}

Doogie, super saguari adimenarekin zerikusia izan dezakeen genea txertatu diote

1999/09/26 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Lehen begiratuan sagu arrunta dirudi. Kaiolan dagoela, inguruak usaintzen ditu, barroteetan gora egiten du, jartzen diotenari gogoz egiten dio kosk, lo egiten du…. Laborategira daramatenean gauzak aldatu egiten dira, jartzen dizkioten proba guztiak erraz gainditzen baititu, gero eta errazago, aurretik ikasitako guztia berehala gogoratuko balu bezala. Doogie da, Estatu Batuetako Massachusetts-eko Teknologia Institutuko super sagua.

Doogie , jaiotzez sagu arrunta zen, besteak bezalakoa. Zientzialari-talde batek beretzat hartu zuenean, ordea, bizitza aldatu egin zitzaion. Zientzialariek ADN-an aldaketak eragin zizkiotenez gero, burmuineko neuronen erreakzioak ere desberdinak izaten hasi ziren. Beraz, Doogie, adimenez, gainerako saguak baino sagu azkarragoa da. Saiakuntza horietatik ondorioak ere atera dituzte ikerlariek. "Lortu ditugun emaitzen arabera, badirudi ugaztunen burmuineko ezaugarrietako batzuk —adimena eta memoria— aldatzea posible izan daitekeela".

Ikerketako ondorioen iragartzeak eskandalua sortu du. Izan ere, adimenaren jatorri genetikoa eztabaida handia sortzen duen gaia da, besteak beste arrazakeria-salaketak egiteko aukera sortzen baita.

Adimenaren kontzeptua bera ere arriskutsua suerta daiteke, hainbat ezaugarrirekin lotzen delako; batzuk ulertzen zailak dira —sormena adibidez—, eta beste batzuk zehatzagoak —arazoei aurre egiteko gaitasuna esate baterako—. Honetan guztian, hala ere, argi honakoa geratu da: adimenak, genetikoa izatekotan, gene asko hartuko lituzke bere baitan.

Gainerako saguak baino azkarragoa da Doogie , hori ere argi dago. Beraz, saguekin egin dena gizakiekin egiterik balego, zientzialariek ikerketa-lerro honetatik gizakientzat ondorio onuragarriak etor daitezkeela uste dute. Beraiek diotenez, ikasteko zailtasunei eta oroimen-arazoei aurre egiteko terapiak garatu ahal izango lirateke, Alzheimer-a barne. Horregatik ikerlariak dagoeneko jarri dira harremanetan ikerketa finantza dezaketen enpresa farmazeutikoekin.

Super saguarekin egiten ari diren saiakuntzen ondorioak haratago ere iritsi dira; arazoak konpontzeaz gain, dagoena —edo etor daitekeena— hobetzeaz hitz egiten baita, hau da, teknika osasuntsu daudenen errendimendua hobetzeko erabili ahal izango litzateke, edo beren ondorengoena hobetzeko. Asmo handinahiak, duda barik. Dena den, Doogie -ren kasuak, argi esan behar bada, oraingoz ondorio bakarra izan du, oroimenaren ikerketan beste aurrerapauso batzuk egiteko aukera ematen baitu.

Nola sortu dute Doogie ?

Hasieran esan bezala, Doogie sagua —sagu-enborra hobeto esan—, ez da txiripaz sortu, plangintza sakonaren emaitza baita. Azken hamarkadan neurofisiologoek NMDA izeneko molekula ikertu dute. Substantzia hau burmuineko zeluletako adar luzeen ertzetan egoten da. NMDA substantziak ondoko zelulek bidalitako seinale kimikoei erantzuten die; baina bere zelularen seinale elektrikoa ere jaso behar du, hori gerta ezean ez baitu erantzuten. Zientzialariek uste dutenez, NMDAk oroimena osatzearekin zerikusi handia du, nahiz eta fenomenoa nola gertatzen den ez dakiten. NMDArekin saiakuntzak egitean, ikerlariek blokeatuz gero laborategi-animaliek oroimena eta ikasteko gaitasuna galdu egiten dutela egiaztatu ahal izan dute.

Azken saiakuntza honetan, NMDArekin lan egiteaz gain, ikerlariak NR2B substantzia ere erabili dute. Substantzia hau NMDA molekularen osagaietariko bat da eta hipokanpoan dago. Jakina denez, hipokanpoan epe luzerako oroimena eratzen da, eta hipokanpoak bizitza handia du animalia gazteengan; helduengan, ordea, ez. Ikertzaileek NR2B substantzia sortzen duen genea sagu arrunten enbrioietan txertatu zuten; emaitza Doogie izenaz bataiatu zen sagu-enborra izan zen.

Sagu jaioberriei adimena neurtzeko hainbat azterketa jarri zizkieten: kaxa batera sartu eta beste barik deskarga elektrikoak eman, kanpaitxoak jotzen zuenean deskarga elektrikoa berriro eman… kaxan sartu orduko edo kanpaitxoa entzuten zuten orduko beldurra nabaritzen zitzaien. Sagu arruntek, berriz, ez zuten ikasi. Indarkeria gutxiagoko probak ere egin zituzten saguekin. Plastikozko bina jostailu jarri zitzaien aurrean, saguak jostailuak aurrean edukitzera ohitu ziren arte. Gero, bat aldatu zuten, eta super saguek jostailu berriarekiko arreta berezia erakutsi zuten; arruntek, aldiz, lehengoan jarraitu zuten.

Doogie saguentzat balio duenak, balioko al du gizakientzat? Hori da ikerlarien kezka nagusietako bat. Ikerketa egin dutenen arabera, gizakien NMDA molekula beste animalia askoren NMDA molekula bezalakoa da —saguak barne—, eta hortaz burmuinean duen zeregina ere berbera izango dela pentsa omen daiteke. Hori horrela izanik ere, Massachusetts-eko Teknologia Institutuko ikerlari-taldeak ez du giza geneekin saiakuntzak egiteko asmorik —besteak beste, legez debekatuta dagoelako—. Dena den, NR2B molekularen jarduera indartu dezaketen botikak onargarriak direnez, dagoeneko gene honekin saiakuntzak egiteko patentea eskatu dute.

Super saguak egin badira, noizbait egingo al dira super umeak? Oraingoz galderak ez du erantzunik, saiakuntzatik ezin baita animalien adimena eta gizakiena berdinak direnik ondorioztatu, ezta adimenaren oinarri genetikoa bakarra denik ere. Beraz, Doogie -ren irakasgai bakarra? Badirudiela adimena —neurri batean behintzat— zerbait biologikoa dela. Batek daki zenbateraino den biologikoa, baina sagu hauek gure geneek oroimena eratzeko eta adimena eratzeko zer demontre egiten duten ikasteko bidean aurrerapauso garrantzitsua izan daitezke.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia