Elhuyar zientziaren komunikazioa

Edzard Ernst Medikuntza alternatiboaren aztertzailea

"Zientziaren eta pseudozientziaren artean luze egon ondoren, bada garaia egia esateko"

2011/09/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bizitza osoan izan du gertu Edzard Ernstek medikuntza alternatiboa. Batzuetan, erabili izan du, eta, beste batzuetan, baztertu. Garai batean, zalea izan zen, eta, une batetik aurrera, oso begi kritikoz begiratu dio. Baina inoiz ez du ihes egin gai horretatik, eta hori denon mesederako da, gogoz aztertu baitu medikuntza alternatiboa zientziaren ikuspuntutik. Orain, erretiratzeko asko falta ez duenean, Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua aurkeztu du, Simon Singh idazlearekin batera "egiari buruz" idatzitako liburua.

edzard-ernst-zientziaren-eta-pseudozientziaren-art
Arg. Iñigo Ibañez
Beti interesatu zaizu medikuntza alternatiboa?

Bai, medikuntza-mota horrekin hazi nintzen. Familiako medikua homeopata zen, nahiko homeopata ospetsua Alemanian. Gure aita eta aitona medikuak ziren. Eta badakit gure aitak homeopatiarekin tratatu ohi zituela pazienteak. Eta, ia kasualitatez, medikuntza- fakultatetik irtendakoan homeopatia-klinika batean lortu nuen lehen lanpostua. Han ikasi nuen teknika batzuen alde praktikoa, homeopatiarena batez ere, eta alde egin nuenean, urte eta erdi geroago, teknika horien zale handia nintzen. Noizean behin erabili izan ditut nire jardunean.

Homeopatiak ez duela funtzionatzen konturatzean, ez zinen mundu horretatik urrundu, baizik eta aztertu egin zenuen homeopatia ikuspuntu zientifikotik. Zergatik?

Nire pertzepzioa zen homeopatiak funtzionatu egiten duela. Oraindik ere esaten dizut homeopatiak funtzionatzen duela. Ez dago zalantzarik. Baina zientifikoki aztertzen hasi nintzenean, galdera bat sortu zitzaidan: zergatik funtzionatzen du? Erremedio homeopatikoa zientifikoki ez da oso sendoa; ez dago azalpen zientifiko bat homeopatiak funtziona dezan. Beraz, galdera zen: eragiten al du homeopatian zientifikoki ulertzen ez dugun zerbaitek, edo, bestela, nolatan hobetzen da pazientea homeopatarekin egon ondoren? Gero ikerketa asko egin ziren (ez guk bakarrik; mundu osoan, homeopatiari buruzko 200 ikerketa eta proba kliniko inguru daude gaur egun). Eta oso argi azaldu zen azken bi hamarkadetan erremedio homeopatikoa plazeboa dela, eta homeopatarekin izandako topaketa terapeutikoak funtzionatzen duela. Psikoterapia txiki bat bezalakoa da, eta pazienteari lagundu egiten dio. Izan ere, plazeboaren kontrako probak egiten badituzu, emaitza negatiboa da. Eta egiten baduzu behaketa-azterketa bat, homeopatek oso gustuko dutena, kontrol-talderik erabili gabe, frogatu daiteke pazienteen %70 hobetzen direla tratamendu homeopatikoa jasota (horiek dira zenbakiak, gutxi gorabehera). Baina horrek ez du zerikusirik erremedioarekin berarekin.

Zuk zeuk erabaki zenuen homeopatia eta beste teknikak zientifikoki aztertzea ala talde batek lagunduta egin zenuen?

Vienan nengoen, eta sail bateko burua nintzen. Baina ez nengoen batere gustura Vienan. Behin, NewScientist aldizkaria irakurtzen ari nintzen gogo handiz, eta artikulu baten azpiko iragarkiak ere irakurri nituen. Eta han ikusi nuen Exeterko Unibertsitatea medikuntza osagarriko katedra sortzeko irakasle baten bila zebilela. Beraz, atlasa hartu nuen, eta begiratu nuen non ote zegoen Exeter, eta iruditu zitzaidan toki interesgarria zela. Nik eta emazteak oso gustuko dugu Ingalaterran bizitzea. Beraz, erabaki nuen postua eskatzea.

Arg: Iñigo Ibañez

Aukera zenuen han nahi zenuen bezala lan egiteko?

Medikuntza alternatiboko lehen irakasle-postua zen. Niretzat argi zegoen zer behar zuen medikuntza alternatiboak, ordura arte inork ez baitzion aplikatu zientzia modu serio eta sistematikoan esparru horri. Eta oso-oso esparru zabala da. Baina kontratua sinatu nuenean konturatu nintzen haiek dirua lortu zutela emaile batengandik, eta ni irakaslea izatea nahi zuten, ez ikertzailea. Paperaren gainean, eskolak eman behar nituen eta jendea hezi. Nik ezetz esan nien. Ezin nuen horrelakorik egin. Ez nintzen ona horretan; ez zen nire espezialitatea, ezta nire helburua ere. Eta haiek erantzun zidaten bazekitela ikertzailea nintzela, eta ikertzaile izateko kontratatu nindutela. Kontratua paper-puska bat besterik ez zela. Eta nahi nuena egiteko aukera eman zidaten.

Hitz egin dezagun liburuari buruz. Nola elkartu zinen Simon Singh idazlearekin?

BBC katea medikuntza alternatiboari buruzko programa bat egiten ari zen. Eta ni nintzen haien aholkularia. Lau zati zituen programak, eta haietako bat akupunturari buruzkoa zen. BBCkoek gidoia erakutsi zidaten, testu osoa, baina ez irudiak.

Simonek programa ikusi zuen, eta kexatu egin zen BBCra. Esaten zuen oso engainagarria zela. Telefonoz deitu zidan, eta esan zidan: "Nola onar dezakezu hori? Ikusi al duzu? Ez dago ondo; ikusleak nahasten ditu". Eta erantzun nion bera bezain kezkatuta nengoela ni. Eta nire laguntzarekin, kexu bat bidali zuen BBCra. Hasieran, kexua errefusatu zuten, baina, azkenean, onartu egin zuten. BBCk akatsa zuzendu behar izan zuen. Hein handi batean, Simon eta biok elkartu ginen eztabaida bat izan genuelako. Gero, aurrez aurre egon ginez, eta oso ondo moldatu ginen. Hark interes handia zuen medikuntza alternatiboan, eta begi-bistakoa zen hori izango zela haren hurrengo liburua. Elkarrekin liburu bat egitea proposatu zidan, eta nik ezetz erantzun nion. Ez nuen liburu bat egin nahi.

Ezagutzen zenuen aldez aurretik?

Ez nekien zein zen. Ez nekien best-sellerrak idatzi zituenik. Oso tipo atsegina zen, eta gustuko nuen. Eta oso ondo konpontzen ginen, baina banekien oso zaila eta erronka handia izango zela gai polemiko bati buruzko liburu bat beste norbaitekin batera idaztea. Ikuspuntu desberdinak izango genituen, nahiz eta antzekoak izan. Horregatik erantzun nion ezetz. Baina hark ez zuen etsi. Konbentzitzeko gaitasun handia du. Googlen bilatu, eta hari buruzko informazioa irakurri nuen. Asko pozten ninduen halako pertsona batek nirekin liburu bat idatzi nahi izateak, eta baietz esan nion, saiatuko ginela. Baina ez bazuen ondo funtzionatzen edo ikuspegi desberdinak bagenituen, bertan behera utziko genuen liburua. Beraz, saiatu ginen eta funtzionatu egin zuen.

Zure ustez, liburua iritsiko da espero duzuen publikora, edo bakarrik jadanik konbentzituta dagoen jendearengana?

Galdera ona da hori, gauean loa eragozten didan galdera. Azken batean, nire bizitzaren azken bi hamarkadetan zubiak eraikitzen saiatu naiz zientziaren eta medikuntza alternatiboaren artean (antizientzia edo pseudozientzia). Orduan, Simon etorri zen eta esan zidan liburua idazteko. Bera ez da pasatu besteen ikuspuntua ulertzen saiatzeko prozesutik. Bere ikuspegia ez da batere tolerantea petrikiloekin, iruzurtiekin eta plazeboarekin eta horrelako gauzekin. Beraz, liburua erradikalagoa geratu da nik bakarrik idatzi izan banu baino.


Arg: Iñigo Ibañez

Bestalde, bi munduen artean luze egon ondoren, bada garaia egia esateko. Eta liburu hau egiari buruzkoa da. Horregatik, pozik nago liburua erradikala delako. Nik ez nuke idatziko hain liburu erradikala, garrantzitsua iruditzen baitzait sinestunak direnetara iristea. Garrantzitsua da, baina agian ezinezkoa. Ia hogei urtez eztabaidatu dut "egia ebangelikoaren" sinestunekin, eta konturatu naiz ezin zarela haiengana iritsi; ezinezkoa baita. Pertsona horiek arrazoizko argudioekiko immune dira.

Plazebo-efektuaren alde etikoari buruz ere hitz egin nahi dugu. Oso efektu indartsua da. Bilatu beharko genuke plazeboa erabiltzeko modu etiko bat?

Badugu plazeboa erabiltzeko modu etiko bat. Ni plazebo-efektuaren zale handia naiz. Mediku on batek ahalik eta gehiena egin behar du plazebo-efektua areagotzeko. Horrek ez du esan nahi plazeboa preskribitu behar duzunik, baizik eta tratamendu eraginkorra eman behar duzula homeopata batek egiten duen bezain modu enpatikoan --10 minutu baino gehiago pazientearekin, komunikazio handiarekin, sinpatia handiarekin--. Horrela plazebo-efektua eragingo duzu. Hori gertatzen ari da mediku onekin etengabe eta toki guztietan.

Baina, bestalde, hori dena ulertu baduzu, eta argudioari buelta ematen badiozu, konturatuko zara pazienteari plazebo hutsa ematean iruzur egiten ari zarela. Kliniko moduan, engainatzen ari zara pazientea. Gainera, plazeboaren efektua ez da fidagarria. Ez du asko irauten. Eta garrantzitsua dena, ez da etikoa pazientea nahastea hau esanez: "Erremedio homeopatiko honek lagunduko dizu, badakidalako lagunduko dizula". Plazebo batekin egiten baduzu, erremedio homeopatiko batekin adibidez, pazienteari gezurra esaten ari zara. Ez zara egia esaten ari. Eta gezurra esatea ez da etikoa. Duela 50 urte zilegi zen gezurra esatea, baina gaur egun argi dago ezetz. Medikuen eta klinikoen arau etikoek diote egia esan behar zaiela pazienteei. Beraz, ez da etikoa, ez da fidagarria eta ez da beharrezkoa.

Edzard Ernst
Medikuntza osagarriko katedrako lehen postua hartu zuen Edzard Ernst medikuak, Exeterko Unibertsitatean. 1948an jaio zen Wiesbadenen, Alemanian, eta medikuntza alternatiboa ikasi, aplikatu eta ikertu du zientziaren ikuspuntutik. Haren ibilbide profesionala, hain zuzen, horretara bideratu du, medikuntza-mota horren eta zientziaren arteko harremana aztertzera eta indartzera. Eta ospe handia iritsi zaio Simon Singh idazlearekin batera Trick or Treatment liburua argitaratu zuenetik. Elhuyar Fundazioak euskaratu du liburu hori, Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban , eta Ernst bisitan izan da Euskal Herrian liburua aurkezten.
Kiropraktikoen auzia
Edzard Ernst-ek eta Simon Singh-ek elkarrekin idatzi zuten Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua, eta, liburura argitaratzearekin batera, hainbat artikulu idatzi zituzten egunkarietan. The Guardian -en argitaratutako batengatik Singh epaitegietara eraman zuten. Ernstek oso gertutik bizi izan zuen hura:
"Egun horietan zen urte hartako Kiropraktikoen Astea. Simonek esan zuen kontaktu on bat zuela The Guardian egunkarian, eta artikulu bat idatziko zuela haientzat. Zirriborroa bidali zidan gainbegiratzeko, eta Simonek artikulua bueltan izan behar zuen ordu-erdi batean. Irakurri nuen, eta iruditu zitzaidan ondo zegoela, objetiboki ez zuela akatsik. Abokatuek ere esan zuten ondo zegoela. Baina kiropraktikoek Simon salatu zuten artikuluarengatik.
Oso gaizki sentitu nintzen, benetan gaizki. Sentitzen nuen ez zutela Simon salatu, Simon eta biok baizik. Izan ere, sentitzen nuen Simon salatu zutela ni salatu nahi nindutelako; borroka asko izan baititut kiropraktikoekin. Ez dut nahi jendea kiropraktikoengana joatea, eta horrek kexu asko ekarri zizkion nire unibertsitateari, eraso gehiegi, eta edozer gauza egin zuten pertsonalki niregana iristeko.
Beraz, artikulua ikusita abokatuengana joan ziren, eta abokatuek esan zuten sala zezaketela, eta irabaz zezaketela. Oso gaizki sentitu nintzen, Simonek eta biok banatu egin baikenituen liburuaren irteerako lanak; gerta zitekeen niri egokitzea artikulu hura idaztea. Nik ez nuke idatziko esaldi polemikoa Simonek idatzi zuen bezala, zientzialari batek ez baitu esaten '[kiropraktikoek] nahita sustatzen dituzte gezurretan oinarritutako tratamenduak'. [Ingeleseko jatorrizko esaldia " they happily promote bogus treatments " da, eta happily hitzaren anbiguotasunak ekarri zuen arazoa, "nahita" edo "inuzenteki" adierak hartzen baititu ingelesez, aurrerago Ernstek azaltzen duen bezala].
Nik honela idatziko nuke: 'Nahiz eta aurkakoaren frogak egon, ondo frogatu gabeko tratamenduak sustatzen jarraitzen dute'. Ezin izango zuten hori salatu. Baina nire esaldia ez zen hain ona izango publikoak ulertzeko. Harena hobea da, baina salatuta izateko posizioan utzi zuen. Epaiketa ez zen izan kasuari buruzkoa, artikuluaren esanahiari buruzkoa baizik. Nahiko prozesu konplexua da Ingalaterran. Epaileak begiratu zuen, eta interpretazio okerrena eman zion Simonek idatzitakoari. Haren arabera, esaldiak zioen kiropraktikoek "nahita" proposatzen zituztela tratamenduak. Simonen arabera, aldiz, "inuzenteki" esan nahi zuen. Bi esanahiak izan daitezke.
Horrek guztiak urte-erdi bat eraman zuen, gutxi gorabehera. Kostu legal izugarria zuen. Eta Simonek apelatu egin behar zuen, eta hori ere oso konplexua da. Lehendabizi baimena lortu behar zuen kasua berriz irekitzeko, Ingalaterrako [Apelazio Gortearen] hiru epailek emanda. Haiek ondorioztatu zuten Simonek ez zuela esan nahi lehen epaileak interpretatu zuena, eta, ia egun berean, Kiropraktikoen Elkarte Britainiarrak kendu egin zuen salaketa.
Uste dut Simonek 50.000 libera galdu dituela, baina kasua irabazi du. Nire heroia da, eta jende askorena ere bai, lortu duenarengatik. Eta prozesu horren gauzarik garrantzitsuena da zientzian, kazetaritzan, idazkuntzan eta abarretan interesa duen jende asko bildu zuela, Ingalaterrako libeloa aldatzea nahi duen jendea. Hori da Simonek lortu duena; libeloa Britainia Handian aldatzear dago. Eta dena da Simoni esker. Lorpen handia da. Nirekin hasieran hitz egin zuten abokatu britainiarrek esaten zuten gizon bakar batek ezin duela legea aldatu. Eta orain egin daiteke. Gizon handi baten lorpena da."
Roa Zubia, Guillermo
3
278
2011
9
017
Medikuntza alternatiboa; Medikuntza; Elkarrizketak
Elkarrizketa
20
5.0/5 rating (2 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia