko dugu, eta, irratiz entzutea nahiago baduzu, Norteko Ferrokarrillak ematen dizu horretarako aukera.

Matematika Aplikatuan egiten duzu lan. Hain zuzen ere, askotan konturatzen ez garen arren, Matematikak aplikazio ugari ditu eguneroko bizitzan, ezta?

Enrike Zuazua 1961ean jaio zen, Eibarren (Gipuzkoa).
(Argazkia: Nagore Rementeria)

Bai, hala da. Adibidez, trafikoa. Autoa ezinbestekoa bihurtu zaigu gure eguneroko bizimodurako, baina, aldi berean, trafikoak arazo ugari sortzen dizkigu. Zientzia-formaziokoa ez dena, agian, ez da konturatzen matematikak balio duela trafikoa aztertzeko. Matematikariok, ordea, beste era batera ikusten dugu errealitatea. Auto bakoitza partikula bat da, partikula hori higitzen ari da, eta, gainera, beste partikula batzuekin elkarrekintzan dago (aurrekoa moteltzen bada, atzekoak ere abiadura txikitu behar du). Gainera, inguruko baldintzak aldatu egiten dira, eta horiek ere eragina dute osotasunean, esaterako, eguraldiak eragin zuzena du.

Orduan, zientzialari bat hasten bada horretarako eredu bat sortzen, matematikaren tresnak erabiliko ditu, eta planeten higiduraren antzeko zerbait izango da, edo fluidoen mugimenduaren antzekoa.

Trafikoa aztertzeko eredu matematikoek fluidoen ereduen antza dute.

Hain juxtu, horiek denak aztertzeko eredu matematiko abstraktuak erabiltzen dira, horiexek baitira egokienak errealitate hori azaltzeko. Eta, neurri handi batean, baita ekuazio diferentzialak edo deribatu partzialen ekuazioak ere.

Hala ere, trafikoa aztertzea ez da fluido bat azaltzea bezain erraza, autoen barruan pertsonak doazelako, eta pertsonek aukeratzen dutelako nola eta nondik gidatu.

Pertsonen jokabideak matematiken bidez azaltzea zer da, oso-oso zaila?

Ez da erraza, ez. Eta hori da, nire ustez, mende honetako matematikarion erronka handienetako bat, gizarte-zientzietan sartzea. Izan ere, giza portaeran badago zailtasun inplizitu bat, eta, orain arte egin ditugun ereduak egoera deterministentzat izanda, kontua da nola egokitu eredu horiek giza jokabideetara. Hor dago koska.

Hori da, beraz, erronketako bat. Zure iritziz, bide horretatik ez ezik, nondik joko du matematikak aurrerantzean?

Ordenagailuek eta informatikak eragin handia izango dute matematikan.

Nik uste dut joera nagusia matematikaren arloen arteko hibridazioa izango dela. Noski, sortuko dira arlo berriak, baina horiek ezin dugu jakin zein izango diren. Baina seguru esan daiteke arlo klasikoak (zenbakien teoria, geometria...) aplikatuagoak bihurtuko direla, eta matematika aplikatuak xurgatuko dituela teoria eta eredu klasikoak. Izan ere, aplikazioan sistema gero eta konplexuagoei eman behar diegu irtenbidea, eta, horretarako, matematikaren tresna guzti-guztiak behar ditugu.

Horrez gain, konputazioaren eta informatikaren munduak gero eta eragin handiagoa izango du matematikan. Orain arte gizakiaren esku zeuden hainbat eragiketa makinek egingo dituzte, eta horrek nahi eta nahi ez aldaraziko ditu zientzia eta matematika.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia