}

'Elhuyar solasaldiak' hitzaldi-zikloa COVID-19a eta pentsamendu kritikoa aztertzeko

2021/03/25 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hitzaldiak apirilaren 14tik maiatzaren 12ra izango dira, asteazkenero, Usurbilgo Sutegin eta streaming bidez arratsaldeko 18:30ean usurbilkultura.eus eta zientzia.eus webguneetan. Solasgai aizango dira hitzaldien ardatz: COVID-19aren korapiloak, pentsamendu kritikoa, zaintzaren auzia, ekonomiaren berreeraikuntza ekologikoa COVID-19aren osteko gizartean eta adimen artifiziala hizkuntzan.

 

elhuyar-solasaldiak-hitzaldi-zikloa-covid-19a-eta-
Arg. Elhuyar

Pandemiak gizartearen hainbat arlotan izan duen eragina gizarteratzeko xedez, “Elhuyar solasaldiak” hitzaldi-zikloa antolatu dute Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek elkarlanean. Ekimenaren aurkezpena gaur egin da, Usurbilgo Potxoenea Kultura Etxean. Bertan izan dira Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea, Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, eta Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko Zientzia unitateko koordinatzailea.

Zientzia herritarrengana hurbiltzeko Elhuyarrek abian jarritako Zientziakide egitasmoaren barnean kokatu behar da hitzaldi-zikloa. Zientziakideren xedea da zientzia eta gizartea elkarrekintzan jartzea, horretarako ikerketa eta berrikuntza arduratsua oinarri hartuta (RRI ingelesez, Responsible Research and Innovation). Zientziakidek, beraz, euskal zientzia-sistemaren eta gizartearen arteko zubi-lana egin nahi du, eta “Elhuyar Solasaldiak” ekimenak horretan sakondu nahi du.

Horretarako, 5 solasaldi antolatu dira, 5 asteazkenetan gauzatuko direnak, 18:30ean Sutegi kultura etxean presentzialki eta streaming bidez usurbilkultura.eus eta zientzia.eus atarietan. Hitzaldiak doakoka izango dira, baina Sutegira bertaratzeko aurrez izena eman beharko da usurbilkutura webgunean, indarrean dauden edukiera-mugak direla eta.

COVID-19a eta haren eraginak izango dira hitzaldietako mintzagai nagusiak, baina ez bakarrak. Hala, lehenengo hitzaldian, apirilaren 14an, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideak “COVID-19aren korapiloak deslotzen” hitzaldia emango du. Osasuna ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala dela kontuan hartuta, COVID-19ak agerian jarritako zenbait auzi izango ditu hizpide, ikuspegi mikrobiologikotik harago.

Bigarren hitzaldian, apirilaren 21ean, Maite Santxo Castiellok (gaztelaniaz) eta Miren Aranguren Etxartek zaintzaren gaiari helduko diote. Batetik, Matia fundazioa Usurbilgo Udalarekin lantzen ari den zaintza-ereduaren inguruko hausnarketa aletuko du Santxok, eta Arangurenek, berriz, Beterri-Buruntzaldean zaintzaren inguruan egin den azterketa aurkeztuko du.

Hirugarren solasaldian, apirilaren 28an, Agustin Arrieta Urtizberea EHUko filosofia irakasleak pentsamendu kritikoa izango du hizpide. Egungo gizartearen eraldaketa-prozesu azkar eta etengabean jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko pentsamendu kritikoa garatzeko beharraz ariko da. Pentsamendu kritikoak lagunduta, informazio partzialen eta interesatuen inguruan eta ebidentzietan oinarritutako informazioa eraikitzeko premiaz ariko da.

Laugarren saioan, maiatzaren 5ean, COVID-19aren ostean ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren aldeko hautu egin beharraz ariko dira Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria eta Arturo Elosegi Irurtia biologoa. Euskal Herriko laurehun zientzialarik baino gehiagok sinatutako "Ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren alde" gutun irekiaren egileak dira Begiristain zein Elosegi. Saio hau Ana Galarraga Aiestaranek gidatuko du.

Azken hitzaldian, maiatzaren 12an, Xabier Arregi Iparragirre EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkuntzan izango dute hizpide, eta, zehazki, landuko dute nola eman ikuspegi soziala gaiari. Gidaria Itziar Cortes Etxabe izango da, Elhuyar Hizkuntza Teknologiak unitateko koordinatzailea.

Usurbilgo Udalaren eta Elhuyarren arteko lankidetza

Usurbilgo Udala Elhuyarreko bazkidea da, eta patronatuko kidea. Ez da berria, beraz, bi erakundeen arteko lankidetza eta harremana. 

COVID-19ak herritarren artean zientziaren ezagutza zabaltzeko beharra inoiz baino ageriago jarri duen garaiotan, lankidetza esparru hori solasaldi-sorta baten bidez gauzatuko dute Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek. Gizarte kritiko, aktibo eta berdinzalea lortzeko egiten du lan, besteak beste, Elhuyarrek, eta helburu horiek bere ditu, era berean, Usurbilgo Udalak.

Proiektuak FECYT, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia