}

Emakumeek gaixotasun autoimmune gehiago izatearen azalpen bat eman dute

2016/03/21 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

emakumeek-gaixotasun-autoimmune-gehiago-izatearen-
Arrosaz ikus daitekezke X kromosoma isiltzeko prozesuan parte hartzen duten RNA molekulak (Xist). Gainerako zeluletan, isildutako X kromosomaren inguruan metatzen dira RNA molekula horiek; emakumeen eta sagu emeen linfozitoetan (B eta T zelulak), ordea, hori ez dela gertatzen ikusi dute. Arg. Pennsylvaniako Unibertsitatea

Bi X kromosoma izateak gaixotasun autoimmuneak izateko joera handitzen duela ondorioztatu du Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Ikusi dute emakumeen linfozitoetan X kromosometako bat ez dela guztiz isiltzen, eta horrek kasu batzuetan gaixotasun autoimmuneak eragin ditzakeela. Horrek azalduko luke zergatik diren gaixotasun autoimmune batzuk ohikoagoak emakumeetan. PNAS aldizkarian argitaratu dute lana.

Lupusa dute gaixoen % 85 emakumezkoak dira. Gaitz hori ikertu dute, hain zuzen ere, Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaileek. Zehazki, X kromosomaren isiltze-prozesua aztertu dute. Normalean, zelula bateko bi X kromosometako batean geneen espresioa inhibitu egiten da, gene beraren bi kopiak espresatu ez daitezen. Bada, ikertzaileek ikusi dute emakumeen immunitate-sistemako zelula batzuetan, T eta B linfozitoetan, X kromosomaren isiltzearekin lotutako prozesu batzuk ez direla behar bezala gertatzen. Eta, ondorioz, isildu beharreko kromosoma ez dela guztiz isiltzen. Baina hori emakume osasuntsuetan ere gertatzen dela ikusi dute.

Horrek immunitate-sistemarekin zerikusia duten hainbat generen espresioan nola eragiten duen ere aztertu dute, eta ikusi dute emakumeen linfozioten % 3-5etan gene horien bi kopiak espresatzen direla. Lupusa duten gaixoetan, berriz, bi kopiak espresatzeko joera handiagoa dela ikusi dute. Hala, ikertzaileen hipotesia da emakumezko guztiek guztiz isildu gabeko X kromosomadun linfozito batzuk dituztela, osasuntsuetan linfozito horiek gutxiengoa direla, eta gehiago direnean arazo autoimmuneak sor daitezkeela.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia