}

Duela 41.000 urte neandertalek hildakoak hobiratzen zituztela baieztatu dute

2020/12/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

duela-41000-urte-neandertalek-hildakoak-hobiratzen
1970eko hamarkadan aztarnategian bildutako materialean aurkitu dituzte haur neandertalaren beste 47 fosil. Arg. Antoine Balzeau / CNRS/MNHN

La Ferrasie 8 deitutako gizkiaren fosilen azterketan oinarrituta, ikertzaileek baieztatu dute duela 41.000 urte La Ferrasie aztarnategiko neandertalek (Dordoina, Frantzia) bazituztela hileta-errituak eta hildakoak hobiratzen zituztela.

Hiletaren inguruko praktikek aztarna garrantsitsuak ematen dituzte gizaki modernoaren gaitasun kognitiboen eta portaeraren jatorria ulertzeko. Azken urteotan, eztabadaigai izan da neandertalek hildakoak hilobiratzen ote zituzten edo hileta-errituak ote zituzten. Orain, La Ferressien egindako azterketak baieztatu du ikertutako banakoa hobiratua izan zela, nahita zulatutako hobi batean. Horrez gain, testuinguru arkeologikoari buruzko informazio ugari bildu dute ikertzaileek.

Scientific Reports aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta Asier Gomez Olivencia EHUko paleontologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da egileetako bat. Hain zuzen, lehen ere ikertu ditu La Ferrasieko fosilak. Artikuluan gogorarazi dutenez, La Ferrasiekoa neandertalen aztarnategia esanguratuenetako bat da. XX. mendearen hasieran, sei hezurdura aurkitu zituzten, eta beste bat, 1970eko hamarkadan. Azken horri La Ferrasie 8 deitu zioten, eta bi urte inguruko haur batena da. Hezurdura horren aurkikuntza eta testuingurua oro har gaizki dokumentatuta zeudela uste zuten, baina, aztarna eta informazio pila bat jaso zuten, eta oraingo azterketak emaitza baliotsuak eman ditu.

Diziplina eta iturri desberdinak erabilita, jakin dute, besteak beste, haurraren eskeletoa mendebalderantz okertuta zegoela (inguruneko beste geruza estratigrafikoak ipar-ekialderanzko malda dute). Ikertzaileen esanean, ez dago diferentzia hori azalduko duen inolako hipotesi naturalik; hau da, neandertalek nahita prestatu zuten zuloa. Gainera, geruza berean aurkitu diren bisonte baten eta beste belarjale batzuen hezurrak baino hobeto kontsertatuta daude; horrek adierazten du hil eta berehala lurperatu zutela.

Helduen hezurdurak osorik dauden arren, haurrenei hezur batzuk falta zaizkie; baita La Ferrasie 8ri ere. Hainbat hipotesi eman dituzte hori azaltzeko, baina ez dute ebidentzia nahikorik ondorio sendo bat izateko. Edozein modutara, karbono-14aren bidez zuzenean datatu dute hezurretako bat, eta 41.000 urte inguruko antzinatasuna duela frogatu dute. Hala, datazio zuzena duen neandertal berriena bat da, eta, gainera, Saint-Césaire eta Grotte du Renne aztarnategietako neandertalen garai berekoa (biak Frantzian). Hori guztia lagungarria da hobeto ezagutzeko noiz desagertu ziren neandertalak eta zer portaera kultural eta adierazpen sinboliko zituzten

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia