}

Ehiztari-biltzaileen aroa ez da amaitu

2004/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aspaldi batean, gizon-emakumeek oihanean bilatzen zuten babesa. Han zuten bizitzeko behar zuten guztia; basoak ematen zien gordelekua eta janaria. Gaur egun, gizakiak beste iturri batzuetatik lortzen ditu behar dituen gaietako asko, baina, hala ere, basoetatik ere ateratzen du probetxua. Zuraz gain, ehiza, fruituak, eztia, perretxikoak, itzala eta aire garbia daude basoan, besteak beste. Eta horien bila joaten da oraingo gizon-emakumea oihanean barrenera.
D. Solabarrieta

Zuraren ustiapena da baso-ekoizpenik garrantzitsuena, horrek baitu pisu gehien ekonomikoki. Alderdi horretatik begiratuta, ehizak ez du hainbesterainoko garrantzia, baina, gizartean duen oihartzunari erreparatuz gero, ehiza basoan egiten den jarduera nabarmenetako bat da eta ondo errotuta dago Euskal Herrian.

Lehen, ehiza animalia-jatorriko proteinen iturrietako bat zen, eta, bide batez, baita animalia basatien kopurua mugatzeko modu eraginkorra ere, bestela, landa-eremuetan kalte handiak eragiten baitzituzten. Orain ez dago haragi faltarik, eta soroak eta ganadua babesteko beste modu batzuk badaude. Hala eta guztiz ere, ehizaren jarduerak ez du indarra galdu. Nafarroan adibidez, 32.000 ehiztari daude. Horrek esan nahi du 18 eta 65 urte bitarteko populazioaren ia % 10ek duela ehizatzeko baimena, eta ehunekoa are handiagoa da landa-giroan.

Ehiza aspaldiko jarduera da.
Idahoko unibertsitatea

EAEn, azken urteetan baimen gutxiago eman dira. Beherakada hori presio zinegetikoa handia izatearen eta ehizaki gutxi egotearen ondorio da. Hala ere, hektareako ehiztari gehien duen Europako lurraldeetako bat da EAE. Eskatzen diren baino baimen gutxiago ematen direnez, ehiztari askok beste lurralde batzuetara joan behar izaten dute baimena lortzera.

Ehiza larria, ehiztarien gutizia

Basoetan ehizatzen diren animalia gehienak handiak dira. Baso itxietan, basurdea da jaun eta jabe, eta, gainera, bere jabegoa sendotzen ari da azkenaldian. Nekazari asko kexu dira kalteak eragiten dituelako, eta, populazioa kontrolatzeko asmoz, gero eta basurde gehiago ehizatzen dira. Adibidez, 1980ko hamarkadan, urteko 400 bat basurde ehizatzen ziren EAEn, eta gaur 2.000 alera iritsi da ehizatutako basurde-kopurua. Beste hainbeste ehizatzen dira iparraldean, eta Nafarroan, berriz, ia halako bi.

Basurdea basoen jaun eta jabe da, eta bere jabegoa sendotzen ari da azkenaldian.
Wildpark Rolandseck

Ehiza larriaren beste adibide bat oreina da. Espezie hori ere asko ugaritu da azkenaldian, ez duelako harraparirik eta horrek ugaltzeko aukera eman diolako. Baina, orein gehiegi daudenean, basoak ez dauka guztientzat lekurik, eta, ondorioz, hainbat animalia gosez hiltzen da. Horrelakoetan, Gorbeiako Parke Naturalean kasu, animalia ahulenak edo gaixoak akabatzen dituzte dentsitatea gutxitzeko. Beste zenbait tokitan, ehiztariek laguntzen dute animalia-kopurua mugatzen.

Iparraldean, 1978an egin zen oreina eta orkatza ehizatzeko plana. Plan horren helburua bi espezie horien populazioak kontrolatzea da. Urtean 80 orein eta 2.000 orkatz ehizatzen dira, eta, hala ere, orkatzen kopurua % 30 emendatzen da urtetik urtera. Hegoaldean ere azkenaldian orkatza ugaritzen ari da eta ehizatzeko lehen baino baimen gehiago ematen ari dira.

Nahiago bat eskuan, hegan milaka baino

M.M. Elosegi

Hegaztiak eta, oro har, ehiza xehea, ez da basoan ehizatzen normalean, baizik eta zuhaitzik gabeko eremu irekietan eta laborantza-lurretan. Besteak beste, eperra, erbia, untxia eta galeperra ehizatzen dira soroen inguruan.

Bestalde, hegazti migratzaileen ehizari dagokienez, toki ona da Euskal Herria, hegaztiek Pirinioak zeharkatzen baitituzte beren bidean, eta han egoten dira ehiztariak, eskopetak tiro egiteko prest dituztela. Baina hori ere ez da basoko jarduera. Mendi gainetan basoa egotea gerta badaiteke ere, zuhaitzek mesede baino traba gehiago egiten dute; horrelakoetan, ehiza-postuak garaieran egiten dituzte.

Hala eta guztiz ere, espezie gutxi batzuk ehizatzen dira basoan. Horietako bat oilagorra da. Migratzean egiten duen bidean, oilagorrak basoetan hartzen du atseden. Basoetako landaretzak babesa eta janaria ematen dio, eta batzuetan egonaldi luze samarrak egitera behartuta egoten da, eguraldia oso txarra denean, adibidez. Orduan, ehiztariek ohi baino errazago ehiza dezakete, eta, beraz, mugak jartzen zaizkie ehiztariei. Bestela, oilagorra altxarazita ehizatzen da, bai udazkeneko eta bai negu-amaierako pasean.

Migratzean egiten duen bidean, oilagorrak basoetan hartzen du atseden.

Beste hainbat espezie ere ehiza daitezke basoan, baina balio gastronomiko edo sinbolikoa dutenak dira interesgarrienak ehiztarientzat. Gainerakoez inor gutxi arduratzen da. Esate baterako, batzuetan korbidoak akabatzeko lizentziak eskaintzen diren arren, ehiztariei ez zaie interesatzen. Beraz, batzuen iritziz, ehizaren aldekoek egiaren erdia bakarrik esaten dute ehizak espezieen arteko oreka gordetzen laguntzen duela diotenean.

Egia da basoa egoera onean egotea komeni dela ehizakiak izateko, eta, ikuspuntu horretatik, ehiza jarduera mesedegarria dela basoarentzat. Baina egia da baita ere interesatzen zaizkion espezieez bakarrik arduratzen dela ehiztaria.

Arkamurka

Eztabaida albo batera utzita, ehiza jarduera interesgarria izan daiteke landa-eremuetan diru-sarrerak osatzeko. Kuartangoko ehiza-esparrua, adibidez, nekazaritzaren osagarri garrantzitsu bihurtu da, eta beste hainbat tokitan ere ehizatik etekin ekonomiko handiagoa nola lortu aztertzen ari dira.

Perretxikoak: basotik platerera

Ehizarekin alderatuta, perretxikoak biltzeak pisu txikiagoa du ekonomikoki. Hala ere, aisialdiko jarduera garrantzitsua da Euskal Herrian. Gehienbat, norberak kontsumitzeko asmoz edo azoketan saltzeko biltzen ditu jendeak; hortaz, ez da erraza jakitea zenbat biltzen den eta zenbat diru ematen duen jarduera horrek. Dena dela, badirudi gero eta zale gehiagok jotzen dutela basoetara perretxikotara, eta, gainera, batzuek etekin ekonomiko polita ateratzen dute salmentatik.

Hainbat eta hainbat espezie biltzen dira kontsumitzeko asmoz, baina, ikuspuntu ekonomikotik, garrantzi gehien dutenak Boletus aereus eta Boletus pinicola onddo beltzak eta Boletus edulis onddo zuria dira. Batez ere pagadietan eta hariztietan hazten dira, eta udazken aldean biltzen dira. Urtetik urtera aldatu egiten da onddo-kopurua, eta adituek ez dakite oso ondo zein diren eragileak, nahiz eta denek onartu eguraldiak zerikusi handia duela. Boletus onddoak garesti saltzen dira azoketan; horregatik, norberak jateko adina biltzen da saltzeko asmoz.

Barroasiak kalte handia eragin du erlategietan. Argazkian ikusten den bizkarroiak sortzen du gaitza.
S. Bauer /ARS

Ondo saltzen den beste bat Lactarius deliciosus esnegorria da. Pinudietan hazten da, nola berezkoetan hala landatutakoetan. Euskal Herritik kanpo ere ospe handia du, adibidez Katalunian, eta komertzio-sareak sortzen ari dira azken boladan.

Esnegorria konifero-basoen espezifikoa den bezala, Russula sp. gibelurdinek batez ere zuhaitz hostozabalekin eratzen dituzte sinbiosiak. Calobyce gambosa udaberriko perretxikoa, aldiz, belardietan hazten da, oso toki zehatzetan; hori dela eta, perretxikozaleek sekretupean gordetzen dute non dagoen, beste inork har ez ditzan. Kontuan izan behar da azoketan garesti saltzen dela.

Merkaturatzen diren basoko fruituak landatutakoak izaren dira.
S. BAUER / ARS

Beste espezie asko ere biltzen dira, bai norberak jateko bai saltzeko, eta orain batzuk hasi dira onddoa duten zuhaitzak landatzen ere, boilurraren kasuan bezala. Horrek agerian uzten du basoko fruituren batek balio ekonomikoa hartzen duenean gizakiak landatzera jotzen duela, era basatian utzita baino errazago kontrolatzen baitu eta etekin ekonomiko handiagoa ateratzen baitio. Adibide garbiena txanpinoiak dira.

Fruituak eta eztia, basoaren opari gozoa

Txanpinoiekin bezala gertatzen da basoko hainbat fruiturekin: mugurdiak, ahabiak, marrubiak, masustak, basaranak, garangorriak, aranak... Jende askok biltzen ditu etxean jateko, baina merkaturatzeko asmoa dagoenean ohikoena landaketak egitea da. Sendabelarrekin ere beste hainbeste gertatzen da.

Fruitu lehorren barruan, garai batean garrantzi handia izan zuen gaztaina biltzeak eta merkaturatzeak. Alabaina, orain gaztainadiak nahiko utzita daude, gaztainondoek gaixotasunak izan dituztelako, eta baita bizimodua nekazaritza-girotik industria-mundura aldatu delako ere. Ohiko barietate asko galduta daude, eta merkaturatzen direnak nahiko nahasiak egoten dira. Azoketan oraindik salgai ikusten diren arren, gero eta gehiago dira Galiziatik ekarritakoak.

Bazkaz gain, basoak babesa eta geriza ematen die abereei.
IKT, S.A.

Zeharka bada ere, basoek ematen duten beste fruituetako bat eztia da. Eztigintzak ere indarra galdu du bizimodu-aldaketarekin, baina oraindik badaude erlauntzak basoetatik gertu. Nafarroan bakarrik, adibidez, 7.000 erlauntza inguru daude, gehienak mendi aldean, eta guztira 120 tona ezti ematen dute urtean. Bi tona argizari ere ematen dute, baina, eztia ondo merkaturatzen den arren, ez da gauza bera gertatzen argizariarekin, polenarekin eta erregina-jelearekin.

Erleak eremu basatietan eta landatuetan aske ibiltzen direnez, erlezainek ez dute ezer ordaintzen basoa erabiltzeagatik, noski. Gainera, erleek laboreak polinizatzen ere laguntzen dutenez, gizarteak oro har ontzat hartzen du eztigintza.

Basoan barrena

Ondorengoek ere goza dezaten, ezinbestekoa da arrastorik utzi gabe ibiltzen saiatzea.
X. Azkue

Basotik ez da aprobetxatzen bakarrik handik ateratzen dena; barrura sartzea ere izan daiteke aprobetxatzeko modu bat. Ikusi besterik ez dago basoa zertarako erabiltzen duten abereek udan. Bazkaz gain, itzala, hezetasuna eta freskura lortzen dute abereek basoan sartuta: ardiek, behorrek, txerriek, behiek... denek eskertzen dute basoaren babesa eta geriza.

Gaur egun basoetan abere asko ibiltzen ez badira ere, zenbait kasutan kaltea eragitera iristen dira. Ahuntzak bereziki gaizki ikusita daude, zuhaitz gazteak eta kimuak jaten dituztelako, ondorioz, toki batean gehiegi badaude, basoa soiltzea eragin dezakete. Antzekoa gertatzen da behi edo ardi gehiegi pilatzen direnean, baina, oro har, ez dute kaltea sortzeko bezainbesteko presioa eragiten basoan.

Basoan sartzearekin bakarrik gozatzen duen beste espezie bat gizakia da. Zaila da basoan arrastorik utzi gabe ibiltzea, baina hurrengoek ere goza dezaten ezinbesteko baldintza da hori. Begi-bistakoa dirudien arren, baldintza hori ez da betetzen behar bezainbeste, eta mendizaletasunak eta aisialdiko beste erabilerek kalte nabarmenak eragiten dituzte basoan: zaborra nonahi, basorako sarbideak autoz gainezka, zarata, bideen eta malden higadura...

Hala ere, aisialdian basora jotzeak alderdi onak ere baditu. Zenbat eta jende gehiagok ikasi basoa maitatzen, orduan eta gehiago egongo dira basoa babesteko eta zaintzeko ahalegina egiteko prest.

Basoak, energia-iturri?

Lehen, enbor txikiak, adaxkak, zuhaitzen azalak eta abarrak sutarako erabiltzen ziren. Baso-inguruko herri tarrek biltzen zuten material hori, etxerako, eta batzuek egur hori saltzen ere egiten zuten lan. Hainbat tokitan oraindik gordetzen da jarduera hori, eta eragin handia du basoan, zuhaitz gaixoak eta kaskarrak kentzen direlako.

Sutarako biltzen dena alde batera utzita, gizakiak oso gutxi aprobetxatzen du basoaren baliabide hori. Zenbaitetan, konposta egiteko eta lorezaintzarako biltzen da, baina, eskuarki, basoan bertan gelditzen da, onddoen eta bizidun ugariren mesederako. Horrek zuzenean dirurik ematen ez duenez, zenbaitzuk egin dituzte kalkuluak erregai moduan erabilita zenbateko balioa izango zukeen jakiteko. Hala, basoetan usteltzen uzten den egurra erreta, Nafarroako etxeek behar duten energiaren % 8 lortuko litzatekeela kalkulatu du Nafarroako Gobernuak. Haien ustez, aukera hori gutxiegi ustiatzen da.

Nolanahi ere, sastraka eta abarrak energia lortzeko erabiltzeak baditu arriskuak. Izan ere, orain sastraka dena etorkizunean baso bihur daiteke, eta dena errez gero basoari berritzeko aukera kentzen zaio.

Perretxikoak biltzearen arriskuak

Badirudi perretxikoak biltzea modan jarri dela. Gero eta jende gehiago joaten da basora perretxikotara, eta hori arriskutsua izan daiteke. Arkamurka Natur Taldeko mikologia-sailekoen iritziz, zenbat eta jende gehiago ibili, orduan eta arrisku handiagoa dago perretxikoak gaizki hartzeko eta, ondorioz, hifak kaltetzeko. Hori dela eta, zenbait lekutan perretxikoak galtzen ari dira.

Hala ere, perretxikoen galeran bestelako faktore batzuk ere eragiten dutela uste dute Arkamurkakoek. Azken urteotan, kostaldean lehen baino perretxiko gutxiago daudela ikusi dute; galera hori bai kopuruan bai espezie-barietatean antzeman dute, eta arrazoia ez da jendeak gehiegi edo gaizki bildu dituela. Kasu horretan, klima-aldaketak eta poluzioak nolabaiteko eragina dutela susmatzen dute.

Edonola ere, beharrezkoa iruditzen zaie ikerketak egitea egoera zein den jakiteko, bestela ezin baitaiteke jakin baten bat galtzeko arriskuan dagoen ala ez. Horretaz gain, perretxikoak nola, non, zenbat eta zein espezie bildu kontrolatu beharra dagoela uste dute; hortaz, perretxikoak biltzeko araudia ezartzearen aldekoak dira.

Kontuan izan behar da perretxikoak, nonahi badaude ere, bereziki hosto galkorreko basoetan hazten direla, are gehiago itxiak badira. Baso horiek hezeak dira, eta tenperatura konstante samarra dute. Gainera, materia organiko ugari metatzen da oihanpean, eta hori da, hain justu, perretxiko gehienek behar dutena elikatzeko eta hazteko. Bide batez, perretxikoek materia organikoa mineralizatzen dute. Horregatik, ezinbestekoak dira elikagaien zikloa osatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia